Zuzenean

Elkarrizketa
Harkaitz Arteaga eta Aimar Jimenez
Zinez taldeko musikariak

«Atipikoa, ezohikoa den jendea, hori da falta dena, hori da pixka bat utopikoa»

Barkamena eskatuz hasi behar dugu elkarrizketa hau, despistatuta harrapatu gintuelako iaz kaleratutako ‘Buruhausteak’ lehen diskoak. Ainara Gorostidi, Ekaitz Larraia, Asier Murugarren, June Txibite, Harkaitz Arteaga eta Aimar Jimenez dira taldekoak eta MusikHaria saioan izan dira EPa aurkezten.

Audio_placeholder

«Atipikoa, ezohikoa den jendea, hori da falta dena, hori da pixka bat utopikoa»

Loading player...
Zinez seikote nafarrak lehen diskoa kaleratu ostean ‘Izan ala ez izan’ EPa kaleratu du orain.
Zinez seikote nafarrak lehen diskoa kaleratu ostean ‘Izan ala ez izan’ EPa kaleratu du orain. (Iker PEREZ)

Egun on, zer moduz?

Ongi gaude.

EP batekin zatozte orain, baina noiz atera zenuten diskoa?

Harkaitz Arteaga: Iazko martxoa-apirilean kaleratu genuen.

Hau zer izan da, diskoari bigarren bizitza bat emateko edota zuzenekoetarako zenituzten kantuak ateratzeko nahia zen?

Aimar Jimenez: Hasiera batean ‘Erretzen’ soilik kaleratu nahi genuen eta argi geneukan Burutik taldearekin izango zela. Gure soinua bilatzen gabiltza eta ez dakigu hau izango den edo ez, horregatik duen izenburua du EPak. Baina, gorabehera batzuk tarteko, gure buruari beste hiru abesti grabatu eta gure erreferente diren beste bi talde ere gonbidatu genituen parte hartzera eta baietz esan ziguten, espero ez genuenean.

Ez zenutela espero esan duzue, baina haiek ere badakite zer den hasten ari denari laguntzea zer den. Dena dela, nola konposatzen dituzue abestiak?

H.A.: Aimar eta June dira konposatzen onak eta haiek ekartzen dituzte ideia batzuk lokalera eta hor garatzen ditugu ideiak.

Zuen musikak utze batzuk atzera egitea ekartzen dit, zeintzuk dira zuen erreferenteak?

A.J.: Zeharo desberdinak gara. Batek rocka entzuten du, besteak jazza, punka, reggaetoia… denetarik entzuten dugu eta bertsioak hautatzerakoan gatazka asko izaten ditugu. Berri Txarrak bada komunean dugun erreferentzia bat, baina kolaboratu duten taldeak ere baditugu pil-pilean gure artean.

H.A..: Erreferenteen artean Iruñerriko taldeak ditugula esango nuke, gure inguruan dabiltzanak.

‘Iristen ez den’ kantuak badu Berri Txarraken zerbait eta ekartzen digu gogora Lekunberriko taldea, baina baita Kerobia ere. Ez dakit Aimar haiengan izan ote duzun inspirazio iturri bat.

A.J.: Sinteekin nahikoa klasikoa naiz, baina Olaia Inziarteren emanaldi bat ikusi nuen eta hor etorri zitzaidan burura sintetizadoreak sartu behar nituela, bai ala bai. Estudioan Josu Ervitik lagundu zigun asko sintetizadoreen soinu eta kokapenaren bilaketan.

Konponketa armonikoa ere asko gustatzen zait, minorretik maiorretara errepikan egiten den aldaketa eta berriz minorretara itzultzeko modu hori. Nork egina da konponketa hori?

A.J.: Egia esan Berri Txarrak taldearen ‘Zaldi zauritua’ kantutik lapurtutako ideia da hori. Hortik egiten dut tonalitate berean minorretik maiorrera pasatzearena.

H.A.: Berriz minorrera itzultzearena Ekaitz gitarra-jotzailearen errua da erabat, etxetik ekarri zuen ideia.

Bonboan pedal bikoitza ere entzun daiteke.

A.J.: Diskoan gehiago erabiltzeko asmoa genuen, baina soinuan asko zikintzen zigula esan ziguten estudioan eta kasu egin genion.

Letrari erreparatuz, etorkizun beltzaren aurrean dauden gazte batzuk ikusten ditut, kapitalismoari kritika eginaz. Etorkizunean zer dagoen ikusten ez duen ke gortina bat ere baduzue aurrean.

A.J.: Hezkuntza sistemari egindako kritika bat dago honen atzean. Eskolan ez digute irakasten bizirauten, bizitza errealari aurre egiten ez digute erakusten eta hori da salatzen duguna.

Ibil Bedik kolaboratzen du baina ‘Utopikoak garen hirian’ kantuan eta haien eragina ikusten da introan.

A.J.: Bada hori estudioan egindako moldaketa bat da, hasiera batean guk ahots bakarra aurkeztu genuelako.

Taldeko nork hartzen dute parte?

H.A.: Ibaik eta Ametsek.

A.J.: Diskoa dator aste honetan eta oso guay dagoela esan dezaket.

H.A.: Gainera lehen diskoa Ibai Osinagaren estudioan grabatu genuen eta oso pozik geratu ginen emaitzarekin.

‘Utopikoak garen hirian’ abestiari helduz berriz ere, errepikako armonian dago enfasia jarrita ezta?

H.A.: Bai nik uste dut hor dagoela abestian atentzio gehien ematen duen zatia.

A.J.: June izan zen hau egin zuena. Kosta egin zitzaigun kantuaren beste zatiekin buruan sartzea, baina oso ona iruditzen zitzaigunez, kaskagogortu eta bukaeraraino iritsi genean.

H.A.: Hori da, osorik entzuten dugunean barneratu egiten da.

Non dago zuentzat utopia?

H.A.: Taldekide batek idazten du letra baina ez dakigu zertaz ari garen askotan, azalpena jasotzean harritu egiten gara, aurretik gogoeta egiten dugulako norberak berea.

A.J.: Baina utopia hitza atipikoarekin lotzen da hemen, atipikoa, ezohikoa den jendea, hori delako falta dena, hori da pixka bat utopikoa dena abesti honetan. Gu saiatzen gara atipikoak izaten, ohikotik pixka bat ihes egiten.

Kantuz kantu pop eta rock doinuak entzuten ari gara, baina bapatean ‘Erortzen hasi dira’ kantuaren intro souleroa eta hammondarekin egiten dugu topo. Nori dagokio orain zuzenean hori defendatzearen marroia?

H.A.: Kontzertu hasieran pintxatu egiten dugu, hortaz, ez du inork abestu beharrik, kar-kar. Lorena Aisa da hori abesten duena, gero batzen dira Tasio Lopez de Gereñu eta Idoia Tapia. Lorena sei urte nituelarik ezagutzen nuen eta harentzat idatzi nuen intro hau, estudioan nahi zuena egiteko eskatu nion, hark nahi nuena emango zidanaren jakitun.

A.J.: Sinte eta teklatuekin kontrastean ibili gara, aurreko diskoan batez ere hemen entzuten diren hammond eta pianoa soilik genituen. Baina introtik harago doazen sinte eta abarretan esperimentatu dugu dezente eta beste mundu bat zabaltzen da.

H.A.: Nik taldekoei galdetzen diet batzuetan ea ongi dagoen edo gehiegi ote den. Orokorrean atzeko planoan geratzen da eta haizezko instrumentuak diren edota galaktikoagoa den, ez dira gehiegi kexatzen eta onartzen dituzte.

Abesti honetan nora erortzen hasi diren ez dakigu edota zer erortzen hasi diren. Zein puntutatik heltzen dio idazleak kantuari?

H.A.: Askotan gizakikok dena garela sinisten dugu, baina gero jabetzen gara ez garela ezer. Zer da izotz urtu bat eskuan? Bada ezer ez. Hortaz kantuaren titulua, mundua zure gainean erortzen hasten den uneari erreferentzia eginaz dago jarrita.

Hiru abesti hauek Ander Arangurenen ilustrazioekin jantzi dituzue sareetan.

H.A.: Ideiak eman genizkion baina gero berak garatu du guztia.

A.J.: Hori da, erakutsi zizkigun, asko gustatu zitzaizkigun eta aurrera egin genuen.

EParen diseinua ere dotorea da. Zein zen ideia?

A.J.: Ibai Murugarrenek egin du edizio fisikoaren diseinua. Hasiera batean beste kolore batzuk nahi genituen erabili, ez hain ilunak. Baina berak balantzaren ideia eman zigun, hasiera batean logo bezala erabiltzeko zena, bi zeta daudelako hor irudi hori sortuz, baina asko gustatu zitzaigun eta diskoko azalera eraman dugu.

LGTBIQ+ alde egindako ‘Erretzen’ kantuaren bideoklipak ekoizpen lan pixka bat emango zuen.

H.A.: Bai, Iker Perezekin nola egin pentsatu genuen, zuzendaria bera zelako. Baina baita Mar protagonistarekin ere, bere istorioa ere badelako, eta aske utzi nahi genion bere zatietan nahi genuena egin zezan.

Bada emaitza hori lortzen duzue. Transmititzen du askatasunaren sentsazioko irribarrearekin. Baina Porrotx, euskal trabestiak, Naizeneko jendea… izan dituzue ondoan. Mugarri bat da zuentzat?

H.A.: Euskara zaila du, baina mezua barruraino iristen dela uste dut eta arrakasta gehien lortu duena izan da zalantzarik gabe.

A.J.: Asko identifikatuta sentitzen da mezu horrekin.

Burutik taldeko Jokin Barriola eta Luar Alberdi daude abesten ezta?

A.J.: Eta Asier Capon ere bai, bideoklipean egon ezin izan zuen arren.

Erreferentea bihurtu da Iruñerriko gazteen artean, ezta?

H.A.: Erreferente eta laguna.

A.J.: Eta musikari puska, sekulako lana egiten ari da.

Abesti honek gauza asko ditu. Zuek nola irudikatzen duzue zuen buruan?

A.J.: Aldaketa asko izan ditu eta hau zen grabatu genuen lehen abestia.

H.A.: Buelta gehien eman dizkiogun abestia izan da.

Zuzenekoak, nola dituzue?

H.A: Bada datorren astean-edo kaleratuko dugu kontzertuen zerrenda eta adi ibili, udan kontzertu dezente ditugulako, oso pozik gaude horrekin.

Bada ‘Erretzen’ kantuak iradokitzen duen akelarre giro horrekin gozatu dezazuela zuzenekoetan.

A.J.: Mila esker gonbidapenagatik, plazera.

Jaurlaritza Logoa