Zuzenean

NAIZ Irratia

«Zigortu nahi gaituzte ertzainen hitza soilik kontuan hartuz»

Ekainaren 15ean Ernaiko zazpi kide epaituko dituzte iaz Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gazteen prekarietatearen aurka egindako mobilizazioei lotuta. Gazte horietako bat da Pello Zabarte. «Muntai poliziala» deritzo, eta honen atzean gizarte mugimenduak «kriminalizatzeko» nahia dagoela.

Audio_placeholder

«Zigortu nahi gaituzte ertzainen hitza soilik kontuan hartuz»

Loading player...
Zazpi auzipetuak
Zazpi auzipetuak (Ane Sainz-Espiga)

‘Larrialdi egoeran gaude’ lelopean, gazteek bizi duten egoera prekarioa azaleratzea zen orain urtebete Ernai gazte antolakundeak Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako manifestazioen helburua, baina salaketa zena, guda zelai bilakatu zen berehala Bilbon. Izan ere, Sabin Etxera gerturatzearekin bat, tentsioa handitu eta Ertzaintza gogor oldartu zen. Hainbat lagun zauritu eta ospitalera eraman behar izan zituzten, eta tartean zortzi gazte atxilotu ere bai. Azkenean zazpi izan izango auzipetuak, eta zazpi horietako bat da Pello Zabarte. Ekainaren 15ean epaitegira joan beharko du. Urte eta erdiko espetxe zigorra eta 20.000 euroko isuna eskatzen dituzte gazteen aurka.

Epaiketa hasi baino lehen ere, berme gutxirekin ekingo diote prozesuari, Zabartek ohartarazi duenez, «zigortu nahi gaituzte ertzainen hitza soilik kontuan hartuz».

«Muntai polizial» baten aurrean daudela dio, egun hartan «indarkeria erabili zuen bakarra» Ertzaintza izan zelako, Ernaiko kidearen arabera. Jatorrian hiru delitu leporatu zizkieten atxilotutakoei: atentatua autoritateari, lesio delituak eta desordena publikoa. Azken eskaera hori baina, atzera bota da. «Guretzat hori adierazgarria da. Epaile baten arabera desordena egon ez zen testuinguru batean Ertzaintzak 60 zauritu eragin zituelako», ondorioztatu du.

Gizarte mugimenduen «kriminalizazioa»

Ertzaintzaren bertsioa gezurtatzen duten «frogak eta bideoak» egon arren, argi du Zabartek «poliziaren hitzaren aurrean» zaila izango dela «emaitza on bat» izatea auzian. Izan ere, haiena salbuespenekoa izan arren, «ez da kasu isolatu bat» Zabartek salatzen duenez. Gizarte mugimendu ororen aurkako ohiko errepresioaz mintzo da gaztea.

Gazte mugimenduarena ez ezik, mugimendu kritiko guztien «kriminalizazioa» gaitzesteko, kanpaina bat martxan jarri dutela azaldu du Ernaiko gazteak.

Mobilizazioak

Ekainaren 15eko epaiketa salatu eta gazte auzipetuei babesa adierazteko, manifestazioa deitu du Ernaik ekainaren 4rako, arratsaldeko 17:30ean Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuta. Mobilizazioak aipatuta, eta egun gizarteak pairatzen duen krisi ekonomiko eta soziala gogora ekarriz, «borrokaren hautuan» berretsi du bere burua Zabartek; «egoera iazkoaren oso antzekoa da, okerragoa ez bada. Koiunturala dela esan ziguten hori gero eta argiago dago estrukturala dela».

Jaurlaritza Logoa