Zuzenean

Euskal musikako sorkuntza ez dela izozten ikusi dugu ‘Zarata’ tartean

Asteroko legez lau proposamen berri luzatu dizkigu Iker Bárbara Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak MusikHaria saioan egiten duen tartean. Lehenengo abestia plazaratzen duen talde bat, BCore zigiluarekin diskoa kaleratzear den bat eta hiru proiekturen arteko kolaborazio bat ekarri ditu, besteak beste.

Audio_placeholder

Euskal musikako sorkuntza ez dela izozten ikusi dugu ‘Zarata’ tartean

Loading player...
Zigilu txiki askoren artean, BCore Bartzelonakoarena nabarmentzen da Comic Sans taldearen azken argitalpenean
Zigilu txiki askoren artean, BCore Bartzelonakoarena nabarmentzen da Comic Sans taldearen azken argitalpenean (Comic Sans)

Vivak ft. Bihar ft. Esanezin - Plegu
2021aren bueltan ezagutu genituen hiru proiekturen elkarlanarekin hasi du haste honetako tartea Iker Bárbarak: «Ohituta gaude kolaborazioak ikusten doinu urbanoetan edota rock eszenan, baina kasu honetan berezia da gertatu dena. Hiru proiektu elkartu dira eta abesti bat sortu dute; proiektu gazteak, akustikoak eta sentikorrak dira, gainera folkaren bueltan dabiltza eta horrek are bereziagoa egiten du kantu hau».

Ziraun - Bizitza baten zirriborroa
Urte berriarekin proiektu berriek ere argia ikusi dute eta horietako bat da Zaratako zuzendariak bigarren tokian ekarri diguna: «Ziraun Gernikako boskote berria da, jende gaztea batu da bertan eta rock ilun melodikoa jorratzen dutela diote. Lehen abestia atera dute eta ikusiko dugu zer etortzen den hemendik aurrera, baina lehen lagina ona izan da. Beren burua aurkeztu dute bideoklip batean eta ez dakigu diskoa etorriko den edo ez. Lehen abesti honen atzetik edozer gauza etorri daiteke, bigarren single bat edo diskoa, ez dugu ezer baztertuko. Izan daiteke baita ere Gernikako Lekuek jaialdiko kartelean izatea, gernikarrak izanik, herrian bertan aukerarik ez zaielako faltako».

The Lookers - Feed the shadow
Batzuk berriak eta beste batzuk urteurrenak betetzen ari direnak. Urruñatik dator hirugarren proposamena: «10 urte pasa dira talde hau sortu zenetik eta disko eta EP batzuk utzi dituzte. Asko maite izan dugu Zaratan betidanik, hiruko gazte honek garage-punk estiloan oso ondo egin dituelako gauzak. Orain disko berria dator, otsailaren 3an, ‘Sabotage & fun’, eta sorpresan harrapatu gaituzte. Folk edota americana estilora egiten dute salto atera duten abesti honetan. David Johnston musikaria hil zela hiru urte pasa dira eta ari eskutitza zuzendu diote kantu honetan, omenaldi moduko bat egin diote».

Comic Sans - Comic Sans
Udaberria aurretik aterako du lan berria Comic Sans talde donostiarrak. Hori izan da Iker Bárbararen aste honetako azken proposamena: «Martxoaren 3an kaleratuko dut B-Core zigiluarekin eta beste hiru zigilurekin elkarlanean ‘Éramos felices y no lo sabíamos’. B-Coreko eta Calaventoko taldeen soinua etortzen zaigu. Letra barregarria iruditu zait eta abestia hit bat, melodikoa oso».

Jaurlaritza Logoa