Zuzenean

Itsasaldetik lau proposamen luzatu dizkigu Izkander Fernandezek

Huelvako kostaldean harrapatu dugu azken tartean Izkander Fernandez eta itsasorik ez baina lasaitasuna entzun duela aipatu digu: «Normalean abuztuan etortzen naiz, baina urrian hona etortzean ez dago inor, tristea ere bada hein batean, baina lasaia da El Rompido, bakea dago bertan».

Audio_placeholder

Itsasaldetik lau proposamen luzatu dizkigu Izkander Fernandezek

Loading player...
Kritikak ospe ona eman dio Mitski artistari bere hirugarren estudioko lana kaleratu ostean.
Kritikak ospe ona eman dio Mitski artistari bere hirugarren estudioko lana kaleratu ostean. (Daniel TOPETE)

«Aurreko astean esan nuen iraila eta abuztua oso hilabete onak izan zirela diskoei dagokionean eta urrian geldialdi bat izan dugu, nahiz eta Euskal Herrian bestelako kontua den. Esaterako, Vibora taldeak ‘Zaldi beltza’ diskoa atera baitu», hasi du aste honetako tartea lemoaztarrak.

Margo Cilker - Sound and Fury

«Bere bigarren diskoa da eta badu Euskal Herriarekin konexioa, kaliforniarra bi urtez edo Bilbon bizi izandakoa delako. Ez da ohikoena bertako batek americana eta countrya egitea, baina bigarren disko honekin Santa Clara Valleyri disko oso bat eskaini dio, ‘Valley of heart's delight’ deitzen baita lana. Bertara joandakoen bosgarren belaunaldikoa da, baina gerora eztanda teknologikoa eta abar eman ziren, haranari izena ere aldatu zioten, Silicon Valley, eta, horregatik, duela ehun urte zen espazioari, lur horri, abestu dio», kontatu digu Fernandezek.

Mitski - Buffalo replaced

«Badirudi Mitskik misio bat duela, indiearen erregina absolutua bihurtzearena. Nik ez dut halako handitasunik ikusten, baina hiru disko jarraian atera ditu 2018tik eta disko bikainak dira, mezu jakin baten barruan sartutakoak. Aurreko astean The Coral entzun genuenean antzerakoa esan genuen. Ekoizpen bikaina du, nahiz eta nahikoa minimalista den, baina badu sekulako sakontasuna, iluntasuna, lehorra eta melodikoa da aldi berean. Sofan, udazkenean, berogailuarekin… horrela ulertzen dudan musika da, baina hau goizean, eguzkia irten aurretik, entzuteko moduko musika iruditzen zait ’The land is inhospitable but so are we’ diskoa», azaldu digu MusikHaria saioko kolaboratzailea.

Amends - Born just to be buried

‘Our place among the dirt’ diskoa da segidan ekarri diguna Izkander Fernandezek: «Australiako taldea da Amends. Bitxia da nola aurkezten duten beren burua, rock alternatiboari Sidneyko mendebaldetik emandako erantzuna direla esaten baitute. Duela bi urte entzun genituen tarte honetan eta oraindik ere talde txikia direla esango nuke. Australiako taldeak normalean ez dira ezagunak ez gurean eta ez eta Estatu Batuetan ere, eta bitxia. Gitarren inguruan badute estandar moduko bat eta badira nagusi beren medioetan eta zerrendetan. Esaterako Violent Soho eta King Gizzard & Lizard Wizard taldeak bertan oso garrantzitsuak dira, bigarrenak Pitchforkentzat ere bai». Baina badira Australiatik etorritako beste talde ospetsu ugari ere, indien artean, esaterako, Tame Impala.

Baroness - Anodyne

«Baroisa izango litzateke talde honen euskarazko itzulpena, baina ingelesez denetarik aipatu didate lagunek ahoskeraren inguruan. Georgiako Sabana hirikoak dira, Estatu Batuetakoak alegia. Sludge metalean katalogatu izan dute taldea, oso zikina, iluna eta pisu handiko metal musika alegia. 2007an halako garrantzia bat eskuratu zuten, baina 2015eko ‘Purple’ diskoarekin bigarren planora pasa ziren, estiloz pixka bat aldatu zirelako eta Mastodon bezalako taldeetatik aldendu egin ziren. Rock progresiboago bat egiten hasi ziren, sakonagoak, eta, orain, lehenengoz ’Stone’ deituriko diskoa atera dute, kolore bati erreferentziarik egiten ez dion lehenengoa. Folk ukitu bat eta proto-heavy metala ere egiten dutela esan dezakegu, melodikoak dira orain eta, esan dugun moduan, oso sakona da diskoa».

Jaurlaritza Logoa