Zuzenean

«Gurekin lan egiten duen orori esaten diogu Iturramako instituan sortutako talde bat garela»

Hilabete batzuk pasa dira Skabidean taldeak ‘Hiri zahar zikina’ kaleratu zuenetik. Kontzertua izango du larunbat honetan, eta zuzenean emango du NAIZ Irratiak. Hona hemen aurrez eginiko elkarrizketa .

Audio_placeholder

«Gurekin lan egiten duen orori esaten diogu Iturramako instituan sortutako talde bat garela»

Loading player...
Hamar urte eta hamar taldekide ditu Skabideanek. Hamarreko kontzertua eskaini nahi dute urriaren 22an Totem aretoan.
Hamar urte eta hamar taldekide ditu Skabideanek. Hamarreko kontzertua eskaini nahi dute urriaren 22an Totem aretoan. (SKABIDEAN)

The Pogues taldeari omenaldi moduan jarri diozue izena disko berriari. Kontua da, nondik sortzen da ideia?

Antonio Iriarte: Bada, egia esan, dena hasi zen Global Musik irratsaioan The Pogues jarri nuenean. Maite Bidarte lankideak esan zidan berak iazko Zinemaldian haien inguruko dokumental bat ikusi zuela, Jhonny Depp agertzen dena, eta bost taldekide joan ginen ikustera. Tasiok, abeslariak, galdetu zuen iraupenaren inguruan eta, bi ordu eta erdi eta ingelesez zela esatean, damutzen hasia zen. Imanol lokartu egin zen dokumentala ikusten, baina abestia gustatu zitzaion eta hortik gutxira entsegu salara etorri zen eta skinhead reggae estiloan abestia moldatzea iradoki zuen. 

Iruñea bada pixka bat hiri zahar zikina edo?

Nikolas Leonardo: Guretzat izan da, ezta? Ohitu gara batetik bestera ibiltzen eta pandemian bestelakoa izan zen dena… Ez da ez zaharra ez zikina, baina momentua izan zen.

A.I.: The Dubliners taldearen kanta da izatez eta haiek aipatzen dute nola beren hiria bihurtu zen hiri zahar zikin horretan, industriagatik eta abar. Bada, guretzat, Iruñea COVID garaian hala bihurtu da, hiri-herri oso txikia delako nahiz eta kanpotik polita dirudien, baina sentsazio hori eduki genuen. Alde zaharrak badirudi eskaparate bat dela, oso polita jarri dutelako, baina Arrosadia, Berriozar… industriaz beteta daude. Mendiek inguratzen dute Iruñea, baina azpian dagoena industria da, ez dago parkerik.

Zein unetan dago Skabidean?

N.L.: Orain oso une polit batean, ezta? Oso lanpetuta gabiltza gauza asko prestatzen ari garelako. 

A.I.: Nik uste dut buelta bat ematen ari garela guztiari eta ez musikalki bakarrik. Talde bezala ulertzen ari gara talde barruan ere sortu daitezkeela bestelako proiektu kultural batzuk. Hortik sortu da Oskarbi argitaletxea, aldizkaria, dokumentala… 

Esan duzue une gozoa dela eta Hatortxuko edota San Fermin Txikietako irudiek hori baieztatzen dute. Milaka lagun zuekin batera. 

N.L.: Ez da jende kopuruagatik izan hainbeste, baina bai bertaratu direnek izan duten jarreragatik. Guretzako berria izan da Algortan jende asko gerturatu, dantzatu eta abesten ikustea. Kontzertu bakoitzean klima oso polita izan dugu eta oholtza gainean asko gozatu dugu.

A.I.: 2019a garrantzitsua izan zen, The Black Birds bateratu zirelako ‘Izaera’ diskorako. Orain ikusi duguna da jarraitzaileak ditugula etxetik bi ordutara. Txosnetan askotan gertatu izan da jendea badagoela, baina ez kontzertuari arreta jartzen. Guk, ordea, lortu dugu kontzertuak irauten dituen ordu eta laurdenean gurekin eta gure musikarekin jendea disfrutatzen ikustea.

N.L.: Hatortxuko kontzertuan beldurrez ginen orduagatik, goizeko 3:00ak zirelako. Ni, esaterako, larunbatean ez nintzen ordu horretaraino iritsi. Guretzako ere oso zaila da kontzertu bat defendatzea ordu horretan, baina segituan konektatu genuen publikoarekin. Jende asko zegoen kontzertuaren esperoan eta Antonio eta biok sofan botata ginen nagiarekin… Baina lehen abestitik sekulakoa izan zela esango dugu.

Indar berria bilatzeko, lehendik dituzuen gauzetan arakatzen duzue gehiago edota gauza berriei begira jartzen zarete?

A.I.: Nik uste dut atzera begiratu behar dela aurrera egiteko eta hori mantendu dugu. Jendearentzako ez da hain berezia, baina guretzako gure taldea ‘la hostia’ da eta pila bat maite dugu. Beti gaude nola institutu batean sortu zen guztia, hamabost urte genituenean, 10 urte daramatzagula… gutxinaka joan gara bidea egiten. Ez dugu sekula eztanda egin eta orain ere ez gara ez Zetak, ez Izaro. Guk beti begiratzen dugu atzera, dena gure kontura egin dugula ikusi eta horrek sekulako indarra ematen duelako. 

N.L.: Hasi ginen filosofia batekin eta proiektu berriak sortzen diren bakoitzean atzera begiratzen dugu, nondik gatozen ez ahazteko. 

A.I.: Gurekin lan egiten duen orori esaten diogu Iturraman sortutako talde bat garela, institutuan, eta astun samarrak gara, baina hori da gure sorburua. Sekulako zortea izan dugu Iturraman ikasi dugulako, Nafarroan institutu berezia izan delako beti, bai politikoki oso aktiboa izan delako baina oso kritikoak izateko aukera ere eman digulako. Gainera, beste eskoletan kontzertuak lotzeko eta arazoak baino ez zituzten izaten eta Iturraman guztiz kontrakoa gertatzen zen, beti erraztasunak eman zizkiguten eta urtean bi kontzertu izaten ziren. Gu bertara iritsi ginenean ikusi genuen lehendabiziko gauzetako bat izan zen nola errepidea mozten zuten eta polizia etortzen zen, Ikasle Abertzaleaken bilerak eta gero Pottoka Punk taldearen kontzertua. Urte oso kañeroak bizi izan genituen.

N.L.: Nahastu dira Iturramako garaia, Skabideanen garaia eta nerabezaroa. Hiru faktore horiek bonba bat izan dira.

Nabaritu duzue taldea helduagoa dela disko hau egiterakoan?

A.I.: Musikalki gu ez gara trebeak eta gu biok… a ze bi! Jendeak uste badu guk ondo jotzen dugula, joan dadila soinu froga batetara eta entzun gaitzatela bakarka ari garen momentuetan. Zortea izan dugu baxu-jotzaile oso onak izan ditugula, tronboia jotzen ere bikainak izan dira, Lorena eta Idoiak oso ondo abesten dute… 

N.L.: Antonio orain ari da tronpeta ikasten, kar-kar.

A.I.: Soinua ateratzen diot eta gutxi gehiago. Gauza da kantuak ez direla erokeria bat, erritmoa jarraitu eta gutxi gehiago. 

N.L.: Ez ditugu sekulako adornuak jotzen, baina gure lana ondo egiten dakigu. Eta bakoitzak bere muga musikalak non dituen ere badakigula uste dut.

Roots estiloa aipatu duzue, zuek ere sustraietara jo duzue ’Sortetxeari’ kantuan. Nafar gazteek jotarekin atxikimendua betidanik izan diote edo berreskuratzen ari da kontua?

A.I.: Nik uste dut jota beti giro politiko bati, UPN alderdiarenari lotu izan zaiola, prozesioan ere abesten da… Iruñetik beherako zerbait bezala ikusi da. Nire aitonari jota zen gehien gustatzen zitzaion musika estiloa. Esan dezakegu nolabait ere adiskitzen ari garela eta zortea izan dugu Fermin Balentzia bezalako jendea edukitzeaz, jota euskarara eraman duelako eta nafar guztion zerbait bilakatu duelako.

N.L.: Nik uste dut euskal folklorea hartu eta berritzea jarri dela modan. Talde askok egin du eta Iruñean gertatzen ari den mobida handi horrek nik uste dut honekin zerikusia duela. Beti egon izan den baliabide bat izan da eta erabili gabe egon dena orain berriz berpiztu den arte.

Ari zarete zuen musika gehiago hedatzen, Nafarroatik irtenaz, hori izango zen helburuetako bat, ezta?

A.I.: Donostia, Gasteiz eta Bilbo potenteagoak izan dira beti musikari dagokionez eta Iruñea bazterrean geratu izan da pixka bat. Barricada egon da, baina gutxi gehiago. Orain badirudi fokua Iruñerrian jarri dela eta ari garela Euskal Herri osora mugitzen 2018tik hona. Nafarroan, gainera, zailtasun ugari izaten dugu kontzertuak antolatzeko. Iruñetik bera oso zaila da gauzak antolatzea, Iruñetik gora plaza taldeek betetzen dituzte oholtza gehienak eta Iruñerrira mugatzen da kasik eszena.

N.L.: Hemengo txosnetan ez da Gipuzkoakoetan bezala. Adibidez, Debara asko joaten gara eta bertan badute karpa bat ia urte guztian jarrita kontzertuak antolatzeko. Edonork zerbait egin nahi badu, ekimenak aurrera ateratzea errazagoa da.

A.I.: Iruñeko Sanferminetan ez da txosnarik ere egon. 

Asteon 10. urteurren kontzertua emango duzue eta hor hartuko duzue juergarako lizentziaren bat?

A.I.: Beno, ea nola bukatzen dugun. Bi orduko kontzertua eskani nahi dugu, egun guztian bueltaka ibiliko gara, dokumentalaren estreinaldia eta afaria izango dira bezperan… Ez dakit gorputza nola izango dugun gauerditik aurrera dantzan aritzeko.

N.L.: Urriaren 22ko asteburuan ekitaldi sorta izango da. Ostiralean, hilaren 21ean, Iruñeko Herriko Tabernan grabatzen ari garen dokumentalaren estreinaldia egingo dugu eta, larunbatean, 22an, 20:30ean, Atarrabiako Totem aretoan, Skabideanen ibilbidea ospatuko dugun kontzertu berezi bat emango dugu. Sarrerak 5 euroren trukean jarri ditugu eta bakan batzuk geratzen dira. Ezin dutenek bertaratu, NAIZ Irratiaren bidez jarraitu ahal izango dute emanaldia.

Urriaren 22koaren zain geratzen gara. Diskoa erosteko moduan online pentsatzen dut, ezta?

N.L.: Diskoak, kamisetak…

A.I.: Dokumentala ere bai DVD formatuan, lau hilabete daramagula Ekiñe eta Jonekin batera. Gainera, NAIZeko harpidedunek urriaren 23an NAIZen webgunean ikusteko aukera izango dute.

Jaurlaritza Logoa