Zuzenean

Iker GURRUTXAGA

Mikel Urdangarin: «Kultura prestigiatu behar dute erakundeek, tamalez hori diruarekin egiten da»

Mikel Urdangarin zornotzarrak 'Musikharia'-ri egin dio bisita. Irrifarrez eta umoretsu, ohituta gauzkan bezala. Berari ere eragin digio krisi honek, besteak beste,  2 urtez prestatu duen Arriaga Antzokiko kontzertua bertan behera geratu da eta ez du uste aukera egongo denik kontzertu berezi hori gerora egiteko. Bere abesti kuttunen zerrenda ekarri digu, baina bere ibilbideari eta egungo egoerari ere tartea egin diogu.

 

Audio_placeholder

Mikel Urdangarin: «Kultura prestigiatu behar dute erakundeek, tamalez hori diruarekin egiten da»

Loading player...
Piano aurrean orduak pasatzen ditu konfinamenduan ere Mikel Urdangarinek.
Piano aurrean orduak pasatzen ditu konfinamenduan ere Mikel Urdangarinek.

Ez da unerik onena artista baten bizitzan, are gutxiago erabat musikari eskaintzen diozunean zure ogibidea. Mikel Urdangarinek (Zornotza, 1971) argi esan digu, «bizitza errazagoa da zein hauskorrak garen jabetzen garenean, libreago gara. Batzuetan labaindu egiten gara, baina bizitzak honezkero erakutsi digun hori hobeto ez ahaztea». Bizi dugun egoeraren ikasgaia, gogoan izatekoa izango da aurrera begira, beraz.

Hitzetik Hortzera saioan gitarra eskuan zuela ezagutuko genuen askok Mikel Urdangarin, bazkalosteko kafeari jarritako sorta abestuz. Bertsolari munduan zebilen garaian, «baina ez ninduen sorgindu kontatzen zenak, kantuek sorgindu ninduten, bertso doinuek» eta gaur egun oraindik ere hartatik baduela esan digu musikari zornotzarrak Musikharian.

Koronabirusa gainditu berritan, abesti kuttunenak errepasatzean, aipatu digu Leonard Cohen ikustekoa zela Bilbon, baina gaixotu egin zela eta hura ikusi gabe gelditu behar izan zuela. Oraingoan, Cohenen tokian eragin dio pandemia batek. Koronabirusa dela-eta, Arriagan eman beharreko kontzertua bertan behera geratu zaiolako. «Bi urte eta erdi eman ditut kontzertu hori prestatzen, baina, tamalez, ez dut uste posible izango denik Arriagan izatea. Agenda betea dute eta ez da izango tokirik kontzertua bertan eman ahal izateko», esan digu Urdangarinek.

Artistek bizi duten egoera ez dela batere ona esanda, «Erakundeek prestigioa eman beharko diote orain kulturari. Ikusgarritasuna bai, baina dirua ere beharrezkoa izango da horretarako. Izan ere, tamalez, oraindik dirua da gauza guztiei prestigioa ematen diona» nabarmendu du. «Hori bai, erabilera ona eginda eta elkarren arteko sarea sustatzea da bideetako bat, horretarako eskumena eta ahalmena dutenak kultura egiten dutenekin bilduta», gaineratu du Urdangarinek.

Kantu kuttunen zerrenda, gure Spotifyko kontura gehitu dugu, eta, nola ez, zuentzako prestatu. Kantu mardulak eta patxadaz entzutekoak, Mikel Urdangarinen fonotekakoak.

Jaurlaritza Logoa