Zuzenean
'Panpin hautsien dantza' kaleratu berritan animatu da 'Beste bat' saioak egitera Hatxe (Oiartzun, 1988). Modu oso bitxian osatu du bere lehen saioa eta gainerakoak ere horrela egiteko asmoa du printzipioz. 'Bandcamp' webgunean sartu, jendearen bildumatan kuxkuxeatu eta kantuak bere motxilan sartuz osatu baitu lehen saioko kantuen zerrenda.
Hatxek kontatu digunez, bere azken lana «modu intuitiboan» atera da. «Lehendabizi soinua etortzen da, pianotik etortzen da dena eta musika delikatua gustatzen zait. Eta gero hori hitzekin jantzi dut oraingoan» aipatu digu oiartzuarrak. Abestietako batek atentzioa eman digu, oso euskalduna den erritmoan egin duelako, zortzikoan. «Urte askotan euskal dantzetan aritu naiz, erritmoa hor dago. Folkloreari lotuta dagoenari ez zaio arraroa egiten zortziko bat entzutea, baina musika modernoagoa egiten duenari, ez bada jazzean, arrotzagoa egiten zaio» adieraz digu Hatxek.
Urte asko piano ikasketak gauzatzen pasa ostean, albora utzi zuen pianoa. «Karrera hasi eta instrumentuari berriz ere heldu nionean ez nintzen gogoratzen partiturez eta horrek haserretu egin ninduen, frustrazioa sortu zidan», kontatu digu musikariak. Hartara, berriz ere gerturatu eta adiskidetu ostean hasi da bere ibilbide berrian. Espazioan eta denboran kointzidentzia bat eman zen eta 'Mikelazulo'k prozesu horretan izan duen garrantzia nabarmendu du Hatxek. «Inork juzgurik egin ez eta libre sentitze horretan, berriz ere jolasean hasi eta gozatzen hasi nintzen. Aurreko bagajea hor dago teknikari dagokionez eta abar, zalantzarik gabe, baina orain ari naiz gozatzen musikaren sorkuntzan» azpimarratu du musikariak.
'Mikelazulo' programazio kultural 'underground' handia izan duen tokia da, sortzaile askoren elkargune izan dena eta mende laurdenetik gora martxa doana. Belaunaldi desberdinak pasa dira bertatik eta trantsizio moduko batean dagoela ere kontatu digu oiartzuarrak.
'Panpin hautsien dantza' EPak 4 kantu biltzen ditu eta labur izatearen arrazoia, abesti gehiago grabatzeko dirurik ez edukitzea izan da. Kontzertuak dira diru-iturri bakarra Hatxe proiektuarentzat eta musika estilo honetan ez da hain erraza emanaldi asko izatea. Gainera, pandemiaren ondorioz, bertan behera ere geratu zaizkio aurkezpen emanaldiak. 60 minutuko ikus-entzunekoa da 'Panpin hautsien dantza' aurkezten duena eta haren lagin bat grabatzea erabaki zuten, mostra modura.
«Zuzeneko 60 minutu horietan dena elkar lotua dago, bidaia moduko bat egiten da eta toki itxietarako pentsatuta dago. Hasi eta bukatzen den emanaldia da, txaloentzat ere tarterik ez duena. Kontzertua bera exijentzia handikoa zela uste genuen musika honetara ohituta ez zegoen jendearentzako, baina ikusleen erantzuna oso positiboa izan zen San Agustinen egindako aurkezpenean» nabarmendu du Hatxek.
Baina gauza gehiago ere kontatu dizkigu MusikHaria saioan eta guztiak entzuteko moduan dituzue hemen bertan, elkarrizketa martxan jarrita. Datorren ostiralean itzuliko da Hatxe Naiz Irratiko uhinetara, ea zer nolako 'Beste bat' egiten digun oraingoan. Bitartean, Mukuru plataformaren bitartez ere eskuratu daiteke 'Panpin hautsien dantza' lana.