IRRATIA

Narrastien antzera ‘azalberritzen’ ari dira Markeztarrak

Bosna kantu egin dituzte Esti eta Mikel markez aita-alabek elkarlanean egindako diskoan. Estiren debutekoa, Mikelen hamabigarrena. Aitaren aurreko diskoan hartu zuen parte Estik eta orain bere bideari ekin dio, aita bidelagun izan duela.

Esti eta Mikel Markez, ‘Azal berritzen’ diskoan lagun izan dituzten musikariekin. (NAIZ)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Elkarrekin ez, elkarlanean egin dute ‘Azal berritzen’ diskoa eta hori da nabarmendu nahi izan duten gauzetako bat Esti (Aia, 1999) eta Mikel (Errenteria, 1971) Markezek. Bakoitzak bosna kantu idatzi ditu eta beste hainbat idazleren testuekin jantzi dituzte.

Pako Aristi, Joseba Sarrionandi, Jon Maia, Alaia Martin edota Toti Martinez de Lezea izan dira kantuetan entzun daitezkeen hitzen egileak. Kantuetarako, berriz, Julen Alonso, Eneritz Aulestia, Ane Bastida, Iker Lauroba, Arkaitz Miner eta Olaia Intziarteren kolaborazioak izan dituzte. Batzuk pisu gehiago izan dute, besteek gutxiago. Orain, zuzenekoetara laukotean joango dira Alonso eta Minerrekin batera.

Narrastiek nola, heurek ere azal berritzea egin dute, nolabait ere erreleboaren adierazle izan daitekeelako disko hau. «Argi utzi nahi dugu bakoitzak bere aldetik egin dituela kantuak eta elkarren kantuetan parte hartu dugula, baina konponketak egiterakoan eta abar denon artean egin ditugu, eta hor Arkaitz Miner eta Julen Alonsoren eskua ere badago», esan digute Markeztarrek.

«Bitxia da nola ‘Oroitzapenek esnatu naute’ kantua bere bidea egiten ari den. Hasiera batean ez neukan diskoan sartzeko asmorik, baina aitak baietz eta azken unean sartu genuen. Julen Alonsok pianoan dotore lagunduta, gainera. Kontua da nahasketak egitera eraman genuenean, han segituan esan zigutela ea hau zen aurrerapen kantua. Eta atzetik jende gehiagok ere gauza bera esan zigun», kontatu digu Esti Markezek. Mikelek gaineratu du nola askotan uste dugun «asko dakigula musikaren inguruan eta ez daukagu ideia zipitzik ere. Kantuaren bidea ez dugu guk egiten, entzuleek baizik, eta bakoitzak berea egiten du».

Diskoaren diseinua Concetta Probanzak egin die eta bakoitzaren bost kantuak ongi desberdindu dituzte hitzekin eta ilustrazioekin osatutako liburuxkan. Bideoklipen atalean berriz, Iker Aranguren 18 urteko gazteak egin du Esti Markezena, «Aiako, nire herriko txokorik politenetako batean». Mikelena, berriz, Toti Martinez de Lezearen semeak, Aritz Albaizarrek egin du amaren hitzak irudiekin jantziaz.

MusikHaria saioan egindako elkarrizketan gauza gehiago ere kontatu dituzte Esti eta Mikel Markezek, umoretsu eta aldarte onean. Diskoa eskuratzeko berriz, ‘Merch & roll’ web orrialdearen bitartez edota haien sare sozialetan eskaria eginaz daukazue aukera.