Zuzenean

Utopiaren inguruan hausnartu du Alba Garmendiak bere 'Etxeko lehioak unibertsora. Utopiak pentsatzeko marko bat' liburuan, Iratzar fundazioaren ‘Iparrorratza’ bilduma abiapuntu hartuta. Bere esanetan, gaur egun ere utopiek lekua dute, baina «utopiak ez dira beti desiragarriak, ezta ideologia bakar batenak ere».
Ikaztegietako alkate eta filosofiako doktore den Alba Garmendiak utopiaren inguruko azterketa sakona egin du azken urteotan, eta horren emaitza jaso du Iratzar fundazioaren bilduma batean argitaratutako saiakeran. NAIZ Irratian egindako elkarrizketan azaldu duenez, «gaur egun utopiak zer leku duen pentsatzea izan da liburuaren abiapuntua».
Azken urteetan distopiek hartu duten protagonismoaren aurrean, uste du badela berriro ere «etorkizun desiragarriak irudikatzeko aldarria», bai politikaren eremuan, bai irudimen kolektiboan. «Pandemiaren ostean distopiak nagusitu ziren, baina gero eta gehiago ari gara berriz ere utopiaren beharra aldarrikatzen», adierazi du.
Garmendiak azaldu duenez, liburuaren helburuetako bat izan da argi uztea «utopiak ideologia guztietan daudela, eta eskuin muturrak ere badituela bere utopiak». Horregatik, ohartarazi du utopia ez dela berez «ezkertiarra edo desiragarria»: «Horrek erakusten du zergatik behar ditugun ezkerreko utopiak, baina jakinda ez direla gure esklusiba».
Emozioak eta praktika politikoa
Telesforo Monzonen diskurtsoari buruz galdetuta, Garmendiak aitortu du hark izandako indarra goraipagarria dela, baina kritika puntu bat ere egin dio: «Agian azken urteetan gehiegi geratu gara emozioan eta ez diogu hainbeste erreparatu praktika politikoari. Ez dugu utzi behar utopiak politikaren ordez jardun dezan».
Haren ustez, utopiak askotan «babes edo ihesbide» gisa funtziona dezake, baina funtsezkoa da irudimen hori politikatik lantzea: «Etorkizun desiragarriak irudikatu nahi baditugu, egin dezagun politikatik; ez autopistan, ez beste mundu batean».
Liburuaren beste gakoetako bat da artearen eta politikaren arteko lotura aztertzea. «Eleberri utopikoetan oso garbi ikusten da gaitasun estetiko eta politikoen arteko zubia», azaldu du. Bere esanetan, «utopiak ez dira soilik tratatu politikoak; artearen eta literaturaren bidez ere bestelako gizarteak irudikatzeko tresnak dira».
Utopiaren erabilera eguneroko hizkeran ere aipatu du Garmendiak: «Askotan utopia hitza iseka gisa erabiltzen da, baina kontzeptua hori baino askoz konplexuagoa da». Hala ere, onartu du «seguruenik berak ere inoiz erabiliko lukeela» zentzu arinago batean.
Ikaztegietako alkate gisa duen eguneroko jardunean ere, utopiaren inguruko bere ikerketak nolabait lagungarri izan direla azaldu du: «Tesiaren berri izan zutenean askok esan zidaten orain pentsatutako utopiak praktikara eramateko garaia zela, baina ez da bide zuzena. Udalean egiten dena eta liburuan pentsatutakoa leku desberdinetatik datoz».
Azkenik, filosofiako ibilbideak eta ikerketek bere ikuspegia aldatzen lagundu diotela onartu du: «Hasieran neukan ideia hori bost urtez lantzen baduzu, ezinbestean aldatzen zaizu. Begirada konplexuago bihurtzen da».


