Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Gontzal Bilbao, Ibon Bilbao ‘Topo’ eta Gorka Melero
Ama Say taldeko kideak

«Estudioa toki magikoa da, buruz irekita joaten garelako eta esperimentatzea maite dugulako»

90etako hamarkadan estilo berri batekin agertu zen eszenan Ama Say talde bizkaitarra. Birritan geratu ostean, taldeak 20 urte betetzen dituenean, bueltan dira disko berriarekin, ‘Ero Bomb’. Durangoko Azokan elkartu gara haiekin eta azken lanari buruzkoak kontatu dizkigute.

Audio_placeholder

«Estudioa toki magikoa da, buruz irekita joaten garelako eta esperimentatzea maite dugulako»

Loading player...
Bost taldekide, bost herri eta bost arima biltzen ditu egun Ama Say taldeak.
Bost taldekide, bost herri eta bost arima biltzen ditu egun Ama Say taldeak. (AMA SAY)

Boskotean osatutako diskoa argitaratu berri du Bonberenea Ekintzak zigiluarekin Ama Say taldeak. Gontzal eta Ibon Bilbao anaiez gainera, Mikel Gonzalez, Gorka Melero eta Karlos Osinaga ‘Txap’ dira egun kideak. Bost kantuz osatutako lan laburra atera dute eta gogotsu daude zuzenean aurkezteko.

Esan dugu, ibilbide luzeko musikariak zaretela. Nolakoa izan da bi pausa egitea ibilbidean, hasiera frenetiko haren ostean?

Ibon Bilbao ‘Topo’: Taldea hasieratik da berezia, sorreratik bizi nintzelako Bartzelonan, horrek asko baldintzatu zuen taldea. Lehen diskoak atera ostean Bartzelonara itzuli nintzen eta han geratu ginen halabeharrez. Bigarren diskoa egiterakoan, Ortuellan, liburutegi bat eraikitzen, arkitekto lanak egin nituelako aprobetxatu genuen. Oraingoan, Bonberenearen 25. urteurrena dela eta sortu da aukera hau. Horrela gabiltza sartu-irtenean musikaren mundu honetan.

Halako anaia izatea taldean ez da erraza izango, ezta Gontzal?

Gontzal: Zaila da baina beti izan da plazer hutsa, sormenaren aldetik oso aberatsa delako eta horregatik gaude hemen.

Gorka, zuk taldean sartzean flipatuko zenuen, ezta?

Gorka Melero: Ni taldean ‘Ren Fan’ kaleratu aurretik sartu nintzen eta sekulako ohorea izan zen, umetan ezagutu nuen taldea izan zelako.

30 urte hauetan noise musika izan da protagonista zuen sorkuntzan. Oraingoan, ordea, diskoa irekitzen duen kantuaren tituluak ematen du atentzioa.

G.B.: ‘Matria’ Patriaren kontra doa. Mundua gizonen kontu bat dela pentsatu izan dugu beti, baina zorionez gaur egun ez dugu horrela ikusten, dena zabaltzen ari da eta dena eraldatzen ari da. Hori da abestian iradoki nahi izan duguna.

Musika estiloaz gainera, hizkuntzen nahasketa izan da zuen zigilua, euskara eta ingelesa nahastu zenituztelako hasiera haietan. Orduan arraroa zena egun naturala da?

G.B.: Denboraren poderioz zerbait oso naturala izan da eta horregatik geratu da gurean. Baina hasiera horietan berezia zen, ingelesaren eta euskararen fonetikarekin jolasten genuen eta gustukoa dugun zerbait da.

I.B.: Hirugarren hizkuntza bat ere sartu dugu oraingoan, katalana. Ni katalanez bizi naiz, Bartzelonan, eta nire errealitatea katalanez sortzen denez, disko honetan naturaltasun osoz txertatu dugu.

Estudiotik pasa aurretik zenbat denbora eskaini diozue EP honi?

G.M.: Hemen pisu handiena Toporena da. Berak ekarri zituen ideia nagusienak eta estudiora joan aurretik epe bat jarri genuen entsegu batzuk egiteko. Pare bat astez-edo aritu ginen, intentsitate handiz.

I.B.: Zazpi entsegu baino ez ditugu egin diskoa prestatzeko.

G.B.: Beti horrela izan gara, elur-jausi baten moduan funtzionatu izan dugu. Intentsitate handiko garaiak izaten dira diskoa egiten gabiltzanekoak.

G.M.: Etenaldia zentzu guztietan izaten da taldean diskoen ostean, komunikazioa soilik mantentzen dugu.

I.B.: Talde oso dispertsoa gara Muskiz, Irun, Bartzelona, Elorrio eta Bilbon bizi garelako, horrek ere egiten du berezi.

G.B.: Orain zuzenekoetarako egin beharko dugu lana, auskalo nola, baina egingo dugu.

Entsegu onenak zuzenekoak direla esaten da.

I.B.: Baina lehenengo kontzertua oso berezia izaten da eta batez ere oraingoan, Bonberenean bertan izango delako.

Karlos Osinaga ‘Txap’ batu zaizue taldera eta zuek haren erreferente izango zineten, baina zuek nola ikusten duzue bera?

I.B.: Erreferente bat bezala. Gauzak alderantziz dira orain. Opari bat bezala hartu dugu, gurekin grabatzen eta jotzen egotea, sekulako oparia delako. Lisabö taldea erreferente bat da guretzat.

G.B.: Lagun bat da, eta lagunarteko gauza bat bezala ulertu behar da hau. Horregatik sortzen dira gauza sakon hauek, ondo eginda daudenak eta disfrutatzen gabiltzanak. Emaitzan nabaritzen da gure arteko harremana.

I.B.: Grabaketa garaia garrantzitsua izan zen, egun asko pasa genituen Bonberenean. Dena lasai-lasai egin genuen, moldaketa bereziak eginaz eta abar.

Diskoko kantu bakoitzak kolore berezia du. Esaterako, ‘Egunero’ kantuko bonboa hor soilik entzun daiteke eta oso dantzagarria da.

I.B.: Disko guztietan dago dantzagarria den kanturen bat ‘Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen’ diskoan, ‘Ateripean’ eta ‘Say Ama’-n, nola da, ezagunena dena… ‘Papillons noirs’. Barkatu, zaharra naiz eta gauzak ahazten zaizkit, kar-kar.

Ahotsa distortsionatuta dago bertan.

I.B.: Bai, dena errepikakorra dela diogulako.

G.B.: Egunero badaudelako gauza aspergarriak.

G.M.: Grabaketako egunerokotasun horretan gosaltzen ateratako kontu bat dago hor grabatuta, ahots bereziarekin, une horietan irteten ziren kontuak badaudelako.

Zuzenekoan energia-dosia izango da ezta?

I.B.: ‘Papillons noirs’ bezala, kar-kar.

Gitarrak grabatzen ondo pasa duzue, ezta?

G.M.: Bai, Txapekin eta Bonberenean gainera magia egiten da.

G.B.: Baina guretzat estudioa beti toki magikoa da, buruz oso irekita joaten garelako eta esperimentatzea maite dugulako bertan.

Estudiora ideiak jasotzeko irekita joatea garrantzitsua da, baina zuek ere batzuei irekiko zenizkieten belarriak estilo honekin joan zinetenean, ezta?

I.B.: Lehen diskoa Tio Peten grabatu genuen Jose Lastrarekin, eta denontzako izan zen esperimentu bat eta denentzat bihurtu zen erreferentzia bat. Gauzak nola egin, nola grabatu… ikasi genuen.

G.M.: Garrantzitsua da irekita joatea beti eta estilo honetan eskertzen da esperimentaziorako tarte bat edukitzea, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez konturatzeko.

G.B.: Teknikariekin beti egon da harreman estua, bai Lastrarekin, bai Xanperekin eta baita Txapekin ere eta horregatik lortzen dira halako emaitza bereziak, asko esperimentatzen dugulako.

Meatzaldekoak zaretela nabarmendu duzue zuen sareko mezueetan, baina kritiko ere agertu zarete. Asko aldatuko zen dena, ezta?

G.B.: Meatzaldea asko daude, ez gurea soilik. Gizartearen kontua da eta horregatik idatzi dugu testu hori. Gure tokia Meatzaldea da, ama bertan bizi da, ni ere bai, baina gainerakoak ez. Hala ere horrelako egoerak Durangon, Goierrin eta auskalo non ere ematen dira. Globalizazioak dena berdindu du, zorionez edo zoritxarrez, asko aldatu da dena.

Bartzelonatik nola bizi duzu hori, Ibon?

I.B.: Euskadiko trastelekua da Meatzaldea. Askotan hitz egiten da Ezkerraldeaz, baina Meatzaladea ez du inork ezagutzen eta dramatikoagoa da bertako egoera. Gallarta, Trapagaran, Ortuella… norbaiten erabakiz trasteleku hutsa bihurtu dira. Bartzelonatik ikusita oso etsigarria da, toki berezia delako eta jende indartsua dagoelako bertan, gauzak hobetzeko bidean lan asko egin delako eta ez delako lortu ezer sekulan ere.

G.B.: Badirudi Kosovo bat dela, baina ez da erabat horrela. Euskal Herrian eta munduan Meatzaldea asko daude. Mundua nahikoa gaixorik dago eta oreka hori mantentzea oso zaila da. Tolosan (Okzitania) pasa dut astebete eta Frantziak ere badu berea, arazoak edozein tokitan daude.

Esan duzun guztiak zentzua hartzen du ‘Noisean behin’ kantuan «barne zarata isiltzeko, isilei soinua emateko» diozuenean.

I.B.: Esan dituzun hitzak Pauleren hitzak dira.

G.B.: Paule Arima taldekoak parte hartu zuen eta hitz horiek ere idatzi zituen.

Baxuaren lineak markatzen du kantua.

I.B.: Baxutik sortu zen abesti hori eta txistuek western kutsua ematen diote.

Kantuak eztanda ere egiten du zati batean.

I.B.: Abestiak bi egoera azaltzen ditu eta horregatik dago soinu aldaketa hori. Eta ingelesez entzuten den emakume ahotsa Google Translatorrena da, «Your breakfast is ending, start working» diona. Hori ere bururatu zitzaigun eta sartu dugu.

Dinamismo dezente dituzten kantuak dira.

G.B.: Nahikoa gogorrak dira zuzenean defendatzeko, baina forman gaude. Kantuak Topok erdi eginda ekarri zituen Bartzelonatik, ordenagailua atera zuen eta play sakatu zuen entseatzen dugun tokian. Kantuak nola ziren erakutsi zigun eta hortik hasi ginen gainerakoa sortzen.

G.M.: Lan egiteko dinamika nahikoa berezia zen guretzat, baina bagenekien denbora askorik ez genuela eta horrela izan behar zuen.

I.B.: Denbora zen arazoa eta metodologia aldatu beharra zegoen, baina, funtzionatu badu, estudioan tartea izan dugulako da.

Komiki bat ere badu diskoak, berezia gainera.

G.M.: Artista ezezagun bat agertu zaigu eta bere sinpletasunetik egin du hau. Ama Say zalea da eta interesik gabe hasi zen marrazten‘Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen’ diskoaren abestiak komikian plasmatzen. Hortik ‘Say Ama’-rena ere egin zuen eta ‘Ero Bomb’-ekin egiteko esan genio. Berez Bonberenean banatu behar zen, disko aurkezpenean banatu nahi genuen, baina datak aldatu dira eta, ondorioz, diskoa erosten zutenei oparitu diegu Durangoko Azokan.

Diskoaren diseinuan Hodei Estebanek eta Mikel Gonzalezek hartu dute parte. Diseinu oso berezia du.

I.B.: Mikelek gurekin hitz egin du diseinu guztia egiterakoan, taldekidea den aldetik.

G.M.: Diskoaren diseinu kontuarekin proposamen pila bat egiten ditu, sekulako ideia zaparrada botatzen du.

I.B.: Bonbereneako arima du oiloaren eta umearen begiradaren arteko zera horrek, badakizu uneren batean zerbait gertatuko dena.

‘Ero Bomb’ bukaerarako utzi dudan kantua. Desidia eta gauzak erdipurdi egitearen kontrakotasunarekin geratu naiz.

I.B.: Bonba kreatiboa gauzak sortzeko. Sormenean zerbait probokatu behar izaten da askotan eta hori da ‘Ero Bomb’.

Pi.L.T.-k «Hil da jainkoa» esaten zuten eta zuek «Sinisten dot», badu loturarik?

I.B.: Kar-kar, guk Bonberon sinisten dugu.

Kontzertuak badatoz?

I.B.: Martxoaren 11n izango gara Tolosako Bonberenean, Arima taldearekin batera.

G.B.: Bilbon, Gasteizen, Mendaron, Bergaran, Hondarribian… haietan ere izango gara.

I.B.: Baina, lehendabizi ospatzeko, Bonberenean izango da festa.

Jaurlaritza Logoa