Zuzenean

Garazi Castaño Fariñas
Elkarrizketa
Txomin Poveda
Bagira dinamikako kidea

«Lehenik sozialki irabazi behar dugu, ondotik eraldaketa instituzionalak bultzatzeko»

Liburu forma du ‘Herri Bidea’-k, baina iparrorratza nahi du izan. Bagirak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen erronkak eta heldulekuak biltzen dituen agiria aurkeztu zuen Uztaritzeko Aberri Egunean. Ezkerreko abertzaletasuna eremu guztietan lehen indarra bihurtzeko beharra azpimarratu dute.

Audio_placeholder

«Lehenik sozialki irabazi behar dugu, ondotik eraldaketa instituzionalak bultzatzeko»

Loading player...
Uztaritzeko Aberri Egunean aurkeztu zuen Bagirak 'Herri Bidea'.
Uztaritzeko Aberri Egunean aurkeztu zuen Bagirak 'Herri Bidea'. (NAIZ)

2022ko abenduan aurkeztu zen Bagira, iraungitze data izango zuela iragarriz. Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaleen arteko gogoeta prozesua izan da dinamika, eta halako prozesu guztiek bezala «badu hastapena, badu bukaera bat eta badu emaitza bat». Emaitza hori da pasa den martxoaren 31n Uztaritzen aurkeztutako ‘Herri Bidea’.

Itsasutik Uztaritzera

Bagira prozesuak «abertzaletasunaren oinarriak birkokatzea eta eguneratzea, etorkizunerako helburu partekatuak antzematea eta ekosistema abertzalearen osagarritasuna bilatzea» izan ditu helburu. Eta horretarako gogoetak hainbat fase izan dituela azaldu digu Txomin Poveda dinamikako kideak. Lehenik eta behin, atzera begira jarri dira, mugimendu abertzalearen transmisio historikoa landu dute. «Hamalau ekimen antolatu ditugu mugimenduko egiturekin ulertzeko zein ibilbide egin den hainbat esparrutan: ekologian, hedabideetan, arlo instituzionalean, sindikalgintzan…».

Itsasuko adierazpenaren 60. urteurrenaren ospakizunarekin eman zuten bigarren saltoa; «Aberri Egunetik Aberri Egunera, etorkizunera proiektatzeko». Inkesta masibo bat zabaldu zuten Aztikerren laguntzaz. 1.500 erantzun bildu zituzten eta bertatik ateratako ondorioek osatzen dute ‘Herri Bidea’. Uztaritzen aurkeztu zuten eta harrera ona izan du. «Jendeak ikusi zuen ariketa zintzoki egin dugula, badela sakontasuna bat; eta jendeak ulertu du zer den ezkerreko abertzalea izatea XXI. mendean eta zein zeregin historiko duen mugimenduak ondoko hamarkadarako».

Zenbait esparrutan helburuak zehazteko ere baliagarria izan da ‘Herri Bidea’: euskaran, klima aldaketan, laborantzan, etxebizitzaren arloan, instituziogintzan… Horretarako «elkarlan eskema batzuk» pentsatu dituzte eta «gure barnean eraldaketa batzuk bultzatzeko: belaunaldi transmisioaren ikuspegitik eta baita ere eraldaketa feminista bat bultzatzeko».

Beldurrak deseraikitzen

Bagiraren abiapuntuko usteen artean mugimendu abertzalearen batasun falta edo atomizazioa zen. Inkesten bidez uste hori irauli dute. «Dispertsioarekin guk genuen beldur bat zen». Mugimendu abertzalea hainbat esparrutara zabaldu izanak hori pentsatzera eraman zituen. «Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea hedatzen ari da, sartzen ari da hainbat esparrutan, eta zabaltze horrekin beldur ginen bakoitza bere erreitik ibiltzea eta osotasuna galtzea». Inkestetan jasotakoak, ordea, kontrakoa jarri die begi-bistan: «Jendeak esan digu ezetz, garatzean ari gara, baina gure artean etengabeko harremana dugu eta hainbat borrokatan parte hartzen dugu».

Mugimendu abertzalearen kohesioa handia da beraz. «Gorputz oso bat da, ekosistema oso bat da» eta prozesuak berak, gainera, hori indartu du sortutako topalekuei eta partekatzeko guneei esker. «Zabaltzeko erronka dugu, baina baita oinarri historikoetara atxikitzekoa ere, ez diluitzeko». Hala laburtu du Povedak abertzaletasunaren borroka esparruak hedatzearen erronka.

Batasun falta ez da iraulitako uste bakarra. Kontrakoa pentsatu arren, inkestan ikusi dute «gazteek zaharrek baino gehiago sostengatzen dutela nazioaren tematika: zazpiak bat, elementu historikoak.. gazteak gehiago atxiki dira eta horrek harritu gaitu».

Lehen indarra, esparru guztietan

«Ezkerreko abertzalea izatea aski sinplea da», dio Povedak. Abertzaletasuna XXI. mendera ekarri eta berrezaugarritu nahi izan du Bagirak eta horretarako hiru ezaugarri nabarmendu dituzte. Lehena gizarte eredu progresista baten alde egitea. Bigarrena, gizarte proiektu hori gauzatzeko burujabetza politiko maila ahalik eta gorena aldarrikatzea, tresnak eskuratu eta proiektua martxan jartzeko. Eta azkenik, hirugarrena, aktibismoa: «Abertzale izatea praktikan aritzea da ere».

Ezkerreko abertzaletasuna Ipar Euskal Herriko «indar motorea» dela azpimarratu du Povedak, abertzaleen artean zein ezkerrekoen artean, bi kasuetan baita lehen indarra. Eremu instituzionalean bigarren indarra izan arren, eraldaketak eragiteko gai dena ezkerreko abertzaletasuna dela gehitu du. Horregatik, hori lortuta, urrunago iristeko anbizioa dute. «Gure gizarte proiektua herriari eskaini nahi badiogu, lehen postua hartu behar dugu esparru guzti-guzti-guztietan».

Erakundetzearen garrantzia

«Euskal Hirigune Elkargotik harago joateko beharra da inkestatik ateratako datu faktual biziki azkarra». Lorpen garrantzitsua dela ez dute ukatzen noski. Povedak gogoratu du Ipar Euskal Herriko lehen tresna instituzionala 2017an lortu zela «ez da guti bere historian eta Euskal Herriko historian data inportantea da». Baina azaldu du ez dela nahikoa, mankomunitate gisa dituen mugengatik biztanleen arazoei erantzuteko. Egun gehiengo sozial baten hainbat aurrera urrats ematek prest den arren, «tresnak berak mugatzen gaitu», dio.

Ipar Euskla Herriko mugimenduak «pragmatikoki eta erradikalki», bi moduetara jarduten duela azaldu du. «Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleko kideek aitzinatu nahi dute bai ala bai eta horretarako bide guztiak jorratu nahi dituzte». Hori dela eta, datorren hamarkadan prozesu politikoa hiru «bide nagusitan eta ber-momentuan» garatuko dela uste du Bagirak. Lehena, Lurralde Kolektibitate berezitu bat lortzea izango da. Bigarrena, autonomia estatus bat lortzea, Korsikako egoerak zabaldutako ateari jarraiki. Eta azkenik, Euskal Herri mailako instituzionalizazio prozesua. «Harremanak bultzatu behar ditugu gaurdanik, lurraldeen eta bertako instituzioen arteko artikulazioak eta harremanak gorpuzten joateko». Bide guztiak ditu ezinbesteko Bagirak, «ahalik eta fiteen aitzinatzeko».

Jaurlaritza Logoa