IRRATIA

Hogeitik gora talde batu dira 'Uzta Nafarra' izeneko ekimenera

Iruñerriko taldeak dira eta gehienak hasiberriak. Sare sozialen garaian, haiek baliatuz, beren burua ezagutarazteko ekimen bat garatzen dabiltza egunotan. Hartara, guk MusikHaria saiora gonbidatu ditugu egiten ari direnaren berri emateko.

Goiko irudia erabili dute sare sozialetan ekimena iragartzeko.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


«Elkarrekin indartsuagoak gara» lelo aski ezaguna bere eginda, Iruñerriko 20tik gora taldek #Uztanafarra eta #Etxekomusika traolak erabilita, sare sozialetan hainbat kantu zabaltzen ari dira.

Ekimenean parte hartu duten taldeek, batzuk besteen kantak hartu eta moldatu egiten dituzte. «Zorionez ez zaigu zaila egin adostasun batera iristea. Bakoitzak nahi zuen taldea aukeratu zuen, eta batzuk kantu propiorik ez dutenez, talde batzuk errepikatu egingo dira. Baina, finean, bakoitzak nahi duena egiteko aukera izango du» kontatu digu 'Baizera!' taldeko Mikelek.

Talde gehienak hasiberriak dira, nahiz eta esperientzia gehiago dutenak badauden tartean. Hartara, 'JahGoikoa eta ReggaeZarra' taldeko Iñigok argi utzi du zein den egoera: «jotzen gabiltzan zirkuitoa gaztetxe eta txosnetakoa da, aretoetan sartzea edota bestelako oholtzetan tokia egitea kosta egiten zaigu. Ekimen honekin gure burua ezagutarazi eta aukera berriak sortzea polita litzateke».

Baina hasiberria izateak ez du esan nahi kalitate gutxikoa denik. Uzta nafar honetan, fruitu ederrak topatu daitezke saskian. Estilo askotako taldeak eta sormena puri-purian dutenak. Ez galdu aukerarik eta egin kosk Nafarroako baratzeko uztari.