Zuzenean

Ainara Rodriguez

Ipar Irlanda: gobernu partekatua eratzearen ataka estuan

Sinn Feinek garaipen historikoa lortu du Ipar Irlandako bozak irabazita, eta orain, unionistekin gobernu partekatua eratzeko gidaritza du eskuartean. Langintza «zaila» dute aurrez aurre irla aski ongi ezagutzen duen Ihintz Olidenek esan duenez; korapilo handiak askatu beharko dituztela azaldu du.

Audio_placeholder

Ipar Irlanda: gobernu partekatua eratzearen ataka estuan

Loading player...
Erdian Michelle O’Neill, Sinn Feinen garaipen historikoa ospatzen.
Erdian Michelle O’Neill, Sinn Feinen garaipen historikoa ospatzen. (Paul Faith | AFP)

Historia egin du Sinn Feinek; Ipar Irlanda duela 101 urte sortu zenetik aurrenekoz, irlaren batasuna nahi duen lehen ministro bat egon liteke, Asanblearako hauteskundeak irabazi baititu Sinn Feinek, eta ondorioz, Michelle O'Neill, Sinn Fein alderdiko presidenteordea, bilaka liteke Ipar Irlandako lehen ministro.

Errepublikarrek ganberako 90 eserlekuetatik 27 eskuratu dituzte eta, gisa horretara, 2017ko bozetan lortutako legebiltzarkide kopuru berari eutsi diete. Orain arte nagusi izandako DUPeko unionistak, aldiz, 25 eserlekutan geratu dira, lau eserleku galduta. 

Gauzak horrela, Ostiral Santuko akordioek diotena jarraituz, gobernu partekatua osatzera daude deituak Sinn Fein eta DUP, baina kasu honetan rolak aldatuta, errepublikarrak izango baitira negoziaketen gidaritza eramango dutenak. «Zailtasunak» aurreikusten ditu Belfasten urte askoan bizi izan den Ihintz Olidenek, alabaina; izan ere, unionistek esana dute Brexitaren ingurukoak argitu beharra dagoela lehenbizi. Ipar Irlanda negoziaketa haietatik kanpo uztea ebatzi zuen Boris Johnsonek, baina DUPek protokoloaren inguruan hitz egitea nahi du. Hauek argitu arte, ez omen dute gobernurako inor proposatuko, baina Olidenek gogoratu du «posizio ahulean» direla orain ezer exijitzeko. 

Sinn Feinen garaipena «historikoa» dela esan du: «Unionistentzako diseinatua izan zen sistema hautsi egin da eta horrek badu bere esanahaia. DUPrentzat galera handia izan da; Brexitak kalte handia egin die, kalkulu txarra egin zuten kanpaina guztia horren gain uzterakoan eta bozkatu dutenek zigortu egin dituzte». Iradoki du Alliance alderdira joan direla boto unionista asko; erreapublikarretatik eta unionistetatik aldenduta, hirugarren bide bat proposatzen dute alderdi berri honetakoek eta emaitza onak lortu dituzte, 17 eserleku Asanblean. Euren ibilbidea «gertutik» jarraitu behar dutela gaineratu du Olidenek. 

Bost urte balizko erreferendumerako 

Bost urte, epe hori jarri dio hauteskundeak irabazi berri dituen Sinn Feinek irlaren batasunaren inguruko erreferendumariSin . Olidenek dio «dudarik gabe» egon beharko duela negoziaketaren zerrendan gaiak, baina beharbada bost urteko epea asko esatea iruditzen zaio: «Uste dut eurek ere badakitela ez dela egingarria, Michelle O'Neillek onartu zuen denbora beharko dutela unionistak konbentzitzeko, eta hala egiten duten arte, galdeketarik ez dutela deituko errango nuke nik».

Edonola, esku artean izango dituzten lehen gaiak «egunerokoak» izango direla gehitu du, «Ipar Irlandako osasun sistema katastrofikoa bideratzea, hezkuntza mailan ere badituzte kontuak konpontzeko...». 

 

Jaurlaritza Logoa