Zuzenean

Peli Lekuona | Aritz Santamaria

Zer iritzi dute iruindarrek Sanferminei buruz?

Iruindarrek San Fermin Txiki ate joka dutela, Iruñeko Udalak Sanferminei buruz egindako inkesta izan du hizpide Carlos Andres Urangak, Iruñeko Udaleko Garapen, Gazteria, Berritze eta Sustapen Ekonomikoa arloetako zuzendariak, NAIZ irratian: «Inkestaren emaitzak iruindar sentimenduaren isla dira». 

Audio_placeholder

Zer iritzi dute iruindarrek Sanferminei buruz?

Loading player...
Carlos Andres Uranga NAIZ irratian
Carlos Andres Uranga NAIZ irratian (NAIZ irratia)

2025eko Sanferminetan 1,8 milioi pertsona igaro ziren Iruñetik. Iraileko azken asteburuarekin ospatuko den San Fermin Txikin, ordea, ez da horrelako jende anda espero. Dena den, iruindarren egutegian data garrantzitsua da ere bai. San Fermin Txikiren bezperan Carlos Andres Uranga, Iruñeko Udaleko Garapen, Gazteria, Berritze eta Sustapen Ekonomikoa arloetako zuzendaria NAIZ irratian egon da, Sanfermin jaien inguran egindako inkestaren emaitzak aztergai. 

Urangak lehen esaldian inkestaren garrantzia nabarmendu du, «emaitzak iruindar sentimenduaren isla» direla esanez. Zehaztu duenez, iruindarrek hiriko jaiekiko duten atxikimendua «nahiko handia» da. Hala ere, inkestaren arabera, iruindarren %30a hiriburutik joaten da uztaileko aste ero horretan. Datu hori hizpide, Urangak «gehiengoak gertutik bizi» dituela azaldu du. 

Inkestagileek iruindarren pertzepzioaren inguruan galdetu dute, eta «Sanferminetako balore positiboak» islatu dira gehien bat. Urangaren hitzetan «jende askorentzat identitate ikurra dira», eta «belaunaldien arteko harremanak sendotzeko aukera ere», gehitu du. Izan ere, Iruñean gelditzen direnen artean, batez beste, 5,4 egunez ateratzen dira kalera.

Su artifizialak dira Iruñeko Udalak antolaturiko ekitaldien artean «erakargarritasun handiena» izan duena. Urangak zehaztu du Sanferminak izatez «nahiko herrikoiak» direla, eta «puntu bateraino anarkikoak ere bai». Beraz, «udaletxea existituko ez balitz, norbaitek piztuko luke txinparta jaiei hasiera emanez», ondorioztatu du. 

Sanferminen izaera katolikoa

Inkestak jaien izaera katolikoaz ere datuak bildu ditu. Urangak, emaitzak eskuartean, Iruñeak «sekularizazio prozesu bat» bizi duela adierazi du, «mendebaldeko gizarte aurreratuen antzera». Hau da, «erlijioaren aspektu formalak mantendu arren, jendeak gero eta erlijio kutsu gutxiago» sentitzen duela azaldu du. Inkestatuen laurdenak soilik Sanferminak jai erlijioso bezala ikusten ditu.

Entzierroak bai; eta zenzenketak?

Iruindarren artean eztabaida sortzen duen gaia zezenketena da. Izan ere, Urangak azaldu duenez «entzierroek babes handia daukate», 10etik 8k «begi onez» ikusten baitituzte. Zezenak hil behar badira, hortxe eztabaida. Urangak «hiria bitan banaturik» dagoela nabarmendu du: %52a zezenketen alde dagoen bitartean, %48ak ez ditu zezenketarik nahi. 

Dena den, Urangak iruindarrek egungo ereduarekin jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu du: «Oso ehuneko txiki batek aldaketa bortitzak egin nahi ditu». Zezenketen inguruko eztabaida «saihestezina» bada ere, «inkestak egungo ereduaren aldeko jarraikortasuna» adierazten duela argiki esan du. 

 

Jaurlaritza Logoa