Zuzenean

Gauaren mundura eraman gaitu Izkander Fernandezek

Abuztuan eta irailean diskoen erritmoa interesgarri joan dela kontatu zigun Izkander Fernandezek azken bisitan eta, horrez gainera, Brutus taldearen kontzertuaren atarikoa ere egin zigun MusikHaria saioko kolaboratzaileak.

Audio_placeholder

Gauaren mundura eraman gaitu Izkander Fernandezek

Loading player...
Kvelertak talde norvegiarraren nahasketa musikala gomendatu digu Izkander Fernandezek.
Kvelertak talde norvegiarraren nahasketa musikala gomendatu digu Izkander Fernandezek. (KVELERTAK)

«Laneko batzar bat izan nuen aurrekoan eta halakoetan, ezezagunak daudenean tartean, musikaz hitz egiten hasten naiz. Ez dakit nola, MusikHaria saioaren esistentziaz hitz egin genuen eta batek galdetu zidan ea zer musika mota jartzen genuen. Nik erantzun nion country eta folk puruenetik metal ilunenerainoko guztia jartzen genuela, eta gaurko eguna horren adibide izango da hein batean», esan digu Izkander Fernandezek.

Slowdive - Kisses

Kritikak maite duen talde horietako bat da eta Dead Oceans zigiluarekin atera dute azken lana. Bada zigilu garrantzitsu horietako bat nazioartera begira jartzean: «Zigilu independentea da, nahiz eta gaur egun egoten diren diskoetxe handiekin kontratuak halako zigiluei begira. Japanese breakfast, Phoebe Bridgers, Mitski… halako taldeak daude hor eta tarte honetan entzun ditugun talde asko barnebiltzen ditu zigiluak. Taldera itzuliz, 1989an sortu zen, Readingen, artean nerabeak zirela. Hiru EP kaleratu zituzten eta prentsaren arreta bereganatzeko gai izan ziren, My Bloody Valentine bezalako taldeak eta shoegazea modan zegoelako. Lehen diskoa ‘Just for a day’ 1991n atera zen, baina ordurako brit-popa zen nagusi Britainia Handian eta Blur edota Oasis bezalako taldeei begira zeuden guztiak. Hala ere, 1993an eta 1995ean ateratako diskoei esker, kritika berriz ere haiei begira jarri ziren eta gaur egun arte iritsi ziren, aurten bosgarren diskoa kaleratuz. Zale berriak bereganatu dituzte, belaunaldi berrikoak, eta bitxia da hori, jende oso gaztea eta kritika berriz ere haiei begira jarri delako ‘Everything is alive’ lanarekin. Shoegazea, gitarra distortsionatuak eta psikodelia entzun daitezke, baita dub edota techno-ambient bezalako musiken zertzeladak ere».

The Coral - Wild bird

«Ez dakit duela astebete edo bi aste esan nuen, normalean talde estatubatuarrak ekartzen ditudala portzentaje handi batean. Kasu honetan europarrak dira denak eta The Coral taldea Inglaterrakoa da, 1996an sortua eta 60etako garage rocka, blues zuria, Motown estiloa ere besarkatu zuten… Mende hasieran prentsa alde zuten, MTVn agertzen ziren eta Mercury Prizetara izendatuak ere izan ziren. The Kinks, The Beatles eta halakoen soinua jorratu zuten lehen diskoetan, baina oso purua, ez gerora beste batzuk egin duten moduan. Hamaika disko eta gero ‘Sea of mirrors’ kaleratu zuten irailaren 8an, disko interesgarria.

Kvelertak - Endling

«Ostegun gauaren bila joango gara, festa girora pasako gara Norvegiako talde honen eskutik. Duela gutxi kaleratu dute beren bosgarren diskoa, ‘Endling’, oso lan argitsua. Black Metalaren eta rock&rollaren arteko zerbait egiten hasi ziren eta gerora beren bideak zabaldu zituzten, eta bosgarren lan honetan lortu dute dena nahastea. Aukeratu dudan kantuak esango nuke power-poparen eragina baduela, eta ez da harritzekoa, taldekideetako batzuk badabiltzalako mundu horretan. Portada oso polita dela esango nuke, beren ibilbideko politena. Hortaz, rock&rolla Norvegiatik», esan digu lemoaztarrak.

Brutus - Victoria

Aurreko astean Brutus taldeak Euskal Herrian bi geldialdi egin zituen, Biarritzen bata eta Bilbon bestea, eta horren harira Izkander Fernandezek MusikHaria saiora ekarri zituen: «Egunen batean saiatuko naiz zer den niretzako gaueko kantu bat, baina gaurko lau abestiek badute hortik. Brutus larunbatean izango da BIlbon eta iaz bi aldiz ekarri genuela esango nuke, urteko disko onenen artean sartu nuelako iaz. Hortaz, entzuleei gomendatzen diet, ahal duten neurrian taldea entzun eta gozatzeko».

Jaurlaritza Logoa