Zuzenean

Itxaso Leon - Peli Lekuona

Cohousinga, etxebizitza alternatiba gisa

Ikasturte honetan albiste izan da etxebizitza; bizitegi larrialdia, prezioen gorakada eta tentsio eremuak tarteko. Gauzak horrela, bestelako alternatibak sortu dira, eta cohousinga da horietako bat. Ametsak Sortzenek argitaratu berri duen ikerketa baten arabera, EAEn hamarnaka baserri hutsik daude.

Audio_placeholder

Cohousinga, etxebizitza alternatiba gisa

Loading player...
Zuriñe Maguregi, NAIZ Irratiko Donostiako estudioetan.
Zuriñe Maguregi, NAIZ Irratiko Donostiako estudioetan. (NAIZ Irratia)

Berriki jakin dugu Lakuako Gobernuak abalak eskainiko dituela etxebizitzak erosteko. Azkenaldian etxebizitzaren inguruan jasotako albiste askotariko bat da, eta horren balorazioa egin du NAIZ Irratian Ametsak Sortzen elkarteko Zuriñe Maguregik.

Kontatu duenez, mugimenduan eman dituzten zortzi urteetan nolabaiteko aldaketa sumatu dute. Hasieran helburu didaktikoa zuten gehienbat, eta difusio lana egiten zuten etxebizitza kooperatiboen inguruan. Orain, erakundeek ere ipini dute balioan eredu hori, eta positiboki ikusten du Maguregik bilakaera.

Konponbidea etengabe eraikitzea dela ematen du azkenaldian. Galdera sortzen da ea merezi duen, euskal gizartea zahartzen ari bada. Erantzuna, sarritan, etxebizitza ereduak aldatu egin direla eta orain pertsona bakarreko etxe asko daudela izaten da.

Sistema bestelakoa da. Produkzio zurrunbiloan murgilduta, metro koadro gutxiago izaten dituzte bizitoki espazioek, aurreko belaunaldietako edo XX. mende hasierako etxe antolamenduetatik urrun. «Bakardade ez aukeratua edo tribu baten falta» sortzen dira orduan, eta «gazteek ez daukate erosteko zein alokatzeko aukerarik».

Horrelakoei aurre egiteko eredua cohousinga izan liteke, utopikoa dirudien arren.

Zimendu sendoekin eraiki beharreko etxea

Garrantzitsuena, oinarria, giza taldea da. Interes eta filosofia antzekoak dituzten pertsonek proiektu komun bat abiatzeko erabaki behar dute lehenbizi. Baita ere nola, non, noiz eta norekin bizi nahi duten, eta hautatutako kokaleku hori nolakoa izango den. Elkar ezagutu eta barne araudia finkatu ostean, kooperatiba bat osatzen da.

Espazio komunak direla eta ez direla, Maguregik ondo azaldu du ohituago gaudela kooperatiba enpresa ikuspuntutik ezagutzera, baina hau bestelakoa da. «Cohousingaren funtsa da elkarbanatutako espazioei pisu handia ematea», azaldu du Maguregik. Hortaz, «ez litzateke jasangarria edo ez luke zentzurik izango bikote batek 100 metroko espazioa izateak». Espazio pribatua norberaren beharren minimoetara ekartzean datza, finean.

Taldean bizitzeak, noski, eragina izan dezake pertsonaren izaeran, baita alderantziz ere. Komunitatean bizitzea zer den ezagutzen dugu gehienok: blokeetako dinamiketan, hainbat pisuko komunitate batean kasu, gatazkak sor daitezke urtean behin edo birritan batzean. Cohousingak, ordea, badu elikatze bat astez astekoa, egunez egunekoa, eta batzordeetan banatu behar da.

Norberaren izaeraren arabera, konplizitateak sortzen dira, horregatik da funtsezkoa giza taldea. Izan ere, ñabartu du, «loteria litzateke zuzenean bertara bizitzera joatea, talkak sor litezke noiznahi».

Hain zuzen, soziokrazia batean ere, asanbladan erabakiak hartuko dira demokraziaz, baina kontrako joerak ere sortuko dira nahitaez. «Denek eman behar dute amore momenturen batean puntu bateraino, denak sentitu behar dira eroso». Erabakitze eremu seguruak sortzea, denen ahotsak bermatzea eta biolentziarik gabeko komunikazioa dira horretarako gakoetako batzuk.

Baserriak: alternatiba gorpuzteko espazioa?

Ametsak Sortzenek kaleratutako ikerketaz gehiago jakiteko, Koldo Telleria ere izan dugu gurean, Eraikaleko ikertzaile eta arkitektoa.

Kontatu digu zergatik izan daitezkeen baserriak cohousingerako aukera ona edo etxebizitza larrialdiaren aurreko alternatiba: «Ondorioztatu dugu baserriak izan direla erabilera lagapenak Euskal Herrian lur hartzeko bidea. Baserri asko daude hutsik, eta eskaintzen duen ereduak familia eta komunitatea eta ingurua bitartean jartzen ditu. Hortaz, nolabaiteko match bat egon da baserriaren eta kooperatiba hauen artean».

Hala ere, eskriturekin eta izapide burokratikoekin moldatzea konplexua eta garestia izan daiteke. Gainera, eredu berria izanik, hirigintza araudietan barneratu gabeko figura da oraindik. Euskal Autonomia Erkidegoan izan diren lau kasu bakarrak aitzindariak izan direla nabarmendu du Telleriak, eta bide horietan galdera eta hutsune ugari sortu direla. «Administrazioak eta makina burokratikoak ez dute bidea erraztu, ezezagutza dela eta», gaineratu du, «lan handia izan da».

Horrekin bat etorri da Zuriñe Maguregi. Alderdi burokratikoa alde izanda ere, erabilera lagapenaren kontzeptua ez daukagu Euskal Herriko kulturan erabat barneratuta. «Eredu honetan, kooperatibak berak erosten ditu exebizitza eta lur eremua, eta kooperatiba da jabea, nahiz eta bertan hainbat familia unitate egon». Hala, norbaitek bizi proiektua utziz gero, «hasieran ipinitako ekarpen ekonomikoa berreskuratuko luke, baina sekula ez litzateke jabe izango, bertan bizi arren».

Zalantzak sortzen ditu, jakina, ezezagutza horrek, baina «apurka apurka aldatzen ari da».

Jaurlaritza Logoa