Zuzenean
Urtea hasi orduko disko berriak kaleratzear dituzte Bengo, Eider, Sara Azurza, Smile, Rö, Chico y Chica edota Duobite proiektuek. «Gauza interesgarri dezente datoz eta hori ere poztekoa da», esan digu Iker Bárbarak.
Aránzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi - Ez ahantzi erranairua
Baina neguan pelikulen estreinaldiak ere izaten dira. Urte berriko uztarekin abiatu du Bárbarak eta horkoa da ‘Irati’ pelikularako egindako abesti hau, Aránzazu Calleja eta Maite Arroitajauregirena. «Pelikularen soinu banda nahikoa iluna da, baina guztietatik argiena ekarri nahi izan dut tarte honetara. Paul Urkijo gasteiztarra da pelikularen zuzendaria, baina bera ere musikaria da eta hori aipagarria iruditzen zait. Pelikulak Film Affinityn 6,7ko puntuazioa du eta hori nahikoa ona dela esan dezakegu, hortaz, estreinaldiaren zain geratuko gara», nabarmendu du Bárbarak. Goya sarietarako izendapena ere badu eta sariak pelikula estreinatu baino bi aste lehenago banatuko dira, bitartean, soinu bandaz gozatzeko aukera dugu.
Five Pence Game ft. Eyes - Outsider
Donostiatik datorren proiektua da bigarren tokian ekarri diguna. «Ally Morton dago proiektu honen atzean, Newcastlegoa jaiotzez, Massa Confusa taldekoa ere badena eta, orain, beasaindarra den Eyes abeslariarekin elkartu da kantu fin hau egin eta publikatzeko. Kolaborazioak egitea gustatzen zaio Mortoni eta haiekin elkarlanean kantuak idaztea. Kasu honetan, Massive Attack, Uncle, Gorillaz, Bonobo, Björk… halakoak izan dituzte erreferentzia, denak ere elektronikatik edaten dutenak eta pop eta rockarekin lotzen direnak», aipatu digu bilbotarrak.
Garraio ft. Nahianovo - Smartphone
«Gauza tradizionalagoak modernoagoekin nahastea ohikoagoa bihurtzen ari da, eta rocka eta emoa bezalako kontuak nahasten dituzte soinu berriagoekin abesti honetan Garraio eta Nahianovok. Irudia egin duena Nahia bera dela esango nuke, Instagramen begiratuta, marrazki asko egin dituela ikusi dugulako, Malakiasen diseinuak besteak beste. Baina ez daukagu informazio askorik, ez zaigulako iristen eta sarean topatzen dugunaren arabera zabaltzen dugu guk ere musika eta proiektu berrien inguruko informazioa. Ez bagenuke horrela egingo, eszenan dagoen gauza interesgarri asko ezingo genituzke zabaldu», adierazi du Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak.
BUG - Hegal egiten
Kasu honetan ere Instagramen oinarritutako informaziotik abiatu gara, Mendillorri etiketa moduan jarrita duen BUG taldea aipatzeko. «Taldearen lehen kantua da eta ez da bertsio bat. Ez zait iruditu Itoizen kantu mitikoaren erreferentzia garbirik duenik. Taldearen lehen kantua izateko oso interesgarria da eta ikusiko dugu zer etortzen den gerora. Atentzioa eman dit taldekideetako batek Cicatriz taldearen kamiseta duela jantzita jarri duten argazkian, baina informaziorik ez dago apenas. Bideoklipa ere egin dute, sinplea dirudiena, baina oso ondo eginda dagoena», bukatu du Bárbarak.