Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Goxua'N Salsak estreinako lana aurkeztuko du Donostian

Iruñeko Zentralen aurkezpen ofiziala egin eta gero, Errotxapera pasa eta Donostiaraino, kostaraino, joango dira Goxua'N Salsakoak beren musika tropikalaren doinuak zabaltzera. Intxaurrondo Kultur Etxean izango dira, martxoaren 25ean. Aurretik, diskoa aurkeztu digute MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Goxua'N Salsak estreinako lana aurkeztuko du Donostian

Loading player...
Hamabost lagunek osatzen dute Goxua'N Salsa taldea. Tamaina bereko festa izaten da haien emanaldietan.
Hamabost lagunek osatzen dute Goxua'N Salsa taldea. Tamaina bereko festa izaten da haien emanaldietan. (OSO POLITA)

Haizezko instrumentuek jakin badakigu Nafarroako karriketan zer nolako presentzia izan duten betidanik, eta karrikako festak zer esanik ez. Bada, bi kontzeptu horiek ere oso presente izaten dituzte Cali bezalako hirietan Kolonbian, bertako karriketan sortu izan baita salsa musikarik onenetakoa.

Orain guztia bateratu eta Goxua'N Salsa taldea sortu dute hainbat musikari kolonbiar eta nafarren artean. Ez dira gutxi oholtza gainera igotzen direnak, hamabost alajaina, guztiak ere Julen Leuzaren gidaritzapean, hark hartu baitu proiektu honen zuzendaritza musikala. 

Hala ere, kantuen konposaketan eta moldaketetan taldekide gehiagok ere hartu dute parte. Robinson Quintero, David Lotero, Claudia R. Juanena, Beñat López eta Adrian Martínez ere ibili dira lan horietan. Izan ere, abesti batzuk propioak dituzte eta beste batzuk, berriz, bertsioak dira.

Euskaraz zein gaztelaniaz abesten dute eta horrek ere bereizgarri egiten du taldea. Lau abeslaritik hiru kolonbiarrak dira eta euskaraz ahoskatzen eta tonua ematen lan estra egin behar izan dute, ez baitute oraindik euskaraz hitz egiten. Hala, Gatibu, Gozategi edota Berri Txarrak bezalako taldeen kantuak salsa erritmoetara eraman dituzte Goxua'N Salsakoek. Tocamás edota Grupo Niche bezalako taldeei ere hartu dizkiete kantak beren mundura eramateko.

Dena dela, salsaz aparte beste erritmo batzuk ere jorratu dituzte, denak ere dantzagarriak. Atentzioa ematen du, gainera, taldekide asko multi-instrumentalistak direla eta horrek abestiaren arabera taldearen konfigurazioa aldatzeko aukera ematen die. Xanti Etxeberria eta Tomas Espinosaren baxu eta pianoari jarraika osatu dituzte bederatzi abestiak eta zuzenekoetan ere beste hainbeste eskaintzen dituzte, gutxienez.

Martxoaren 25ean Donostian izango dira, Intxaurrondo Kultur Etxean, eta, atzetik, Txantrean izango dira apirilean eta Tolosan maiatzean. Udan, berriz, Villabonan eta Burlatan dituzte lotuta kontzertuak. Gerria mugitu nahi duenak, beraz, izango du aukerarik Goxua'N Salsakoen eskutik. Entzun goian Julen Leuzarekin izan genuen elkarrizketa, ziur dantzarako gogoa piztuko dizuela-eta.

Jaurlaritza Logoa