Zuzenean
Rocka diskoaren oinarria den arren, jama eta jazza badaude bere baitan. Horrela bizi duzue zuek hori?
Karlos Gomez: Bilatu ez dugu ezer bilatzen, ondo pasatzea baino ez. Inprobisaziotik hasten dira abesti guztiak eta detaile batetik eraikitzen dira abestiak.
Gorka Molero: Esan dezakegu rocka egiten dugula, baina asmatu duzu guztiz inprobisazioaren kontuarekin. Lokalean joz sortzen dira abestiak eta argi daukagu abesti guztietan freestyle zati bat egongo dela, ez dakiguna non hasi eta bukatuko den. Diskoan mugatuta geratzen da, baina zuzenean ez eta abestiek sekulan ere ez dute iraupen bera izaten.
Elkarri begiratzea oso garrantzitsua izango da zati horietan, ezta?
G.M.: Egia da denbora asko daramagula elkarrekin jotzen eta konplizitatea nabaria dela, hitzekin baino gehiago ulertzen gara begiradarekin askotan.
‘Redzone’ kantu instrumentalari zergatik eman diozue izen hori?
K.G.: Bada pandemian zonaldeka ginelako banatuta eta abar. Baina, egiari zor, gure kantu denak berria 1, 2, 3 eta abar izendatzen dira, gero berriz bataiatzen ditugu, baina buruari buelta askorik eman gabe.
Lokalean eta biltzeko nola ibili zineten garai hartan?
G.M.: Zorte handia izan dugula esango dugu. Izatez udalaren lokaletan entseatzen genuen eta garai hartan ezin ginenez bertan elkartu, Karlosen baserrian estudiotxo bat muntatu genuen eta bertan geratu gara, luxu bat da guretzako.
K.G.: Eta diskoa bukatzeko aukera izan genuen, aspalditik sortuta genituen abestiak eta, kontzerturik eman ezin genuenez, diskoa grabatu genuen.
HAN. izena nondik dator?
K.G.: Hasiera batean lau partaide ginen taldea, Nerea Lersundi zen abeslari. Esanahirik ez zuen eta aldiberean esanahi potentea duen hitz monosilabiko bat izatea nahi genuen taldearen izena, bortitza eta gogoratzeko erreza zena.
G.M.: Bai, gainera bi abestik izen hori daramate. Oier Guillanen poesia bat eta Igor Estankonaren beste bat topatu genituen titulu hori zeramatenak eta musikatu egin ditugu, disko honetan Estankonarena da kantatu duguna.
Igor Estankona letragile ia ofiziala bihurtu al da?
G.M.: Letra guztiak bereak dira disko honetan. Gu talde instrumentala garela esan dezakegu, konposatzen hasi ginenean abeslaririk ez genuelako, aurrekoak utzi zuen eta ez genuen inor lortzen. Zortzi abesti eginda genituen eta letrak eta abeslaria falta zitzaizkigun. Igor laguna da eta deitu nion ea bere poesiak musikatu genitzakeen galdetuz eta haren liburua hartu eta horrela sortu dira abestiak.
K.G.: Poemak hautatu, ahal den gehien errespetatu eta erriman sartzea, hori da Igorren hitzekin egin duguna.
Abestearena zer moduz eraman duzu, Gorka?
G.M.: Nahikoa fortzatuta. Egin behar zen zerbait bezala ikusten nuen, zikloa itxi behar genuen eta kantuak aspalditik eginda zeuden, diskoa ateratzeko momentua iritsi zela uste genuen. Saiatu gara ahalik eta txukunen egiten guztia.
Soinu zikina du diskoak, ezta?
G.M.: Diskoa entsegu lokalean dago eginda, osorik guk grabatu dugu. Prozesu hori guk egitea nahi genuen.
K.G.: Hasieratik bukaerara guk egin eta zertarako gai ginen ikusi nahi genuen. Erosoagoa da akaso estudio batean lan egitea eta motibazio estra bat ematen dizu batzuetan horrek ere, baina guk egin dugu guztia, gutxika-gutxika, eta pozik gaude, aurrerapauso bat eman dugulako.
‘Munstroak’ kantuan zergatik hautatzen duzue poesia hori?
G.M.: Igorren liburuan dagoelako, besterik gabe.
K.G.: Errimak parean jotzen zuelako eta soinu polita hartzen zuelako.
G.M.: Nola olerkiak diren, bakoitzak ulertu dezala nahi duen moduan, interpretazioa askea da.
‘Beratu’ titulua, berriz, nondik dator?
K.G.: Beratzen egon dira abesti hauek. Biguntzen, aromak hartzen… Sukaldariek esango luketen moduan.
Beheko sua ikusten da diskoaren azalean, horrekin ere badu loturarik?
K.G.: Hor entseatzen dugu, lokalean dago hori, egunerokotasuneko irudi bat da guretzat.
G.M.: Kantak beratzen egon dira sutondoan, bukatu gabe eta hortik dator guztia.
Baxuaren lineak batzuetan presentzia gehiago izan du besteetan baino, ‘Orbainak’ abestian, esaterako, nahikoa agerikoa da. Inprobisaziotik hasten al da abesti hau ere?
K.G.: Hasiera hau asko kostatu zitzaigun eta mugatuta ikusi ginen, horrela atera da.
G.M.: Erritmo baten eta nota baten bueltan hasi ginen lanean.
Efektu bitxi bat ere entzuten da.
G.M.: Gitarrako delay sinple bat da. Efektu berezi hori lortzen da, baina misterio handirik gabe lortu daiteke.
Horrez gainera, erdi spoken word moduan abesteko hautua egiten duzue.
K.G.: Ardura nik hartu nuen eta nik ezin dut abestu, beno, ez dut Gorkaren erreztasun hori. Hasieran beste letra batekin hasi ginen, baina gordinegia zelako, beste letra hau erabili genuen. Saiakera egin nuen eta horrela geratzen da.
G.M.: Ahotsaren kontuarekin ardurak banatzeko eskatu nuen eta Karlosek esan zuen bere gain hartuko zuela abesti hau eta gero distortsio eta efektu sorta gehitu dio berak egindako lanari.
Aurretik, ordea, esan duzue Nerea Lersundik abesten zuela lehen eta ‘Ingelesetik bueltan’ kantuan bera entzun dezakegu. Kantu popero eta dantzagarriena dela esan daiteke?
K.G.: Beste abestiak ere dantzagarriak dira, gehienak, baina bada pop kutsu gehien duena.
G.M.: Garbiagoa da gitarretan, buelta askorik eman gabe, akorde sinpleekin.
K.G.: Baina bere free zatiarekin e? Beti bilatzen dugu abestian tokiren bat inprobisaziorako edota psikodelia ukitu bat emateko kantuei.
‘Igorreko misterioa’ kantuan funkya, groovea… musika beltzaren ukitu bat du.
G.M.: Bai, denetarik probatu dugu. Grabatu genuen beste abesti batean ere linea oso funky bat geratu zen, baina diskoan ez genuen sartu, gainontzekoetatik oso desberdina zelako. Baina ez diogu ukorik egiten inolako estiloei.
‘Bidaia’ abestian berriz post ukitu dezente dagoela esan daiteke, ezta?
G.M.: Ordenagailu bitartez grabatutako soinu batzuk eta sartzeko aukera ematen zuen. Probatu genuen eta pozik geratu ginen.
Bukatzeko, noiz dituzue kontzertuak?
K.G.: Lasai hartu dugu, datak lotzea ez delako erraza. Ni teknikaria ere banaiz eta Gorkak eta Miguelek beste talde batzuetan ere jotzen dute. Hortaz, ez da erraza datak edukitzea. Baina pozik gaude, eman ditugulako kontzertu batzuk eta badatozelako beste batzuk ere.
G.M.: Ez geneukan asmo gehiegi, ditugun datekin gogotsu gaude eta pozik ari gara diskoa zuzenen aurkezten. Diskoa bera ere zuzenekoetan eskuratu daiteke, baita Bonberenea Ekintzak diskoetxearen webgunean ere. Baina ez diogu buelta gehiegi ematen kontu horri ere.
K.G.: Azken data martxoaren 4an izan zen, Elorrioko gaztetxean. Gero Gorka Ama Say taldearekin hasiko da eta Miguel Las Ratas talde kanariarrarekin. Hortaz, momentuz hor etena izango da, baina etorriko dira gehiago.