Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Popa, post-rocka, elektronika eta errimak aste honetako ‘Zarata’ tartean

Ibilbide luzea eta ez hain luzea duten artistak tartekatu ditu Iker Bárbara bilbotarrak aste honetako tartean. Abesti landuak eta letra interesgarriak, baita momentua aprobetxatzen dakien artistaren baten abestia ere. Beste behin, hautaketa dotorea egin digu ‘Zarata’ tartean Mondo Sonoroko kideak.

Audio_placeholder

Popa, post-rocka, elektronika eta errimak aste honetako ‘Zarata’ tartean

Loading player...
EP bat kaleratu ostean, musika berriarekin dator Aro.
EP bat kaleratu ostean, musika berriarekin dator Aro. (@arorrmzk)

Aro - Beti bihar

Aro proiektua ekarri du besteen artean Iker Bárbarak aste honetarako: «Dakidan gauza bakarra da Gartxot Unsainekin aritu dela, musika eta letrak idazterakoan parte hartu duelako, eta Eñaut Gaztañagarekin izan direla estudioan». Lehengusu-lehengusina harremana dute biek ere eta txikitatik dabiltza musika munduan, Arramazka taldean ere aritu zen Aitzol anaiarekin Aroa Lasa eta iaz EP bat kaleratu zuen, baina ez zuen zabalkunde gehiegi izan, berak hala nahi izan zuelako. «Interesgarria da elkarrekin egin dutena eta nork ez luke nahi Gartxot bezalako lehengusu bat familian, elkartu eta bien artean musika egiteko aukera edukita gainera», dio Bárbarak.

Sara Azurza - Hemen berriro

Sara Azurzaren musika ekarri digu bigarren tokian bilbotarrak, hainbat lehiaketetatik ezagutzen du abeslari donostiarra: «Diskoa estiloz zabala izango dela dirudi, hortaz, interesgarria izango da disko batean zer garatu duen ikustea. Aurrerapen kantu honen bideoklipa ikustea gomendatzen dut, Bárbara Fernándezek zuendu duena. Diskoa urtarrila bukatu aurretik kaleratuko du eta popa, soula eta halako kontuak entzungo ditugulakoan nago».

Ṙo - Hümean hümeko

Talde azkoitiarrak ‘Athalase’ diskoa atera zuenean erakutsi zuen sekulako gaitasuna duela, baina disko berriarekin beste pausu bat eman nahi dutela esan daiteke: «Nabari da gogor datozela. Aurreko astean estreinatu genuen bideoklipa, abesti luzea eta landua kaleratu dute, melodia dotoreekin, eta Sanagustin kulturgunean grabatu zituzten irudiez jantzi dute dena. ‘Baiagoan’ disko berria astearen bukaeran ezagutuko dugu eta gogotsu nago zer datorren ikusteko».

Calero LDN - Como Shakira a Piqué

Akaso oihartzun gehiegi ematen ari gara komunikabideak Bizarrap eta Shakiraren arteko kolaboraziotik sortu den abestiari, baina kasu honetan arrazoia beste bat da. Basauritik dator albistea Iker Bárbararen eskutik: «Gaztea den arren, beteranoa da rap munduan Calero LDN, urte asko darama lanean eta kolaborazio oso interesgarriak egin ditu. Iker Calero da bere izen artistikoaren atzean dagoena, ahots zakarra du eta akaso ez da hain ezaguna euskal eszenan. Single asko kaleratzen dituen arren, jendeak, akaso, 2021eko diskoan Lendakaris Muertos taldekoekin egin zuen kolaborazioagatik ezagutuko du. Orain egin duen abesti honetan, Shakiraren afera baliatu du letraren abiapuntu moduan. Abesti sentikorra da, bere bizipenak biltzen dituena, eta momentua aprobetxatzen jakin du eta ikustaldi asko pilatu ditu ordu gutxian».

Jaurlaritza Logoa