Zuzenean
Paule Bilbao, 'Arima' taldearen arima
Esan daiteke Paule Bilbaok sehaskatik jaso duela musika. Txikia zenenean etxe behean zegoen lokalean ikusi ditu hainbat musika talde, gerora bere leku bihurtu dira lau pareta horiek. 'Arima' taleko arima Paule Bilbao bera da eta 'Emen Gonak' saioan izan da.
Paule Bilbao, 'Arima' taldearen arima
Aste honetako saioan Arima taldeko Paule Bilbao buruarekin hitz egin du Emen Gonak saioan Birkite Alonsok. 'Biluztasunez Jantzita' (2021) lan berria hartu dute hizpide. Diskoaren abestiak entzun eta komentatzeaz gain, beste hainbat gairen inguruan aritu dira: 'Metamorphosis' (2019) lehen lanarekiko soinu-aldaketa, Pauleren hastapenak eta familiatik jasotako musika-eraginak, artea sortu eta arteaz bizitzearen arteko aldea edota emakume sortzailearen aldarrikapena.
Josu Gonzalez hernaniarrarekin eta Gontzal Bilbao muskiztarrarekin osatzen du taldea Paule Bilbaok. Gaur egun Donostian bizi da, psikologia ikasketek eraman dute Donostiara. Paule Bilbaok argi du bera dela 'Arima' taldearen arima, berak sortzen ditu melodiak eta letrak, berak ematen ditu ere taldearen elkarrizketak «Nirea da proiektua eta botere hau aldarrikapen modu bat da» dio. Behin kantuak osatuak dituela Gontzal Bilbao baterijolearekin eta Josu Gonzalez baxujolearekin konpartitzen ditu.
Bilbaok ez du esan, garrantzia kentzeko akaso, baina bitxia da Arima taldearen osaketa, familia ospakizun baterako prest dagoen taldea da, Bilbaoren aita baita Gontzal, eta bikotea Josu. Ez da ohikoa aita-alaba hauen harremana, musikak elkartu ditu betidanik: «Orain entzuten dudan musika etxean aditzen genuen musikagatik hasi nintzen entzuten. Gurasoek jartzen zituzten Nirvana, Pixies... eta horren ondorioz hasi nintzen mundu honetan sartzen, eta horrela, aitarengandik asko ikasi dut. Hori bai, orain berak galdetzen dit musikaren inguruan».
Etxe azpiko lokal horretan bizitu zuen adibidez Ama Say talde bizkaitarren itzulera, (aitak eta bi osabek jotzen zuten taldean) eta «nola ez, konexio eta harreman estuagoa sortu nuen musikarekin».
Musika eskolan gitarra klasikoa ikasten hasi zen, baina segituan ohartu zen bertako pedagogia ez zuela maite, eta segituan pasa zen gitarra akustikoa eta elektrikoa jotzera. Orduan bai piztu zitzaiola musikarako harra. Hamasei urterekin hasi zen 'Buenas Tardes Comandante' taldean jotzen, «oso gustura aritu nintzen eta gainera shoegaze estiloan murgildu nintzen», baina horrekin nahikoa ez eta bere kantu propioak sortzeko beharra sentitu zuen Paule Bilbaok, eta etxepeko lokalean hasi zen esperimentatzen.
18 urterekin hasi zen Arima prestatzen, «gero Gontzali eskatu nion bateriarako laguntza». Aukera izan zuen kantuak grabatzeko, eta orduan ezagutu zuen Josu, «komentatu nion ea taldean baxua jo nahi zuen» eta horrela sortu zen Arima taldea eta beraien lehendabiziko lana, 'Metamorphosis' (2019).
Bigarren diskoa, 'Biluztasunez Jantzita', bi urte beranduago iritsi da, eta konfinamendu garaian eman zioten lanari azken bultzada. Esan daiteke bigarren honetan askoz ere biluztasun handiagoz agertu dela Paule Bilbao: «Nik gitarra-jotzailetzat hartzen dut nire burua, norbaitek abestu behar zuelako hasi nintzen abesten». Eta lehen diskotik bigarrenera alde handia sumatu daiteke ahotsean, «bigarren disko honetan presentzia gehiago du nire ahotsak, nire kabuz asko ikasi dut, asko entrenatu dut. Detaile gehiago du disko honek eta buelta gehiago eman diot denari» bukatu du Paule Bilbaok.