Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
SARAI GOITIA
Poliziak jazartutako gazte militantea

«Haien helburua militante politiko oro urduri jartzea da, bereziki Galder eta Aitorren ingurua»

Galder Barbado gazte arabarrak bezala, Sarai Goitia bizkaitarrak ere poliziaren «jazarpena» salatu berri du Bilboko epaitegi batean. Telefono deiak, baina baita pintaketak bere autoan ere. Uste du Barbado beraren gertukoa izateagatik ari direla bera jazartzen.

Audio_placeholder

«Haien helburua militante politiko oro urduri jartzea da, bereziki Galder eta Aitorren ingurua»

Loading player...
Sarai Goitiak pasa den ostiralean jarri zuen salaketa Bilboko epaitegian
Sarai Goitiak pasa den ostiralean jarri zuen salaketa Bilboko epaitegian (Sortu )

Salaketa jarri zenuen ostiralean epaitegian, kontaiguzu zer gertatu zaizun.

Bilboko epaitegian jarri nuen salaketa, bai. Galderren inguruko kide batzuei ere telefonoz deitu ziguten orain dela 3-4 aste. Aurkezten ez ziren pertsonen deiak eta Galderri buruz galdezka; bazekitela Galderren lagunak ginela eta ea gurekin zegoen. Kontua da dei horietan ez zela gelditu gure aurkako jazarpena. Uste genuen Galderrek salaketa jarrita etengo zela, baina ez zen hala izan. Modu jarraituagoan eman da jazarpena. Gure espazio pribatuetan, autoan zein etxe inguruan sumatu dugu presentzia bat gu estutu eta urduritzen saiatzeko.

Presentzia aipatu duzu. Presentzia hori zer da, kanpokoa edo etxe barrukoa ere bai?

Etxe barrukoa ere izan daiteke, hala gertatu dela sumatu dugulako. Nire kasuan, kanpokoa izan da, nire autoa margotuta agertu zelako.

Galderrek salaketa jarri ostean ere, beraz, sumatu duzue jarraipena, ezta?

Hala da bai, Galderrek salaketa jarri ostean ere jarraitu du honek.

Galderren laguna zara zu, bistan da bere aferarekin lotura estua duela.

Hala dirudi behintzat. Deietan ez zuten haien burua aurkezten. Baina Galderren inguruan galdetu bai. «Galder zurekin dago?» «Galder nahi dugu lokalizatu» etengabe galdetzen zuten hori.

Galderrek ez zuen bere ezinegona ezkutatu gurean gertatutako guztia kontatu zuenean, nola zaude zu?

Antzeko. Horrelako kasu bat sekula ez da erraza, ez gertuko bati gertatzen zaionean ezta norberari gertatzen zaionean ere. Haien helburua gu urduri jartzea da, guk gure buruak zalantzan jartzea. Argi dago haien helburua militante politiko oro urduri jartzea dela eta bereziki Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren ingurua. Horrek ere baduelako eragin bat haiengan.

Ez dugu ezkutatzen; honek urduritzen gaitu, ez da egoera normal bat pertsona batek bizi dezakeena, baina hori oso ongi dakigu Euskal Herrian.

Zer uste duzu dagoela honen atzean? Zer da poliziek nahi dutena?

Jazarpen honekin mezu orokor bat bidali nahi diete euskal militanteei eta bereziki gazte militanteei. Kikiltzea da: herri honetan militantzia politikoa zigortu dela eta zigortua izaten jarraituko duela. Mezu bat da, pausu hori ematera ez daitezen ausartu, ausartzekotan zigortuak izateko oso aukera errealak daudelako.

Baina tira, gure hautua oso argia da, antolakuntza eta borroka. Herri honen alde lan egiteko asmoa dugu eta horrelako egoerek ez gaituzte ez kikildu ez geldituko.

Salaketa jarrita, Galderrek ez zuen itxaropen asko aurrera egingo zuenik, zer uste duzu zuk?

Ez dut uste salaketak aurrera biderik izango duenik. Badakigu nor dugun aurrean. Badakigu ze inpunitatez jokatzen duten. Salaketa jarri dugu, jazarpena geldituko den esperantzaz eta salaketa jarri dugu ere egoera honen larritasuna zabaldu eta sozializatzeko. Gure salaketek nora arteko irismena izango duten badakigu, mugatua izango dela.

Zentzu horretan, uste duzu garrantzitsua dela horrelako gertaerak salatzea, ezta?

Bai erabat, salatzea beharrezkoa da. Alde batetik jazarpena eteteko, baina batez ere egoera honek normaletik ez duelako ezer ez; zabaldu behar da zein den espainiar Estatuaren jokabidea euskal militanteekiko. Beharrezkoa da salatzea epaitegietan baina baita publikoki ere. Jazarpen hau pairatzen duten gainontzeko kideak animatzen ditut bide bera har dezaten.

Jaurlaritza Logoa