Zuzenean
«Zorionez oraindik rocka egiten da eta egingo da, estilo askotan eta zentzu zabalenean»
Rockaz eta musikaz zertxobait badaki Toño Muro Balerdi Balerdi taldeko kideak. Izan ere 40 urte atzera egin behar da musikari nafarrak abestiak sortzen lehen pausoak eman zituenetik eta 33 urte Balerdi Balerdi taldea eszenan agertu zenetik. ‘Udaberri alua’ single bikoitzarekin datoz oraingoan.
«Zorionez oraindik rocka egiten da eta egingo da, estilo askotan eta zentzu zabalenean»
Egun on Toño, zer moduz?
Ongi, lasai, solasteko prest.
Rockaz zerbait badakizu ezta?
Entzule moduan zerbait ikasi dugu urteen poderioz, baina musikari moduan ez dakit ezer ba ote dakidan.
Hainbeste urteko bidea duen batek hori badio…
Bai, dozena bat urtez geldik egon ginen Balerdi Balerdirekin, baina berriz ere martxan jarri ginen eta gogotsu gaude.
Maxi single batean dator lan hau, bi kantu sartu dituzue grabatutako lauetatik. Hautu estetikoa da?
Bai, estetikoa izan da. ‘Udaberri alua’ udaberri partean ateratzea egokia iruditzen zitzaidan, nahiz eta dena grabatuta genuen askoz ere lehenagotik. Bi abestiko single formatua asko gustatzen zait, batean kantu azkarra eta bestean mantsoagoa doana. Aitortu behar dut hasieran EP bat zela, lau abestiekin, baina iraupenek eta abarrek ez zuten uzten eta hiru soilik sartzea arraroa iruditzen zitzaidan.
Single formatu hau zure haurtzaroko kontua da akaso, ezta?
Parte hartu dudan talde guztietan falta zitzaidan formatu bakarra zen. Balerdi Balerdirekin CDak egin ditugu, lehen grabazioa hamar hazbeteko diskoa izan zen eta lehenagoko Motos taldean EP bat egin nuen eta Fiebre taldean LP bat. Hortaz, binilo formatu guztietan kaleratu dut zerbait.
Udaberrian atera da ‘Udaberri alua’ diozun bezala, negua nahiago duzu?
Ez ez, udaberria zoragarria da niretzat. Aurreko hilabeteetan gaizki pasa duen edota esperientzia txarrak izan dituanerentzat udaberriaren loratzea krudela izan daiteke, ordea. Gaizki pasa duen denbora guzti horri begira jarrita munduak betiko moduan berpizten segitzen duelako eta bera animikoki ez dagoelako prest.
Diskoaren azalean belardi berde-berde bat ikusten da, eta interesgarria da. Naturako elementu hain sinple bat ikustera ez gaude ohituta halako azal batean.
Lagun batek egindako argazki batetik abiatuta egina dago. Ez genuen sekulako lore eder bat erakutsi nahi, zerbait sinple eta arrunt bat nahi genuen erakutsi.
Zuen musika ere horrela ulertu daiteke, sinplea eder egitea da nahi duzuena?
Batzuetan bai. Musika hitz larrietan oso konplikatua da, baina abestiak egitean sinpletasuna da nagusi. Melodia, erritmoa eta hitzak. Batzuetan kontrastean eta beste batzuetan ados, halako osotasun bat egiteko.
Hau da, abestiak ekoizpenaren gainetik jarri behar direla.
Bai bai, noski baietz.
Patrick Modianoren liburu bat bada zuen diskoaren titulu bera daramana.
Euskaratu zuena Pello Lizarralde laguna da eta bera da gure hitz askoren sortzaile. Irakurria dut baina ez du diskoarekin loturarik. Liburua bere garaian irakurri nuen, izenburuak atentzioa emanda, gero jakin nuen frantsesez beste kontzeptu bat zela izenburuan zeramana ‘Zakurren udaberria’ edo halako zerbait.
Zuen musika zein hamarkadatan kokatuko zenuke?
Besteei galdetu beharko nieke. The Kinks akaso zaharrak dira niretzat ere, baina M.O.D. edota Kaliforniako 80. hamarkada hasierako musika, The Beat edo halako taldeak etortzen dira burura, gauza asko new wave delakoaren inguruan. Estatu Batuetan sortu ziren Los Lobos ere gustatzen zait eta baita haien mundua ere. Handinahi handirik gabeko musikariak iruditzen zaizkit eta halakoak dira nik nahiago ditudanak.
‘Bizi bedi rock & rolla’ diozue segidan. Rocka edo zaleak zahartu dira?
Biak, jakina. Baina rocka bera 50. hamarkadan baztertzen hasi ziren, The Beatles edota The Rolling Stones taldeek berreskuratu zuten Erresuma Batutik guztia, nahiz eta balada eta halakoen mesedetan kontrako mugimendua zegoen Estatu Batuetan. Baina zorionez oraindik rocka egiten da eta egingo da, estilo askotan eta zentzu zabalenean. Kanta berriak egiteko prozedura bat dagoela uste dut egun eta horrek bizirik mantentzen du rocka. Gure kasuan, heavy kutsu bat ere badagoela uste dut abesti honetan, nahiz eta nik halakorik ez dakidan egiten!
70etako musika dago abesti honetan gehien.
Akaso musika estilo hau gehiago kontsumitu dut azken denboran eta estilo horretan gehiago kokatzen nuen rockaren inguruko gogoeta hau, sinplea bada ere.
Julen Leuzak familiako kide izanda, hitzetan diozunaz zer pentsatzen du?
Ez dakit, ez dut berarekin komentatu-eta, kar-kar.
Diot nafarroako gazteek rocketik aparte sekulako aniztasuna erakutsi dutelako, tartean Julenek Goxua'N Salsan.
Bai, eta gainera Julenek badu nire aintzinako musika munduarekin loturarik. Patxi Osinaga eta biok Kontuz hi! edota Motos taldeetan ibiltzeaz aparte, Tocamás taldean musika erdi salseroa egin genuelako gitarra akustikoekin. Julenek eta konpainiak egiten dutena ordea oso aberatsa da eta sekulako indarra du.
Letran ironia dago, hortaz.
Beno, eta kezka bat ere bai, denboran mantentzen dena. Baina espero dezagun Iruñean datorren astean rocka entzutea eta luzaroan egon dadila.
Rockak jende asko mugitzen ere badaki, Rotten XIII edota Tatxers fenomenoak ikusi besterik ez dago.
Bai bai, eta Tatxersek egiten duena zinez interesgarria iruditzen zait.
Zuek 1991n publikatzen duzue lehendabiziko diskoa, mundu mailan musikaren historian markatutako urtea, kontziente zarete horrekin?
Ez dut gehiegi pentsatzen horretaz. Orduan ere gustukoa nuen musikaren inguruko abestiak sortzen nituen, Fiebre taldeko esperientziatik erreta bukatu nuen ez nuelako nire gustuko musika kaleratzen. Alferkeriagatik e? Ez inork behartzen ninduelako! Bada, garai horietan, 80etan, musika asko entzun nuen, urte bereziak izan ziren niretzat eta hortik sortu ziren abesti berri hauek Balerdi Balerdirentzat.
Esan daiteke gurpil baten pare ibili zarela.
Bai bai, geratu ere egin gabe batetik bestera. Lehen abestiak maketa moduan erritmo kutxarekin sortu nituen, gero Zara batu zen bateriarekin beste maketa bat eginaz, atzetik Marino Goñi batu zen hirukoa bihurtuz eta atzetik Blanca etorri zen. Lagun talde baten musika taldea zen eta gero desanimatu egin ginen, baina bueltan Zara eta biok jarraitu dugu eta oso pozik gaude bidean izan ditugun musikari guztiak lagun izateaz.
Hainbeste urte eta gero oholtzan mantentzea da zure nahia?
Oholtza oso gutxi zapaltzen dugu eta jo eta kantatu behar dugun guztietan oso urduri jartzen naiz. Baina gustatzen zait eta beste urte pare batean jarraitu nahiko nuke bertan, gutxienez.
Esan duzu oholtza asko ez dituzuela zapaltzen, diskoa berriaren irteerarekin ere ez?
Diskoa kontzertuak lotu asmoz atera dugu. Gure burua nahikoa galduta ikusten genuen, bereziki pandemiako bi urteetan musikatik ia kanpo izan gara. Entseatzeko eta arazoak izan ditugu, baina jarraitu nahi dugu sortzen eta baita zuzenean jotzen ere. Grabatzea gustatzen zait, baina gero bertan beti muturra okertzen didaten gauzak topatzen ditut, egindakoa hobetzeko modua ikusten dudalako. Baina zuzenean hankasartzeak egitea ere zilegi da eta disfrutatzea da gure asmoa. Ea etortzen diren!
Iñigo Irazokirekin eta zuzenean grabatuta dago?
Lehen oinarria bai, gitarraren konponketak eta ahotsak beste hartualdietan noski.
Gitarra jostariak ditu ‘Gurpilen antzera’ kantuak.
Bo Diddley gustuko dudala nabaria da abesti honetan, bere erritmoak maite ditut.
‘Azken kanta’ nostalgikoa da, baina ez da azkena argi utzi diguzunez.
Ez ez, ‘Bizi bedi rock & rolla’ beranduago etorri zen eta berriak ere sortuta ditugu dagoeneko, horiekin ere zerbait egiteko denbora dugunean kontatuko dugu. Baina zaletuak garen musikariz osatutako taldeak gara eta erdi profesionala den bakarra Petti da eta bere hainbat proiektutako bat da Balerdi Balerdi, hortaz, ahal denean egingo dugu.
Azken kanta honek sortzen dit beste galdera bat. Toño Murorentzat non dago kantu on baten gakoa?
Niretzat bereziki melodian, baina melodia erritmorik gabe ez da ezer. Hala ere melodia da garrantzitsuena. Akaso ingelesezko kantuak entzun ditudalako gehien eta horrekin hunkitu nautelako. Baina errepikatzen dut erritmoarekin duela lotura. Hitzak ez dute horrenbesterako pisurik nire ustez abestietan, beharrezkoak dira eta landu behar dira. Gainera, gehiago kostatzen zait hitzak sortu eta egokitzea, baina melodia bat da gehien iristen zaidana.
‘Azken kanta’ behin izan zen azkena, baina ez da azkena izango hortaz. Gozatu eta urduritasun hori etorri dadila, kontzertuak badituzuen seinale izango da-eta.
Mila esker antenako tarte hau ematearren eta desio on guztiengatik.