Zuzenean

Ainara Rodriguez / Sara Iriarte

Zaintza erdigunean kokatuko duen ekosistema berri bat elkarlanean eraikitzen ari da Usurbil

Usurbilek erronka mardula jarri du mahai gainean herri zaintzaile bilakatzeko bidean. Parte-hartze prozesu baten bidez zaintza alorreko ekosistema integrala eraiki nahi dute. Horri buruz jardun dira Agurtzane Solabarrieta alkatea eta inplitatutako agente ezberdinak Naiz Irratian.

Audio_placeholder

Zaintza erdigunean kokatuko duen ekosistema berri bat elkarlanean eraikitzen ari da Usurbil

Loading player...
Zaintza modu integralean barnebiltzeko ekosistema ari dira eratzen Usurbilen.
Zaintza modu integralean barnebiltzeko ekosistema ari dira eratzen Usurbilen. (Piksel | Getty Image)

Usurbilek badu herri zaintzaile izateko berezko esentzia, baditu herrikideak zaindu eta laguntzeko bokazioa duten herritarrak, eta orain, balore, nahi eta konpromiso horiek egituratu nahi dituzte zaintza sare edota zaintza ekosistema baten baitan. Martxoa hasieran aurkeztu zuten herriko agente desberdinek zaintza erdigunean jarriko duen proiektua eta Naiz Irratian azaldu dute sakonago zertan datzan.

Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak azaldu duenez, zaintzaren inguruko kezka pandemia lehertu baino lehenagokoa da; orduan hasi ziren zaintza-sarea eratzeko lehen burutazioak. Baina, azkenean, pandemiaren ondorioek are gehiago nabarmendu du horren beharra. Egoera horrelakoa izanik, parte-hartze prozesu bat abiatu zuten. «Gure buruari galdetzen genion Usurbilen nola zaindu nahi dugun, usurbildarrok nola zainduak izan nahi dugun, eta horretarako zein baliabide jarri behar ditugun norbanako gisa», azaldu du alkateak.

Hasieratik «argi» izan dute galdera horiei «modu kolektiboan» erantzun behar zietela, «ekosistema horren eraikuntza kolektiboa» izan behar zuela eta, batez ere, «sektorearekin eta komunitatearekin batera eta erakundeak elkarlanean eraikitakoa» izan behar zuela.

Elkarlana oinarri

Usurbilgo alkateak azpimarratu duenez, zaintzari hasieratik modu integralean begiratu diote, eta gai izan dira «zaintzaren bueltan dauden eremu, arlo edota pertsona ezberdinak biltzeko», horretarako espreski sortu duten talde eragile batean.

Mahai horren bueltan elkartu dituzte herrian zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak, bertako ordezkariak eta langileak, etxeetan lanean ari diren pertsonak (gehienetan emakume migratzaileak direnak), zaintza behar duten pertsonak, familiak, komunitatea eta erakundeak.

Matia Institutua izan dute bidelagun, eta bere laguntza ezinbestekoa izan dute, izan ere, Matia institutua Kalezarren eraikitzen ari da zaintza behar duten pertsonen etxebizitzen auzune bat.

Ainara Tomasena bertako kideak adierazi duenez, «zaintzadun etxebizitza hauekin, pertsonan oinarritutako arreta eredua zabaldu nahi da, pertsonaren nahiak eta desioak errespetatuz, zaintza bere inguruan antolatuz. Eraldaketa bat da, argi dago gehiengoak etxean eta etxean bezala bizi nahi dugula; eta etxean bezala bizitzeko aukera bat da hau». Matia institutuko kideak zaintza sare honen gakoen artean herriaren inplikazioa nabarmendu du.

Parte-hartzean ari da oinarritzen prozesu hau, herritarrak ardatz hartuta. Prozesu honetan, DYA ere buru-belarri jardun da. Maider Makazaga DYAko Gipuzkoako gerente usurbildarrak argi utzi du herritarrek sortutako ekosistema hau «errazagoa litzatekeela sortzea» administrazioaren edota agente gutxi batzuen artean, baina ez litzatekeela berdina izango.

DYAren baitan hainbatetan aritu izan dira zaintzaren definizioaren eta helburuen artean hausnartzen. Makazagak adierazi duenez, «beti gehiago begiratu izan zaio zaintzaren inguruan hitz egitean, osasun arloko zaintza horri, higieneari... pixka bat horretara mugatzen gara gehienbat. Baina, nik uste dut izugarri garrantzitsua dela pertsona horiei beste gauza batzuk egin ahal izateko tresnak edota baliabideak ematea. Pertsona batentzako garrantzi izugarria dauka aukera izatea sozialki harremanak izateko». Azpimarratu duenez, «pertsona bere osotasunean hartu behar dugu kontuan».

Zaintzarako eskubidea

Alkateak gaineratu du, zaintza eskubide bat bada, administrazio publikoak eskubide hori bermatu behar dutela: «Zaintza behar duten pertsonen gehiengoak, zaintza behar izanda ere, etxean bizitzen jarraitu nahi du, eta hori da errealitatea».

Hori da Usurbilen hasieratik zehaztu duten helburua: «Nola eratu ekosistema oso bat, sare oso bat gure herrian gure herrikideen nahiak betetzeko; alegia, gure herrikideak Usurbilen zahartzeko aukera izan dezaten, eta zaintza behar izanda ere beraien etxean jarrai dezaten. Zeinen garrantzitsua den inolako hausturarik eragingo ez duen zaintza eskaintzea modu integral batean».

Datozen pausuak

4-5 hilabeteko prozesua dute orain aurretik, izan ere, zaintzaren ekosistema berria ezartzeko bide-orria prestatu behar dute. Lehentasuna hiru eremuei emango diote: etxez etxeko zerbitzuaren eraldaketari; oinarrizko gizarte zerbitzuen eraldaketari, arreta eredu berria ardatz hartuta; eta Usurbilgo zaintza ekosistema sortzeko eta abian jartzeko prozesua ebaluatzeari.

Honi guztiari nolabaiteko bizkortasuna eman nahi diote, izan ere, datorren urterako martxan nahi dute. 2022an zehaztu nahi dute zertan eraldatu behar duten, ahal balitz 2023an jada urratsak ematen hasteko aipatutako eremu horietan.

Jaurlaritza Logoa