Zuzenean

Ion T. Barrena
Elkarrizketa
Bea Ilardia
Abokatua

«Gutxieneko zigorra lehen 6koa bazen eta orain 4koa ezin da automatikoki eman 2ko murrizketa»

'Bai soilik da bai' legearen inguruan sortu den ikamikaren atzean «egiturazko arazorik ez dagoela defenditzen dutenak daude» Bea Ilardia abokatuaren ustez, «gehienean ez dago arazoa legean, honen interpretazioan baizik». 

Audio_placeholder

«Gutxieneko zigorra lehen 6koa bazen eta orain 4koa ezin da automatikoki eman 2ko murrizketa»

Loading player...
Bea Ilardia artxiboko irudi batean
Bea Ilardia artxiboko irudi batean (Luis Jauregialtzo | FOKU)

Indarkeria matxistaren aurkako Espainiako legedia aldatu ondotik zalaparta eragin dute azken orduetan hainbat erasotzaileren sententziak arindu dituzten epaileen erabakiek, «hilabete gutxitako arintzeak» direla azpimarratu du Bea Ilardiak eta lege honek ekarri duen aurrerapausoa nabarmendu du NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan. 

Azaltzeko eskatu behar dizut, ezer baino lehen, zer ari den gertatzen. Zigorren arintze bat dagoen, zer modutan ematen ari den hori...

Niri itzela iruditzen zait gertatzen ari dena. Iruditzen zait lege ona dela, gizartearentzako eta bereziki emakumeontzako. Sexu erasoen aurkako zigorrak murriztu egin ditu Espainiako Gobernuaren lege berri honek? Galdera hori bada ezetz esango nuke, legea errepasatuta esango nuke ezetz.

«Nortzuk dira polemika honen atzean daudenak? Egiturazko arazorik ez dagoela defenditzen duten horiek»

Nortzuk dira polemika honen atzean daudenak? Egiturazko arazorik ez dagoela defenditzen duten horiek, legedi honetan agertzen den terminologia arrotz sentitzen dute, gizarte patriarkala aipatzen denean, adibidez. Bortxatzaileenak kasu bakanak direla uste dutenak.

Lege honen gakoa sexu erasoaren eta abusuaren delitua bateratu egiten direla da. Onarpena, kontsentimentua, da gakoa. Eta kasualitatez, kausalitatez esango nuke, hau ez da polemika iturri orain. Polemika da ia espetxean den bortxatzaile batek hilabete bat gutxiago pasa behar duen espetxean...

Lege hau 'La manada' auziko bortxaketaren ondorioz sortu zen, abusu gisa definitu zuten epaile batzuk hasieran. Mugimendu feministaren haserrealdia izan zen kalean eta horrek ekarri zuen lege honen sorrera. Orduan kalera atera zen mugimendu feministak oso ondo kokatu zuen gaia, gakoa ez zen punitibista, gakoa ez zen zigor gehiago edo gutxiago. Gakoa zen «hau bortxaketa bat da, hau ez da abusu bat, sexu eraso bat da». Hori izan zen gakoa eta hori da lege erreforma honen gakoa.

Beraz, bada intentzionalitate zehatz bat ika-mikaren atzean?

Duda barik ikusten dut intentzionalitatea. Aritu naiz kasuak irakurtzen eta esanguratsuena kenduta gainerakoak oso gutxi dira eta kasurik lazgarrienetan hilabete batzuk arinduko zaizkie espetxe zigorrak. Uste dut hori ez dela fokua, lege honen nondik norakoa baizik.

«Lege honek ez ditu zigorrak arintzen, foku mediatikoan agertzen direnak gutxi batzuk dira eta hilabetetako zigor espetxealdia arinduko diete»

Iruditzen zait lege batek zigor handiago edo txikiagoak izateak ez duela esan nahi lege hobea denik. Hala ere, orokorrean lege honek ez ditu zigorrak arintzen, foku mediatikoan agertzen direnak gutxi batzuk dira eta hilabetetako zigor espetxealdia arinduko diete, baina legea orokorrean begiratuta ez dut uste zigorrei begira legea arinagoa denik. Baina iruditzen zait fokua ez dagoela hor.

Fokuak ez luke hor egon beharko baina zalaparta dezentekoa sortu da. Zehatzagoa izan beharko luke lege honek? Eranskin bat falta zaiola aipatu izan da...

Ez dut uste falta hori duenik, baina egia da ez naizela legegilea. Halere, badugu hor adibide bat, Errioxako Auzitegi Nagusiarena, ikusi dituen hogeita piku helegiteetatik batean ere ez ditu zigorrak arindu, horrek esan nahi du badagoela beste modu bat interpretatzeko. Zigor arloko lege guztietan badaude bi printzipio: in dubio pro reo da bat, alegia, zalantzaren aurrean epaituaren alde egin behar dela. Bigarrena, erreformak zigorra betetzen ari den horren egoera hobetu badezake atzera egiteko aukera badagoela.

Baina kontua da ez dela egin behar zehatz-mehatz horrela. Ez du esan nahi legeak kasu batzuetan zigorra arintzen duelako arindu egin behar zaienik automatikoki. Epaileak kasuaren nondik norakoak ikusi behar ditu, zergatik ari den zigorra betetzen... eta galdera honakoa da: bere garaian ezarri zitzaion zigorra delitu bategatik, lege berrian delitu hori badago? Eta baldin badago ez dut uste jaitsi egin behar zaionik zigorra.

Zigor Kodeak jasotzen du aipatzen duzun egoera hori, ezta?

Ezin da automatikoki pasa lehen gutxieneko zigorra sei urtekoa bazen eta orain laukoa, automatikoki ezin da bi urteko murrizketa ezarri. Lege honen zereginetako bat bi delitu uztartzea izan da, lehen bi zeuden eta orain erasoa besterik ez dago. Begiratu beharko dugu, beraz, pertsona horrek zer egin zuen eta ia legedi berrian enkajea duen; baldin badu ez dago zigorra jaitsi beharrik. Interpretazio kontu bat da, ez lege kontu bat. Abokatuok askotan ikusten dugu arazoa gehienean ez dela legea, honen interpretazioa baizik.

Eskuin politiko eta mediatikoaren intentzio bat egon daitekeela aipatu dugu lehen, epaileena ere bai?

Gehienean arazoa ez da legea izaten, legea interpretatzen duenarena baizik. Ez dezagun ahaztu epaileen artean ideologia bat dagoela eta gehien-gehienek ez dutela genero perspektiba batetik interpretatzen legea, gizartean nagusi den sistema patriarkal baten ikuspegitik baizik... eta horra hor daukagun guztia! Ez bakarrik lege honekin. Interpretazioaren gakoa oso inportantea da eta gaur egungo epaileek ez dauzkate betaurreko moreak jantzita.

Gaur, aipatutakoak aipatuta, eta atzera begiratuta, lege honek indarkeria matxistaren aurkako aurrerapausoa suposatu du?

Oso garrantzitsua izan da eta egon behar duela iruditzen zait. Legearen aurrekinetan, helburuetan oso ondo agertzen da legearen nondik norakoa, baina egia da orain erreformatu den Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Lege integral horrek Zigor Kodea moldatzea baino askoz gehiago ekarri beharko lukeela eta ez da garatu oraingoz.

Legeek zigor kodea aldatzea baino askoz gehiago diote, prebentzioan sartzen dira, erreparazioaz aritzen dira... eta hori guztia nola garatzen den ikusteke dago. Aurreko legea 2004koa zen eta oraindik Zigor Kodea bakarrik aldatu da; gainerako alorrak (prebentzioa, hezkuntza, osasungintza...) ez dira garatu eta hor dago gakoa. Espero dezagun lege honekin gauza bera ez gertatzea.

Jaurlaritza Logoa