Kode irekiko bideojokoak, eta euskaraz. Hemen hiru proposamen.
Botere handiko enpresak daude bideo-joko ezagunen atzean, baina badira bideojoko komunitateak sortutako tituluak ere. Horiek hartu ditugu hizpide Game Erauntsia saioan, eta euskaraz daudenak errepasatzeko aprobetxatu dugu: 0 A.D., Re-Volt maitatuaren RVGL Project eta Velo.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Jatorri aldetik denetariko proiektuak aurki daitezke bideojokoen munduan: Sony, Microsoft eta Nintendo erraldoien AAA jokoak izango dira ezagunenak, baina joko independente txikiek ere sekulako indarra har dezakete. Hor ditugu, esate baterako, Minecraft zein Vampire Survivors. Bideojoko profesionalez gain, baina, zaleen komunitateak sortutako lanak ere badira. Horietan sakondu nahi izan dugu oraingoan; zehazki, kode irekiko proiektuak probatzeari ekin diogu. Hauetan, zaleak taldeetan bildu eta rol desberdinak hartzen dituzte, edonork nahi bezala eraldatu eta hobetu ahal dituen bideojoko txiki bezain interesgarriak osatzeko.
Horri esker, gainera, itzultzaileentzat erraza izaten da bideojokook norbere hizkuntzara lokalitzatzea. Saioan aurkeztu ditugun hiru bideojokoak, beraz, euskaratutakoak dira: 0 A.D. eta Re-Volt maitatuaren RVGL Project aspalditik joka daitezke gure hizkuntzan, baina Veloren apartaren euskaratzea orain gutxi burutu du Game Erauntsia Elkarteak.
Albistegian pozteko berriak entzungo dituzu. Izan ere, horrenbeste entzuten den Steam Deck eskuko ordenagailua erosteko itxarote zerrendak desagertu egin dira: itxaron gabe erosteko aukera dago orain. Ez hori bakarrik: bere dock gailua ere salgai jarri dute Valve- koek.
Xbox Game Pass harpidetza zerbitzua ere hainbatetan aipatu izan dugu irratsaioan. Bideojokoak ezagutzeko eta jokatzeko tresna honek milioika jokalari erakartzea lortu du; hori bai, orain arte ez ditugu Microsoft-en zerbitzuaren irabazien daturik jaso. Guzti hori aldatu egin da Bethesda erraldoiaren erosketari esker —edo horren erruz, ikuspuntuaren arabera—.
Bukatzeko, arestian aipatutako Vampire Survivorsera ere itzuli gara; izan ere, 1.0 bertsioa kaleratu da jada, eta horren berritasunak aztertu ditugu. Horrez gain, bideojoko arrakastatsuaren ibilbideari begira ere jarri gara.