Zuzenean

NAIZ Irratia

Bizilagunak ekimena, igande honetan: «Ikusten ditugu baina ez ditugu ezagutzen»

Bizilagunak ekimenak bertakoak eta bertara iritsitakoak bilduko ditu igande honetan bazkari baten baitan. Imanol Legarda koordinatzaileak eta Eli eta Tomas parte-hartzaileek azaldu dizkigute ekimenaren xehetasunak.

Audio_placeholder

Bizilagunak ekimena, igande honetan: «Ikusten ditugu baina ez ditugu ezagutzen»

Loading player...
Bizilagunak ekimeneko aurreko edizio bateko bazkaria, Gasteizen.
Bizilagunak ekimeneko aurreko edizio bateko bazkaria, Gasteizen. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Batzuetan gure bizilagunak ia ez ditugu ezagutzen eta, askotan, hori gertatzen da horiek atzerritarrak direnean. Bizilagunak ekimenak bertakoak eta bertara iritsitakoak biltzen ditu bazkari baten baitan. Urtero egiten den topaketa bat da, eta aurten igande honetan egingo da.

Imanol Legarda egitasmoaren koordinatzailea da eta nola antolatzen diren azaldu du. «Hiru osagai: bertako familia, kanpotik etorritakoa eta dinamizatzailea. Dinamizatzaileak ere boluntarioak dira eta formakuntza txiki bat jasotzen dute. Hasierako momentuetan, urduritasunak direla eta, izotza hausten eta haien artean giroa sortzen laguntzen dute».

‘Familia’ hitza modu zabalean ulertzen dutela aipatu du, alegia, familia bat osatu dezakete hiru pisukidek, koadrila batek nahiz eta elkarrekin ez bizi, banatutako gurasoak, seme-alabarik gabekoak...

«Aurten familia migrante gehiago genituen. Ez da beti horrela izaten. Azkenean iritsi gara bikoteak osatzera, baina bertakoak animatzea kostatu zaigu. Ez da ekimen honen kontua; esango nuke covida eta gero, horrelako gauzetan jendea animatzea gehiago kostatzen ari dela», adierazi du Legardak.

Tomas eta Elik urte batzuk daramatzate Bizilagunak ekimenean parte hartzen eta hitz onak besterik ez dituzte horren inguruan. Izan ere, aurreiritziak hausten eta herriko jendea ezagutzen laguntzen duela kontatu dute.

«Urtero lelo desberdinarekin hasten gara, aurtengoa da ‘Elkar ezagutzearen onena’ eta uste dut ekimena oso ondo definitzen duela. Ezagutzen ez duzun norbaitekin bazkaltzea da, eta horrek daukan onura izugarria da», aipatu du Tomasek.

«Herrian ikusten ditugu, gure inguruan bizi dira, askotan aitona edo amona baten karroari bultzaka ikusten ditugu edo gure ataria garbitzen, lanean, baina ez ditugu ezagutzen eta ez dakigu zerk bultzatu dituen hona etortzera. Mahai baten inguruan mila gauzataz hitz egiteko aukera dugu, eta harreman hori betirako gelditzen da. Urte batzuk daramatzagu hau egiten eta pertsona horiek lagunak bihurtzen dira», esan du Elik.

Tomasek azaldu duenez, lehen aldian Marokoko migratzaile batzuekin egin zuten topaketa, bigarrenean nigeriar batzuekin, hirugarrenean senegaldar batzuekin eta aurten kolonbiar batzuekin elkartuko dira. Bi aldiz euren etxera gonbidatu dituzte eta beste bietan beraiek izan dira gonbidatuak.

Aurreiritziak uxatzeko modu eraginkorra

Legardaren hitzetan, denok ditugu aurreiritziak, baina pertsonaren jatorriaren arabera desberdinak dira. «Ikusten dira aurrerapenak, eta duela gutxi atera den txosten baten arabera, jarrera positiboa dago pertsona atzerritarrekiko. Ez dira berdinak mutil gazte marokor batek jasaten dituen aurreiritziak, edo Hego Amerikako emakume batek jasaten dituenak, eta batzuetan ez gara konturatzen baditugula. Honelako programa batek asko laguntzen du horretan», dio.

Jendearen ahotan beti dago migratzaileek diru-laguntzak, etxeak eta lana «kentzen» dizkigutela, baina bestelako estereotipoak ere badaude. «Horri gehituko nioke ardura bat guri jartzen ez zaiguna. Ni donostiarra naiz; donostiar mutil gazte batek zerbait egiten badu, ez zait niri zaku berean sartzen. Baina pertsona hauek badute euren jatorri guztia errepresentatzeko ardura. Norbaitek zerbait egiten badu, badirudi kolektibo osoak egiten duela automatikoki. Horrek estres handia sortzen die», aipatu du Legardak.

Eliren ustez beti egon dira aurreiritziak, baina horiek gainditzeko gakoa elkar ezagutzea da. «1960ko hamarkadan Extremaduratik eta Andaluziatik lanera etorri zen jendearekiko ere baziren aurreiritziak. Eta seguraski Ameriketara joan ziren euskaldunek ere jasan zituztela. Uste dut beti dagoela mesfidantza bat, ezagutu arte. Hori gainditu behar da eta Bizilagunak ezin hobea da hori bultzatzeko».

Jaurlaritza Logoa