Zuzenean

Naiz Irratia

«Parisen ere euskaraz bizi nahi dugu»

Korrika laster hasiko da gurean, baina Parisen aurreratu egin dira eta asteburuan egin dute Euskal Etxeak antolatuta. Lorea Ibañezen esanetan egun «zoragarria» pasa zuten. «Euskaldun asko bizi gara Euskal Herritik kanpo eta euskaraz bizi nahi dugu».

Audio_placeholder

«Parisen ere euskaraz bizi nahi dugu»

Loading player...
2019ko Korrika, Parisen
2019ko Korrika, Parisen (Naiz Irratia)

Parisko kaleak zeharkatu zituen Korrikak joan den asteburuan. Euskal Herrian martxoaren 31n hasiko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia, baina azken urteetan indartu egin den dinamikaren baitan, munduko txoko ezberdinetan ere egingo da Korrika. Frantziako hiriburuan larunbat honetan izan zen hitzordua, Parisko Euskal Etxeak antolatuta.

Lorea Ibañez izan zen mikrofonoarekin giroa alaitzeko arduraduna. Pozarren mintzatu da Naiz Irratian Parisen egindako Korrikarekin, poliziek nolabaiteko traba jarri zieten arren, ez zieten utzi errepidean korrika egiten. Edonola, euskararen alde «oihuka» aritu ziren 60 bat lagun.

Laugarrenez antolatu du Korrika Parisko Euskal Etxeak, Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunek ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko, Ibañezen esanetan. Euskaraz aritzeko aukera ematen die, besteak beste, Euskal Etxeak. Bilgunea da Paris inguruko euskaldun askorentzat. Sagardotegiak, kontzertuak, mus txapelketak nahiz bazkariak antolatzen dituzte.

Jaurlaritza Logoa