Zuzenean
Gertu dituen hainbat joan zaizkio halabeharrez Mikel Urdangarini aurreko diskoa atera zuenetik, tartean ama. «Bi urte luzez egon gara amaren izena ahotan hartu ezinda etxekoak. Ordainagiriekin zetozen gutun-azaletan bere izena irakurtzeko ezgauza sentitu naiz ni neu denbora luzez. Eta, orain, izen-abizenak ozen abesten ditut kantu batean», kontatu digu Mikel Urdangarinek.
Alemania iparraldeko irletan, zuhaitz baten azalean markatutako itsasontzi bat ikus daiteke ‘Izurdeen lekua’ diskoaren aurreko aurpegian. «Gizakiak egindako zauri bat nola sendatzen den erakusten digu itsasontzi horrek batetik, eta, bestetik, itsasoaren metafora hori ere barnebiltzen du bere baitan», nabarmendu du zornotzarrak.
Kantuaren izena, berriz, konfinamendu osteko dei baten atzetik etorri da. «Kantua eginda neukan, baina Ondarruko lagun harren deiak hitzak jarri zizkion doinuari. Izurdeak ikusi zituela Ondarroa parean eta harriduraz deitu zidan. Harridura segituan ulertu nuen zergatik zen. Ez zen izurdeak ikusi zituelako, haiek aurretik ere han izango ziren. Gu ginen gure tokitik kanpora geundenak izurderik ere ikusi gabe», hori da Urdangarinek egiten duen gogoeta.
Leku hori berreskuratzen ari gineneko uneak irudikatu dituzte diskoari izena ematen dion kantuko bideoklipean. Oinutsik beren bidea egiten ari direnen ibilaldia ikusten dugu bertan. Diskoaren inguruko beste hainbat kontu ere aipatu ditu MusikHaria saioan egindako bisitan Urdangarinek. Kantuen hitzen egileak, diskoaren nolakotasuna, konposatzeko modu berria… Patxadaz eta mimoz kontatu dizkigu guztiak.
Abenduko bi data ere iragarri ditu, 4an Azpeitiko Soreasu Antzokian izango da eta 26san Bilboko Euskalduna Jauregian. Bitartean, *Zart kooperatibaren webgunean eta ohiko dendetan daude disko fisikoak eta baita plataforma digitaletan ere. Barneko korapiloak askatu nahi dituenarentzat botika aparta ‘Izurdeen lekua’.