Zuzenean

Marina Landa (Donostia, 1993) komunikatzaile petoa da, Komunikazioan doktore da euskal pop musikari buruzko tesiarekin. Pertsonen arteko berdintasuna eta duintasuna aldarrikatzen ditu eta feminismo intersekzionala du oinarritzat pentsamendua eraiki eta sakontzeko. Hori dela eta, Marinarentzat artista eta obra loturik doaz, ezin dira bereizi. Bere ideiak abestien bidez islatzen ditu, orain Aria taldearekin. Aurreratu digu bigarren diskoaren prestakuntzan ari dela.
«Nire lurraldea feminista da, euskalduna, jendeari berdintasunez eta errespetuz harrera egiten diona, eskuzabala eta hurbila», esan du Marina Landak. Gorrotoaren aldarria egin du, autoezagutzaren garrantzia nabarmendu du eta psikologoa doakoa eta publikoa izan beharko lukela pentsatzen du.
Tesia labur azaltzerik bai?
Bai. Nire tesiak euskal pop musikan du oinarri. 1990etik 2019ra Gaztea irratian gehien entzun ziren kantak aztertu nituen, 300 guztira, urte bakoitzeko 10 inguru, eta letren analisian oinarritu nintzen. Mezuei dagokienez, euskarazko eta gaztelaniazko kanten artean ez dagoela batzuk uste dute bezain besteko ezberdintasunik ondorioztatu nuen, eta oraindik asko dagoela egiteko mezu matxistak ezabatzeko, baita gure kulturan ere.
Behar al dugu euskaldunok hedabideetan, irratietan, euskal musikaren kuota derrigorrezko bat finkatzea?
Baietz esango nuke, berdintasun egoera baten aurrean ez dauden heinean, baina zentzu guztietan, bai hizkuntzarekin eta baita generoarekin ere, ikusgarritasun puntu bat emateko. Egia da Euskal Herrian euskarazko musika asko kontsumitzen dela eta euskaraz egiten duten talde eta sortzaile asko dagoela.
Baina gauza bat da kontsumoa, eta bestea kuota bat ezartzea: Estatu frantziarrean emititzen denaren ehuneko portzentai batek frantses kantua izan behar du.
Bai, ados nago. Euskaldunok, euskaraz egiten eta sortzen dugunok, presentzia minimo bat izan beharko genuke, proportzionala gutxienez hiztun kopurura.
Emakumeen presentzia ere aipatu duzu.
Hori gutxienez %50ekoa, argi eta garbi. Edo gehiago. Akzio positiboa behar dugulako. Ez gara bizi genero eta sexu aldetik berdintasun egoera batean, eta azentuatu behar da presentzia, normalizatzeko emakumeok sortzen dugula eta musika egin dezakegula, abestu, gitarra edo bateria jo, teknikari izan… eta hori normalizatzeko, benetan sektorearen erdia izan gaitezen eta berdintasuna egon dadin postu guztietan, zerbait hareagotu behar da. Presentzia hori maximizatu egin behar da.
Eskuineko pentsamendu batekin etorriko naiz: emakumezko baino gizonezko musikari gehiago dago.
Tradizionalki emakumezkook ez garelako egon front row batean, ez gara bateria-joleak izan, ezta teknikariak ere… ez gara hor egon, eta egon direnak inbisibilizatuta egon dira.
«Akzio positiboa behar dugu. Ez gara bizi genero eta sexu aldetik berdintasun egoera batean, eta azentuatu behar da presentzia, normalizatzeko emakumeok musika egin dezakegula, abestu, gitarra edo bateria jo, teknikari izan»
Orduan, diskriminazio bat jarriko zenuke emakumearen alde.
Ez da diskriminazio bat, akzio positiboa da.
Ados, hori entzun nahi nuen. Eta horrek ekarriko al luke kantzelazioren bat?
Beno, kantzelazioa nik uste egin behar dela matxistak diren horiekiko, edo eraso sexistak egin dituzten horiekiko. Kantzelazioa, guztiz. Nik ezin ditut separatu artista eta bere musika, eta adibidez entzule bezala asko mintzen nau oso gustuko dudan kanta baten sortzailea erasotzailea dela jakiteak, ze kanta kuttun bat duzunean zure bizitzan esanahi bat dauka, momentu jakin batean garrantzitsua izan delako, eta hori jakiteak agian kantaren esanahia aldatzen du.
Badira taldeak 10-15 kide dituztenak, denak gizonezkoak, eta galdetu izan zaienean zergatik diren denak arrak erantzun dutenak ez dutela aurkitu, adibidez, emakumezko biolin-jolerik.
Uste dut askotan aitzakia bezala jartzen dela ez aurkitu izana, baina oinarrian dagoena dela ez dela nahikoa bilatu. Musikaren eta gizartearen esparru guztietara luzatuko nuke hau. Jaialdietan ere gertatzen da: mugimendu feministak horrenbesteko garrantzia duen garai honetan jaialdietako kartelak oraindik ere gizonezko taldeez osatuta daude, eta niretzat hori gaur egun gertatzea flipantea da. Are gehiago esango dut, iruditzen zait 2025ean 2017an baino garrantzia gutxiago rmaten zaiola: orain dela 6-8 urte feminismoak sekulako indarra hartu zuenean, bai nabaritu nuela saiakera handiago bat emakumeez osatutako taldeak ere sartzeko jaialdietan, karteletan, programazio kulturaletan, eta uste dut orain esfortzu gutxiago egiten ari dela eta permisiboagoak izaten ari garela.
Aria taldean zabiltza. Musikarien artean orain asko hitz egiten da antsietateaz, sormena ez etortzeaz, baita soltada duina lortzeko zailtasunez ere… Zuretzat, zer da antsietatea?
Ba niretzat da ezinegona, ez jakitea zertan ari zaren, bizitzak, lanak, harremanek gain egitea eta guztiz zure kontrolpetik at egotea zure inguru hori. Niretzat garrantzitsua da nahikoa hitz egiten ez den aukera bat konteplatzea: orain, osasun mentalaz inoiz mentalaz baino gehiago hitz egiten dugun honetan, pandemiatik akaso, ulertu behar dugu dauzkagun arazo mental edo une txar batzuk ez datozela funtsean gaizki egoteagatik, baizik eta zure egoera soziekonomikoak eraman zaituela horretara. Sozialki eta politikoki badago behar bat, ez bakarrik psikologoa doakoa eta publikoa izan dadin, baizik eta babes bat emateko horretara ez iristeko. Niretzat oinarria hor dago, baliabideak eta politika sozialak garatu behar dira hori zaintzeko, prekarietateari aurre egiteko eta denok izan ditzagun lan baldintza duinak, ikasteko aukera, etxebizitza baterako aukera… giza eskubideak dira.
Psikologoak beharrezkotzat dituzu, beraz.
Bai. Baliabideak behar dira, nork bere kontuak kudeatzen ikasteko bidelagun bikainak izan daitezke. Ez beti, nik uste dut metodologia eta izateko modu ezberdinak daudela eta guztiekin agian ez dugula konektatzen, baina laguntza behar denean laguntza eskatzea oso garrantzitsua dela uste dut eta zentzu horretan psikologoek asko lagundu dezaketela.