Zuzenean

Ainara Rodriguez
Elkarrizketa
Felix Arrieta
Gizarte zerbitzuetan aditua eta Deustoko Unibertsitateko irakaslea

«Familiek aukeratu beharko lukete zaintzaile izan nahi duten edo ez»

‘Zaintzaren hariak. Oihal berri baterako bideak ehuntzen’ liburua aurkeztu berri du Felix Arrietak, eta lan berrian egin nola, zaintzaren zentzu zabalenaren barrunbeetan sartu eta bertan topa daitezkeen korapiloak deslotzen lagundu du NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Familiek aukeratu beharko lukete zaintzaile izan nahi duten edo ez»

Loading player...
Felix Arrieta, NAIZ Irratiko estudioan.
Felix Arrieta, NAIZ Irratiko estudioan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zaintzaren gaineko kezkak aparteko tokia hartu du azken urteetan, gizartean puntako gaietako bat da. Badago politikarien agendetan?

Esango nuke baietz. Asteartean izan genuen Deustoko Unibertsitatean Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagaien eztabaida eta denek hitz egin dute gaiaz. Esango nuke pandemiaren ostean agendaren erdigunean kokatu den gai bat dela, alde batetik politika profesionalak, alderdiek, ezin dutelako alde batera utzi eta, bestetik mugimendu feministak sekulako lana egin duelako zaintza erdigunera ekartzen. Hau aldarrikatu egin behar dela uste dut, zeren, pandemiak zerbait erakutsi badigu izan da denok zaurgarriak garela, eta horrek eztabaida batzuk plazaratu ditu; tartean, zaintzarena.

Zaintzaren ‘oihal berri baterako bidea’ aipatzen duzu liburuaren izenburuan. Zergatik? Dugunak ez du balio?

Momentu honetan ez daukagu berariaz zaintzaz arduratzen den politika publikoetako sistemarik. Ziur aski gizarte zerbitzuenak behar luke horretarako sistema, baina gizarte zerbitzuenak ahuldadeak dituela esango nuke. Ahuldadeak bi terminotan laburbiltzen ditut nik: artxipelagoa eta mataza. Artxipelagoaz aurreko liburu batean idatzi nuen, eta esaten nuen, batez ere erkidegoari begira, nahiz eta Nafarroan ere gertatzen den, ez daukagula gizarte zerbitzuen sistema bat, hiru ditugu. Eta eskuduntza banaketa horrek ez digu, arretaren jarraitutasunari begira, inongo mesederik egiten. Horren ondorioa da, maila batean, mataza. Hau da, pertsona batek behar bat daukanean oso zail izaten du sistemara gerturatzea; batetik, zaila delako terminoa bera ulertzea, gizarte zerbitzua konplexuagoa da osasuna edo hezkuntza baino, eta, era berean, ez dugulako erreferente bakar bat horri aurre egiteko. Uste dut zentzu horretan pausoak ematen joan behar dugula oihal berri bat ehuntzeko, sistema beste modu batean antolatzeko.

Maiz zaintzaz hitz egiten dugunean badirudi ur handitan sartzen ari garela. Zergatik da horren konplikatua zaintzaren auzia?

Nik uste zaintza erpin asko dituen elementua dela. Termino zabala da, eragiten digulako gure bizitzako alor guztietan. Denok gara gure bizitzako momenturen batean zainduak eta denok gara momentu batean zaintzaile. Hori ulertzea garrantzitsua da, gure zaurgarritasunaren ispiluaren aurrean jartzen gaituelako, baita mezu hori zabaltzea ere, gure gizarteak baduelako ‘supergizonaren’ edo ‘superemakumearen’ beste mezu bat, esaten duena denok izan behar dugula denari aurre egiteko gai, eta hori da erreala. Horretaz jabetzea eta esatea, ‘aizue, jakin behar dugu momentu batzuetan laguntza beharko dugula, besteetan laguntza eskaini beharko dugula’. Zaintza horren guztiaren erdian dago eta elkarrekikotasunaren kontzientzia ematen digu

«Momentu honetan ez daukagu berariaz zaintzaz arduratzen den politika publikoetako sistemarik»

Zaintza emakumearen bizkar utzi izanak badu zerikusirik auziaren konplexutasunarekin?

Bai, zalantzarik gabe. Liburuaren lehenengo zatian esaten dut gizarte zerbitzuen sistemak ez diola oraingoz horri erantzuten. Eta hori esaten dudanean, esan nahi dut ere ongizate-estatuak ez diola berariaz heldu gaiari. Gogoratu behar da ongizate-estatua Bigarren Mundu Gerraren ondoren jarri zela martxan Europan, eta literaturan asko hitz egiten da 30 urte zoriontsuei buruz, urrezko aroari buruz. Baina ongizate-estatuaren urrezko aroa emakumeen lanaren bizkar eraiki da, emakumeek etxean egiten zuten lanaren bizkar. Paradigma hori ez dugu oraindik gainditu eta zaintzaren logika paradigma horren gainean eraikita egon da eta dago oraindik ere. Eztabaida hori benetan mahai gainean jartzen ez dugun arte ez dugu sistema beste modu batean antolatuko.

Zer egin beharko genuke, paradigma hori hautsi? Birmoldatu?

Birmoldatu. Badago giltza bat, eta da desfamilizazioaren bidea hartzea. Horrek ez du esan nahi familiak paper bat jokatu behar ez duenik; ez, nire ustez gure gizartean familiak paper garrantzitsua du eta izaten jarraitu behar du. Baina momentu honetan familiak duen zainketaren rola ez da aukera bat; kasu gehienetan ez dago erabakitzeko gaitasunik. Nora jo beharko genuke? Bada, familiek erabakitzeko gaitasun hori izan dezaten lortzera: familien aukera izan dadila benetan zaintzaile izan nahi duten edo ez. Hori egiteko zerbitzu publikoak beste modu batean artikulatu behar ditugu, komunitatearen rola ere bai eta, ziur aski, horri erantzuten dion merkatu sistema ere beste modu batean antolatu behar dugu. Hau da, sistema osoa beste modu batera antolatu behar dugu.

«Denok gara gure bizitzako momenturen batean zainduak eta denok gara momentu batean zaintzaile. Hori ulertzea garrantzitsua da, gure zaurgarritasunaren ispiluaren aurrean jartzen gaituelako»

Esango zenuke zaintzaren egiturak behar bezala eraikitzen ari direla administrazio publikoetatik?

Erantzun sinple eta azkarra du horrek: ez. Ez gara ondo egiten ari. Eta uste dut horrek merezi duela beste buelta bat, ziur aski epe luzekoa, baina jorratzen hasi behar dugu, epe motz eta ertaineko erantzunak ondo artikulatu nahi baditugu. Artxipelagoa aipatzen dudanean, hori esan nahi dut: maila batean gure gizarte zerbitzuetako sistema egituratuta dagoela administrazioak dituen beharren baitan, ez pertsonek dituzten beharren baitan. Momentu honetan eztabaida sutsuak ditugu hezkuntzarekin, erkidegoan bereziki, osasunarekin badugu eztabaida globalago bat, baina gizarte zerbitzuen egiturak eta mailak eztabaidak banatu egiten ditu. Egituraketa sendoago bat beharko genuke benetan pertsonen beharrei erantzuteko.

Hari mataza desegin beharra aipatu duzu; zaila dirudi.

Nik Kororen kasua aipatzen dut liburuan. Asmatutako pertsonaia bat da Koro, Donostiako Gros auzoan bizi dena eta bere zaurgarritasuna nabaritzen hasten dena. Ez daki zehazki zer gertatzen zaion, ez daki joan behar duen gizarte zerbitzuetara, anbulatoriora... ziur aski koordinazio hori edo toki bakar hori tokiko mailan ondo artikulatu daiteke; osasuna, gizarte zerbitzuak eta bestelako profesional batzuen artean. Pertsonari eskaini behar diogu erantzun bat, espazio bat. Gero administrazioak berak artikulatu behar ditu erantzunak, eta ez alderantziz.

«Zahartzen ari den gizarte batean gaude eta zerbitzuak birpentsatu eta berrantolatu behar ditugu hurrengo belaunaldietarako»

Zer egin daiteke herritarrei leihatila bakar hori eskaintzeko?

Ez da erraza. Gipuzkoan badira esperientzia esanguratsu batzuk; Pasaian esfortzu handiak egiten ari dira, Usurbilen ere bai. Baina uste dut hau ezin dugula tokiko mailako borondate onen menpe utzi. Borondate onak epe luzera begira marrazten diren erreformekin lagundu behar dira. Hau beharrezkoa da; zahartzen ari den gizarte batean gaude eta zerbitzuak birpentsatu eta berrantolatu behar ditugu hurrengo belaunaldientzat.

Erreformak aipatu dituzu; Estatu espainiar mailan badago Mendekotasun Legea, bere garaian iraultza handia ekarri zuena. Denbora igaro da onartu zenez geroztik; zer eman du lege horrek?

2006an onartu zen, hamazazpi urte pasatu dira. Mendekotasun Legeak oso helburu onak zituela uste dut, ekarri zuen iraultza nagusietakoa izan zen gizarte zerbitzuei edo mendekotasunarekin lotutako zerbitzuei begira eskubide subjektiboa aldarrikatu zuela. Aldaketa handia izan zen hori, esan nahi baitu mendekotasun egoeran dagoen edonork eska diezaiokeela zerbitzu bat administrazioari. Lege honi tokatu zitzaion testuinguruak, baina, eragin du dirulaguntzek zerbitzuek baino askoz ere garapen handiagoa izatea. Eta gure aldundiek ere gaitasuna izan dute emateko, zeren Estatuko beste erkidego askotan ez dago zerbitzu edo dirulaguntzarik eta jende asko gelditzen Mendekotasun Legetik ezer jaso gabe. Baina jende askok nahiago du dirulaguntza jaso zerbitzuak baino. Hau ez litzateke txarra izango eragingo ez balu pertsonaren zaintza familiaren gain geratzea eta, beraz, dirulaguntza emateak egoera kronifikatu lezake. Bigarren aukera merkatura jotzea litzateke, baina merkatua ez dago nahikoa heldu, emakume atzerritarrak baldintza txarretan baitihardute bertan. Beraz, Mendekotasun Legearen ez-nahi horiek antolatu behar dira.

Bada garaia, beraz, legea erreformatzeko. Ala eztabaida sakonagoen zain geratzea komeni da?

Estatuan legegintzaldia bukatzen ari den honetan, hurrengorako erronka gisa aipa daiteke. Zaintzari begira eta sistema berrantolatzeari begira erkidegoan momentua izan daiteke beste lege baten paradigman kokatzeko. Erkidegoko gizarte zerbitzuen legea 2008koa da eta momentua da sistemaren berrantolaketa mahai gainean jartzeko. Testuinguru egokia dela uste dut; esango nuke alderdi nagusien aldetik adostasun batera iristeko aukeraren aurrean egon gaitezkeela.

Jaurlaritza Logoa