IRRATIA

Musika argitaletxe berria jaio da Euskal Herrian: Oskarbi

Iruñerrian sortu eta txoko guztietara zabaldu nahi dute musikaren inguruan duten ikuspegia Oskarbi argitaletxekoek. Zazpikotea dira, baina harreman sarea zabaltzea ere bada haien nahia, horrela ulertzen dutelako kultura bertako kideek. Niko Leonardo eta Antonio Iriarterekin izan dugu elkarrizketa.

Iruñerrian sortu den Oskarbi argitaletxeak euskal artistei ahotsa eman nahi die.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Argitaletxe berria sortu dute gazte ekintzaile batzuk, Oskarbi deiturikoa, eta beren ‘ume txikia’, lehendabiziko aldizkaria, kaleratu berritan MusikHaria saioan izan dira proiektua aurkezten Niko Leonardo erredaktorea eta Antonio Iriarte zuzendaria. «Ingeniaritza guztia martxan jarrita, diseinatzailearekin eta maketatzailearekin ados lan handia egin ostean, kaleratu dugu», esan digu Iriartek. Iruñeko Herriko Tabernan edota harpidetza eginda eskuratu dezake nahi duenak Oskarbi argitaletxearen aldizkaria. Harpidetza nola egin eta xehetasun gehiago beren sare sozialetan jarri dituzte Oskarbikoek.

«Kulturaren aktibismoa garatzea da gure asmoetako bat argitaletxearen sorrerarekin. Musika, literatura eta ilustrazioan dabilen jende gaztearen bozgorailua izatea da gure nahia eta horretarako sortu dugu argitaletxea». Bi hizkuntzatan, euskaraz eta gazteleraz, osatuko dute bi hilean behin kaleratuko den aldizkaria, beren inguruko errealitateari begira egindako hizkuntza hautua izan da hori. «Musikari buruzko informazio osatua eta sakona ematea da gure nahia aldizkariarekin. Dena dela, ez gara aldizkarira mugatuko eta Skabidean taldearen diskoa Oskarbik kaleratuko du. Horrez gainera, Iruñera etorri den Yemengo gazte baten bizitza latza kontatuko duen liburu ilustratu bat ere kaleratzeko asmoa badugu», kontatu digute Oskarbiko kideek.

Zazpi lagunek osatzen dute lantaldea, hiru ilustratzaile eta lau erredaktore dira egun Oskarbi aurrera eramaten dabiltzanak. «Gu zazpioz aparte, kolaboratzaileak ere baditugu; oraingo honetan bi agertu dira eta bat finkoa izango dugula esan dezakegu. Guztiak ere musikaren mundutik datozenak izango dira», esan digu Antonio Iriarte zuzendariak.

Diseinuan zuria eta beltzaz gainera, kolore horiaren aldeko hautua egin dute: «Itxurari, irudi korporatiboari eta sareetan erabili dugun koloreari garrantzia eman diogu. Diseinatzaileak horia maite zuelako aukeratu genuen horia, ongi geratzen delako, baina izan daiteke aldizkari bakoitzean kolorea aldatzea», aipatu digu Niko Leonardok.

Musikari eta musikari buruzko informazio duina ematea da beren nahia. «Ez dugu internetetik hartutako informazioa erabili eta paperera eraman. Taldeekin harremanetan jarri gara, taldeekin landutako lana argitaratuko da edota benetako liburuetatik jasotako informazioa bildu eta landuko ditugu artikuluak, Oskorriren kasuan egin bezala. Gogoko ditugun taldeei buruzko informazioa eskuratzen saiatu gara, egiazkotasuna bilatu dugu eta hori eraman dugu paperera. Erreportajeak mimoz eta ongi lantzea da gure nahia», kontatu digu Iriartek. «Ez gara idazle finenak izango, baina informazioa ahalik eta modu onenean biltzen saiatu gara, merezi duen garrantzia ematen saiatu gara, fidagarritasun maximoa izan dezala», gehitu du Niko Leonardok.

Urtean 24€ kostako da harpidetza, bidalketa gastuak eta inprenta gastuei aurre egiteko erabiliko dena, inongo irabazi asmorik gabe: «Jende profesionala behar du kulturak alor guztietan, baina gu ez gara profesionalak eta maite dugun zerbait egitearren sortu dugu. Gastuak tapatzea da asmoa, zulorik ez egitea eta mozkinik aterako bagenu, beste proiektuei babesa emateko erabiliko dugu. Ezin dugu produktu profesional bezala aurkeztu, nahiz eta mimoz egiten dugun». Hutsune bat betetzera ote datozen galdetuta, ezetz esaten digute Oskarbiko kideek: «Daukagun ibilbidea ikusita, musikaren munduko berri eman dezakegula uste dugu. Reggae eta skin munduko fanzineak edota Gaztezulo esaterako hor daude, baina gure musika erreferentziak askoz ere zabalagoak dira eta hori guztia sartu nahi izan dugu aldizkarian. ZETAk, Galtzagorriak, Roba Estesa, Zoo edota Oskorri sartu ditugu lehen alean, ideia bat egiteko. Guztien nahasketa egin nahi dugu eta guztiek lekua izatea».

Reggae eta skaren bueltan sortutako harremana da Oskarbi argitaletxeko kideek beren artean dutena. Hala, lehen kolaboratzaileak Ion Celestino eta Andoni Ellis dira. «Musikak harremanak egiteko aukera eman digu, ez da soilik oholtzan gertatzen dena eta kito. Hartara, gure ‘umetxoaren’ parte izatera gonbidatu ditugu musikari esker ezagutu ditugun horiek. Pantx Recordsekoekin, esaterako, azkenekoz egon ginenean frontenisean aritu ginen eta ez musika kontuetan», aipatu digu Leonardok.

Bi hilabetez behin kaleratuko dute aldizkaria eta datorrena abuztu bukaerarako etorriko da. «Lau gara testuak idazten ditugunak eta bakoitzak bizpahiru erreportaje idatziko ditu, horretarako konpromisoa hartu dugu eta datetan fin ibiltzea da gure asmoa», esan digu Niko Leonardok. Esan digutenez, kolaborazioetarako irekiak daude Oskarbi argitaletxeko ateak: «Ibilbide zabala dutenei edota idazteko grazia dutenei ateak zabalik utziko dizkiegu, noski. Bidali ditzatela testuak eta ziur tokia egingo diegula, izan ere gure asmoa sarea zabaltzea da, sortzaileen arteko harremanak lantzea garrantzitsua da guretzat», nabarmendu du Antonio Iriarte zuzendariak.

Argitaletxearen izena nondik datorren galdetuta, ez daukate argi Oskarbiko sortzaileek: «Oskorri zaleak ginen, oskarbi hitzak badu antzekotasunik, garai hartako talde bat ere bazen… Baina izenaren soinua da gustatu zitzaiguna eta horrek maitemindu gintuen. Oraindik ez diogu zentzurik eman, baina emango diogu denborarekin». Euskarazko musikak plaza berri bat irabazi du Oskarbi argitaletxearekin.