Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Julen Goia
Ampo Ordiziako jokalaria

«Gakoa izango da partidak eskatzen duen hori ematea une oro»

Julen Goiak (Idiazabal, 1991) Ordizian jokatzen du 2016tik, eta aurtengo denboraldian 100. partida jokatu du talde goierritarrarekin. Biarritzeko Olympiquekin Top 14an debuta egin zuen eta ondoren, Mauleon taldera joan zen. Gero, Ordiziak fitxatu, eta Ohorezko Mailan ari da ordutik.

Audio_placeholder

«Gakoa izango da partidak eskatzen duen hori ematea une oro»

Loading player...
Julen Goia, Ampo Ordiziako jokalaria.
Julen Goia, Ampo Ordiziako jokalaria. (Jon URBE | FOKU)

Ampo Ordizia errugbi taldeak erronka garrantzitsua dauka gaur eguerdian Valladoliden, El Salvadorren zelaian. Ligako finalerdiak jokatuko ditu, partida bakarrera, eta Julen Goiak NAIZ Irratian onartu duenez, taldea prest dago «zerbait polita egiteko». Partida estua jokatu zuten Altamiran Sevillako Cienciasen aurka, baina azkenean irabazi eta play-offertan aurrera egitea lortu dute. Kopako finalerdian El Salvadorren aurka galdu zuten eta orain, «arantzatxoa» atera nahi du Idiazabalgoak. 

Nola dago taldea?

Taldea ongi dago, gogotsu, oso gogotsu esango nuke, zehatzagoa izanda. Aurtengo bigarren finalerdia da; Kopan kanpoan geratu ginen eta oraingo honetan arantza hori ateratzeko arrazoi nahikotxo ditugu.

Nekea ere sumatzen da denboraldiko azken txanpa honetan edo oraindik badaude indarrak gordeta?

Denboraldiko garai politena hau da. Mentalki, bai, zertxobait nekatuago iristen zara, partida pila bat duzulako bizkarrean, baina egunero entrenatzen zara horrelako partidak jokatzeko. Gogotsu gaude eta, nahiz eta mentalki nekatuta egon, gogoak estaltzen du neke hori.

Sevillako Cienciasen aurka gogor borrokatu behar izan zenuten garaipena eskuratzeko. El Salvador izango duzue orain aurkari, fase erregularra lidergoan amaitu duena.

Final-laurdenak, bai gure multzokoak eta baita bestekoak ere, biak, 6-7 puntuko aldearekin bukatu ziren. Partida oso gogorrak izan ziren biak ala biak. Gainera, azken jokaldian Burgosek El Salvadorri entsegua sartu zion, eman ez zutena, eta tira, polemika pixka bat egon zen. Horrekin esan nahi dut edozein pasatzeko bidean zela. Asteburu honetakoa bide beretik joango da: partida oso estua, Pepe Rojon; denboraldia aurrera joan ahala badakizu han jokatzeko aukera asko dituzula, talde horiek ez dutelako barkatzen eta aurten ere ez da ezberdina izango. Badakigu ze testuingurutan izango garen; gu gurean zentratu behar gara, aurkaria, epaileak eta zaleak beste alde batera utzita. Gure zaleekin eta gure eginbeharrak eginez gero, nik uste dut emaitza aterako dugula.

Kopako finalerdietan ere El Salvadorren aurka lehiatu zineten, kasu horretan Ordizian, eta 16-23 galdu zenuten.

Bai, egia esan, ez da aitzakia, baina partida horretan baja dezente izan genituen. Hasierako 15ekoan nahiko ohikoak garen hiruzpalau jokalari min hartuta geunden eta ezin izan genuen parte hartu. Talde nahiko gaztea atera zen, oso ondo egin zuten. Partida oso estu joan zen, baina horrelako taldeek ez dituzte detaile txikiak barkatzen. Asteburu honetan esperientzia handiagoko  taldea joango gara eta gakoa izango da partidak eskatzen duen hori ematea une oro.

«Beraiek badakite paperaren gainean beraiek direla faboritoak, presio hori beraiek daukate, eta guk, bestalde, baditugu arrazoi nahikotxo irabazteko, motibatuak joateko»

Fase erregularrean, han jokatutakoan, 47-26 galdu zenuten. Zer hobetu behar da?

Partida hori Kopako finalerdien garai bertsuan izan zen. Hamahiru jokalari 23 urtez azpikoak ziren eta ez da ohikoa, taldea ez zen ohikoa. Urtean zehar egoten da partidaren bat oker samarra eta hori izan zen. Asteburu honetakoak ez du izango zerikusirik. Beraiek badakite paperaren gainean beraiek direla faboritoak, presio hori beraiek daukate, eta guk, bestalde, baditugu arrazoi nahikotxo irabazteko, motibatuak joateko. Zaleei eskaini nahi diegun zerbait da; taldeak ere merezi du; horretarako ari gara lanean. Partidari behar duen hori ematen badiogu une oro, zerbait polita lortuko dugu.

Zaleen hauspoak beti laguntzen du honelako partidetan, ezta?

Bai. Ez gaude kexatzeko. Etxean jokatzen dugun bakoitzean 1.500 pertsonatik gora etortzen dira, beti gurekin daude. Oraingo honetan ere badakit autobusak antolatu dituztela, eta egun-pasa ederra izango dute. Guk zelai barruan dena emango dugu eta garaipen batekin itzultzen bagara, egun polita izango da ordiziarrentzat eta Goierrirentzat. Pixkanaka joan gaitezen, baina baditugu aukerak igandekoa egun polita bilakatzeko.

Bereziki zerbait landu duzue aste honetan edo normaltasunez aritu zarete?

Gure jokoan erabat zentraturik gaude. Beraiek badakigu bi-hiru lekutan min handia egiten dutela; alboetan oso jokalari abilak eta esperientziadunak dituzte; melean ere talde oso sendoa da. Atzeko hiru laurdenetan ere badituzte pare bat jokalari hegoafrikar, oso jokalari onak direnak. Baina, horren guztiaren gainetik gure jokoa dago. Detaileak findu, ditugun aukerak pasatzen ez utzi, asko ez direlako egoten horrelako partidetan. Gu gara gure aurkari onena eta okerrena ere bai askotan.

Eta gaur-gaurkoz nola baloratzen duzu egiten ari zareten denboraldia?

Etxean ez dago gehiago eskatzerik. Fase erregularrean denboraldiko partida guztiak irabazi ditugu. Galdu genuen bakarra Kopako finalerdi hori izan zen, baina beste txapelketa bat da hori. Kanpoan bai, uste dut zenbait emaitza oparitu ditugula. Irabazi beharreko bizpahiru partida egon dira; irabazten joan eta ez dugula jakin partida ixten. Ikasteko zerbait izan da hori eta, oro har, denboraldi oso positiboa izan da.

Jaurlaritza Logoa