Zuzenean
Bazka - Arima bako
«Ez da aukera askorik kontzertu baten atarikoa egiteko eta aprobetxatuko dut. Bazkaren diskoa bigarrenez aipatuko dut hemen, baina merezi du. Uztailean sekulako diskoa atera zuten Estricalla eta Kuraia taldeetan aritutako kideek. Hardcorea, Nirvana, Kuraia… denetarik du. Abesti honek Nirvana taldearen lehen diskoaren kutsua du, gogorra eta bortitza iruditzen zaidalako. Diskoak sekulako maila du eta Kafe Antzokian energia hustutze ederra izango denaren itxura hartzen diot honi guztiari», hasi du bere tartea Izkander Fernandezek.
Uger - Kearen fabrika
Uger taldea soinu propioa duen horietakoa da: «Oso talde kuriosoa da Uger eta bada gurean gertatzen den beste mirari horietako bat. Ez dakigu garbi zeintzuk diren erreferenteak, beno, KAN, baina Uger eta Wilco taldeetan bakarrik ikusi dugu hori eta beren artean ez dute loturarik. Oso interesgarria da egin dutena, aurten bigarren diskoa atera dute, laburra bada ere, eta urtean talde baten 15 kanta entzuteko aukera izatea oso albiste ona da. Bitxia da halaber egin dutena disko fisikoarekin, atera dituzten guztiak azal desberdina dutelako, berek eginda. Sorkuntzarako duten gaitasuna txalogarria da benetan».
Ama Say - Egunero
Meatzaldeko talde mitiko baten itzulera lana da hirugarren tokian ekarri diguna Lemoako musika adituak: «‘Ama Say Circa 2022’ esan dezakegu gertatu dela. Betiko Ama Say badago beren 5 kantuetan eta maila oso ona dute disko oso bat atera ahal izateko ere. Errefortzu oso interesgarriak batu zaizkie, eta bertan badaude Ama Say maite dutelako da, beraz, ezin da ezer txarrik atera hortik. Durangon izango da ‘Ero Bomb’ EPa eskuratzeko moduan beren lana». Lan gitarreroak ekarri dizkigu eta horien arten ere bada Kokein taldea, hautaketa honetan sartu daitekeen talde horietako bat.
Su Ta Gar - Alarma
Atzo egin zuten ‘Alarma’ diskoaren aurkezpen ofiziala Bilbon Su Ta Gar taldekoek, MusikHaria saioan azaroaren 11n aurkeztu zutena. «Askotan aipatu izan dut ume baten pare jartzen naizela eta, urduri disko batzuen irteeraren aurrean, eta, kasu honetan, Su Ta Garrekin hori da gertatu zaidana. Diskoa dezente entzun dut eta gehiago entzungo dut, eta uste dut disko oso ona argitaratu dutela berriz ere. Aurreko bi diskoetan beren ohiko bidetik irten zirela esan daiteke, baina orain ikusten da taldea forman datorrela, indar askorekin eta sortzeko sekulako gaitasuna dutela ere argi geratu da. Gurean hainbeste urtez eszenan mantentzen den metal talde bat egotea eskertzekoa dela. Singlea, atera dena, diskotik gutxien gustatu zaidan arren, hau gustatzen zaionari diskoa izugarri gustatuko zaiola esan dezaket. Su Ta Garrek gauza asko egin ditu beren bidean eta disko honetan 80etako heavy asko dagoela iruditu zait, Alemania eta Britainia Handiko eraginak nabarmen iruditu zaizki eta, hala ere, oso disko freskoa iruditu zait. Kontzertuak etorri aurretik disfrutatzeko moduko lana», bukatu du Izkanderrek.