Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Iker Bárbarak urteko lau proposamen interesgarrienak hautatu ditu urteko azken ‘Zarata’ tartean

Urte oparoa izan da beste behin euskal musikaren panoraman eta horien artetik lau luzatu dizkigu urtea bukatu aurretik Iker Bárbara kazetari bilbotarrak.

Audio_placeholder

Iker Bárbarak urteko lau proposamen interesgarrienak hautatu ditu urteko azken ‘Zarata’ tartean

Loading player...
‘Vulk ez da’ diskoarekin euskararako saltoa eman du talde bilbotarrak.
‘Vulk ez da’ diskoarekin euskararako saltoa eman du talde bilbotarrak. (Aitor MENDILIBAR)

«Lana bukatzeko irrikitan nago, nahiz eta aste luzea dudan aurretik, erritmoa baretzeko balioko didatelako datozen egunek», hasi du bere tartea kazetari bilbotarrak. Asteburuan Bilbo aldean mugimendu dezente izan dela aipatu du, gau giro ederra egon dela: «Klub batean izan nintzen musika jartzen eta alde zaharra goraino beteta zegoen, enpresa afariak, lagunen artekoak… jende asko ibili zen».

MICE - Ernaltzen

Urtea ixteko, lau proposamen luzatu dizkigu eta horietatik lehenengoa MICE taldearena izan da: «Mirenen bakarkako proiektua oso interesgarria da. Bere estiloa, sentimendua eta proposamena asko gustatu izan zaizkit betidanik, Napoka Iria garaietatik. Orain gainera instrumentu gabe abesten ere ikusi dugu eta aurrerapauso garrantzitsua dela iruditzen zait hori ere. Proposamen benetan interesgarria 2022ko ‘Lautada’».

Zea Mays - Kemena

Zea Maysek sekulan ere ez dio utziko entzuleak harritzeari eta horren isla izan da 2022ko diskoa ere. «Ez dakit zure gauza bera pasa zaizun, baina diskorik ez genuen espero, singleak soilik zirela uste nuen, eta bat-batean diskoa etorri da. Gauza berezi asko daude, Rozalénekin egindako kolaborazioa, Doctor Deseoren ‘Corazón de tango’ kantuaren bertsioa, bost ekoizlerekin lan egin izana, eta a zer bost ekoizle diren gainera… Kantu hau hautatu dut oso melodikoa delako eta diskoan nabarmentzeko modukoa iruditzen zaidalako».

Vulk - Hamar lagun baten kontra

Disko batek urte hasieran irteten denean, urteko onenen zerrendan sartu gabe geratzeko arriskua izaten du ahanzturaren erruz. «Talde handiek soilik pentsatzen dute disko bat urte hasieran ateratzea dela arriskutsua, baina underground mugimenduko taldeek ez diote hainbeste erreparatzen horri eta talde horietako bat da Vulk. Disko hau presarik gabe egina dago, aurrekotik 4 urte pasa direlako eta iazko Zinebi jaialdian aurkeztu zuten kontzertu oso berezi batekin. Hizkuntza ere aldatu dute, ingelesetik euskarara pasa baitira pixkanaka. Oso interesgarria iruditzen zait proposamen hau eta diskoko lehen kantua hautatu dut, lehenengo diskoko soinua gogoratzen didalako, Vulk identifikatzen delako lehen notak entzun orduko», esan digu Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak.

Ezpalak - Kontran

Iaz ‘Kolpatu Topatu’ diskoa Zaratako top zerrendan ibili zen eta aurten ere antzeko bidetik izango dela aurreratu digu bukatzeko Iker Bárbarak: «Urtero diskoa atera dute eta formula errepikatu gabe. Badu bere arima, baina ‘Hortz aina hots’ zikinagoa da, punk izpiritua ere baduena. Disko gogorragoa da, sorpresa bat izan da hartu duten bidea. Juanjo Berasain, azken bi urtetan, eszenako frontman garrantzitsuetako bat izatera pasa da euskaraz abestera pasa denean, hizkuntza bera jakin gabe gainera. Rodeorekin ari dira bira egiten eta, urtea bukatzerako, proposamen indartsuak maite dutenentzat oraindik bada aukerarik bi taldeak zuzenean ikusi ahal izateko».

Jaurlaritza Logoa