Zuzenean

Naiz Irratia

Memoria Garak gardentasuna eskatu du San Frantzisko eliza memoria gune bilakatzeko prozesuan

Nerea Martinez Memoria Gara elkarteko ordezkariak erreparaziorako eta aldarrikapenerako tresna izango den espazio parte hartzaile bat exijitu du.

Audio_placeholder

Memoria Garak gardentasuna eskatu du San Frantzisko eliza memoria gune bilakatzeko prozesuan

Loading player...
Zaramagako eliza memoriaren gune bilakatzearen aldeko elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Zaramagako eliza memoriaren gune bilakatzearen aldeko elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

2018an aurkeztu zuten Memoria Gara elkartea helburu argi batekin: 1976ko Martxoaren 3an poliziak hil zituen 5 langileak gogoan, sarraskiaren lekua, Zaramagako San Frantzisko eliza, memoria eta giza eskubideen zentro bilakatzea.

Urte bete da instituzio publikoek prozesuaren hasiera iragarri zutenetik baina memoria zentroa gaur gaurkoz ez da errealitate bat eta instituzio publikoen jarrerarekin kritikoa da Memoria Gara elkartea. Nerea Martinezek Naiz Irratian adierazi du ez dutela informazio askorik. Berretsi du elkarteak ez duela presarik, baina argi duela memoria zentroa eraikitzeko prozesuak parte hartzaile izan behar duela. Gardentasuna ere exijitu du Martinezek, eta egitasmoan inplikatuta dauden eragileekiko une honetan ez dagoen informazio zuzena eskatu du.

Informazio zuzen eta argirik ez dute, beraz, eta ondorioz ezin jakin proiektua zein puntutan dagoen eta zein arazo egon daitezkeen aurrera segitzeko, baina Martinezentzat bi dira une honetan gakoak. Batetik, elizaren jabetza aldaketa nola egin zehaztea eta bestetik, zentroaren diseinua bera. Ez dute lokal hotz bat nahi, espazio bizi bat baizik, aldarrikatzailea eta herritarren parte hartzea bermatuko duena.

Martin Villaren auzipetzea

Bitartean Martxoaren 3ko biktimek egia, justizia eta erreparaziorik gabe jarraitzen dute. Frankismoko krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarrak ustezko homizidio eta tortura delituengatik Martin Villa trantsizio garaiko ministro ohia auzipetu izanak izugarrizko garrantzia duela baieztatu du Martinezek. Villaren auzipetzean, informazio zabalagoa eskatu du epaileak eta abokatuak txosten osagarri guztiak prestatzen ari direla baieztatu du Memoria Gara elkarteko ordezkariak. Gakoa, indarkeria sistematizatu bat egon zela frogatzea dela azaldu du, horrek preskribaezinak diren krimenak egon zirela finkatuko lukeelako.

Jaurlaritza Logoa