Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Amaia Zubieta
Euskal Herriko Mugimendu feministako kidea

«Badakigu inork ez digula ezer oparitu eta inork ez digula ezer oparituko»

«Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra» lelopean, kaleak hartzera deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8 honetan. Aurten zaintza lanen garrantzia «erdigunean» kokatu nahi dutela adierazi du NAIZ Irratian mugimenduko Amaia Zubietak.

Audio_placeholder

«Badakigu inork ez digula ezer oparitu eta inork ez digula ezer oparituko»

Loading player...
Martxoaren 8ko mobilizazioen artxibo irudi bat, Bilbon.
Martxoaren 8ko mobilizazioen artxibo irudi bat, Bilbon.

Pandemiak baldintzatuko urte baten ostean, 2022ko Emakumearen Nazioarteko Egunean martxa eta elkarretaratze jendetsuak espero ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Emakumeen batasuna eta berdintasunaren aldarria egiteko eguna izango da, eta batez ere, borrokan berresteko eguna, erasoen aurrean.

«Badakigu inork ez digula ezer oparitu eta inork ez digula ezer oparituko» adierazi du Amaia Zubieta Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak.

Feminismotik urratsak eman ahala, honen aurkako mehatxuak ugaritzen ari direla ohartarazi du Zubietak, bereiziki eskuin muturreko sektoreen aldetik, «gogor jotzen ari da eta jomugan gaitu». Nahiz eta jakitun izan, erasook norabide onetik doazela adierazten dutela, argi utzi du Zubietak «erne» daudela faxismoaren aurrean. «Elkarrekin geldiezinak gara» ziurtatu du.

Zaintza erdigunera

Euskal Herriko Mugimentu Feministak aurtengo martxoaren 8rako aukeratu duen leloa, argi adierazten du ez dutela atzera egiteko asmorik; 'Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra'. «Lelo indartsua» dio Zubietak «errotik aldatu nahi dugun gizarterako». Sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazista baten aurkako aldarria da Euskal Herri osoan ozen entzunaraziko dutena.

Mugimendu feministako kideak dionez, azken urteetan egin bezala, bereziki emakumeen gain gelditzen diren zaintza lanen garrantzia kokatu nahi dute «erdigunean». Zubietaren esanetan, beharrezkoa da zaintza sistemaren «ahuldadea» salatu, «zaintza sistema publiko, doako eta unibertsala» eskatzeko jarraian.

Euskal Herriko bost hiriburutan deitu ditu mobilizazio nagusiak Mugimendu Feministak. Baionan Merkatu plazan izango da kontzentrazioa arratsaldeko 18.00etan. Donostian, ostera, Antiguako tuneletik hasiko dute martxa manifestariek 18.30etan. Gasteizen San Anton plazan hasiko dira mobilizazioak arratsaldeko 19.00etan eta, jarraian, Bilboko manifestazioa 19.30etan abiatuko da Jesusen Bihotzetik. Bukatzeko, iruindarrek 20.00etan ekingo diote martxari Antoniutti parketik.

Jaurlaritza Logoa