Zuzenean

Ion T. Barrena
Elkarrizketa
Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastuy
Ganuza-Monzon euskal utopikoei saria 2022

«Utopikoak gu? Egin behar zena egin dugu beti»

Audio_placeholder

«Utopikoak gu? Egin behar zena egin dugu beti»

Loading player...
Elkoro eta Ayastuy, euren etxean
Elkoro eta Ayastuy, euren etxean (I.T. | NAIZ)

Olaso Dorrea Fundazioak utopikoei eskainitako saria jaso biharamunean hartu gaituzte euren etxean Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk. Memoriaren monumentu bat da, eraikina bera hala delako, paretetan euskal historia garaikidearen zertzeladak nonahi ageri direlako eta bien hitzek azken 50 urtetan Euskal Herriak egin duen bidea marrazten dutelako.

Bergarako ikastolaren abiatzea, lan munduaren euskalduntzea, HB, Alcala hotela, Ganuza-Monzon familia, euskal hedabideen sustapena... Elkarrizketa baterako ez, zazpi liburutarako esanak badituzte Elkorok eta Ayastuyk. NAIZ Irratitik goaz eta Elkorok Egin irratiaren legez kanpoko antenekin izan zituzten gora beherak ditu gogoan, «denei eman zizkieten lizentziak, guri izan ezik». Elosu mendin antena jarri zuten hala ere, «lehenbizi generadore batekin, baina erre egiten zen, azkenean lur azpitik ezkutuan sartu genizkion kableak eta salatu egin gintuzten, epaiketan amaitu genuen, 2 watt ‘lapurtzeagatik’, epaileak lehen aukeran itxi zuen kasua, esango zuen ‘herriko alkatea epaitegian 2 watt lapurtzeagatik? Beno, beno...»

Elkoro omen da baikorra eta Ayastuy ezkorra, «errealista» zuzendu du Mari Karmenek Jose Luis. Eta utopikoak? Utopikoak izan dira? «Ez», dio Ayastuyk, «guk egin dugu lana momentuan momentukoa, tokatu zaiguna» . Elkorok dio baietz, «utopismoa da optimismoa gradu altuan», eta halabeharrez izan direla, «gure helburuak jaio ginenetik utopikoak izan dira, HB sortu zenean zeinek pentsatu gu lau katu izanda gaur garena izatera iritsiko ginela!».

Memoria ariketa egiteko eskatuta lorpenak dakartzate lehen kolpean gogora, bizitza lorpenetik lorpenera eraiki izan balute bezala, «baina dena ez da utopikoa izan», gogoratu du Ayastuyk, «ikusten dituzu paretako txapel horiek denak? Hor dauzkazu ongi etorriak, hor senideen kinkea... utopikoa hori ere!», dio ironiaz, «hartu autobusa eta gaur nora? Jaenera, edo A Lamara, edo Algecirasera», presoekiko elkartasun lanetan egindakoak dakartza gogora.

«Bost aldiz atera naiz kartzelatik», espetxeratzeetan baino irtenaldietan kontatzen du Elkoro «baikorrak» bere kartzelarekiko harremana. Momentu gogorrak bizi izan dituztela dakar gogora Ayastuyk, «baina ez dugu inoiz atzera egin», gehitu du Elkorok, «egurra alde guztietatik eman digute baina atzera ez dugu urratsik eman sekula».

Zer da gazte garaian utopia zirudiena eta gaur errealitate bihurtu dena? «Euskara», dio Mari Karmen Ayastuyk galdera amaitzerako. Alfabetatzean eta ezagutzan eman den garapen izugarria nabarmendu ditu. Auzi hori bera da, ordea, Elkoro gehien kezkatzen duena egun, «ikastola amaitu eta denak erderaz aritzen dira». Euskara biziko bada apustu berri eta indartsuak egiteko beharra dagoela dio.

Gaur bada utopikorik Euskal Herrian? «Gu gara utopikoak», dio Elkorok Ayastuyren barre konplizeaz lagunduta, «Euskal Herriaren etorkizunean sinesten dutenak dira utopikoak eta nik sinisten dut».

Jaurlaritza Logoa