Zuzenean

Naiz Irratia

«Zazpi probintziak lotzen ditugu eta euskara da muga bakarra»

Euskal Herria zeharkatuz, Irun eta Baiona lotuko dituen Korrikari hasiera emateko hilabete falta denean zehazki, lasterketa herrikoiaren koordinatzaile Ane Elordik antolaketaren inguruko berriak eman ditu, baita eskuartean dituzten aurreikuspenak ere.

Audio_placeholder

«Zazpi probintziak lotzen ditugu eta euskara da muga bakarra»

Loading player...
Ane Elordi Korrikako koordinatzailea Naiz Irratiko estudioan.
Ane Elordi Korrikako koordinatzailea Naiz Irratiko estudioan. (Ion T. Barrena | NAIZ Irratia)

Ekimen gutxik pizten dute Korrikak pizten dituen ilusioa eta ardura euskal herritarren artean. Akaso ekimen gutxik batzen dituelako euskal lurralde guztiak, Korrikak egiten duen bezala. «Zazpi probintziak lotzen ditugu eta euskara da muga bakarra», dio Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak.

Asteazken honetan (hilak 14) egin du Naiz Irratirainoko bidea Elordik, hain zuzen, Korrikari Irunen hasiera emateko hilabete bat falta den egunean. 10 egun geroago amaituko da Korrika Baionan, Irundik 30 kilometro pasatxora, baina aurretik ehunka kilometro eginda Euskal Herri luze zabalean.

Korrikaren helburu nagusia noski, euskararen sustapena da modu herrikoi batean. Koordinatzaileak gogora ekarri duenez, «euskararen alde egiten den ekimenik erraldoienetakoa» da, «motibazioan zuzeneko eragina» duena.

Baina ezin da ahaztu AEK-rentzako diru bilketa egitea dela helburuetako bat. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ordezkatuta dagoen eragilie bakarrenetakoa da, bi estatu eta hiru administraziotan banatuta, horrek dakartzan zailtasunekin.

Aurreikuspenak

Korrika egiteari ekiteko lau aste falta direnean, «aurreikuspena polita da» Ane Elordiren aburuz, nahiz eta aitortzen duen kilometroa dagoeneko erosi dutenen artean bat baino gehiagok deitu diela nora joan beharko duten jakiteko. Guztiei lasai egoteko eskatu die, garaiz jasoko baitute informazio guztia.

23. edizioa edukiko du aurten Korrikak, eta betiko oinarriei eutsiz, gai izan dira garai berrietara egokitzeko. Aurtengo berritasunen artean, APP baten aldeko apustua egin dute, gaur gaurkoz mugikorrak herritarren egunerokoan duen garrantziaz jakitun. Are garrantzitsuagoa agian, edizio bakoitzean sortzen ziren hondakin kopurua murrizteko helburuz, «plastikoa alboratu eta material berriekin» ari direla ekoizten euskarriak pankartak eta bestelakoak, Elordiren arabera. 

Petoa GARArekin

Asteburu honetan (larunbata 17 eta igandea 18) Korrikaren petoa lortu ahalko da GARAren eskutik. Egunkariekin batera erosi ahalko da ohiko kioskoetan.

Jaurlaritza Logoa