Zuzenean

Ainara Rodríguez - Peli Lekuona
Elkarrizketa
Mitxel Lakuntza
ELA sindikatuko idazkari nagusia

ELA sindikatuak «oso presente» du greba orokorra

Greba orokorra noiz izango den zehaztu gabe egon arren, «oso presente» du ELA sindikatuak lanuzte orokorraren aukera. Mitxel Lakuntza, sindikatuko idazkari nagusiak  pentsioak eta lan erreformaren hainbat alor aipatu ditu NAIZ Irratian, grebaren beharra azaltzeko.

Audio_placeholder

ELA sindikatuak «oso presente» du greba orokorra

Loading player...
Mitxel Lakuntzaren agerraldia Bilbon. (Aritz Loiola/FOKU)
Mitxel Lakuntzaren agerraldia Bilbon. (Aritz Loiola/FOKU)

Pentsioetan baby boom generazioak izan ditzakeen murrizketak, lan erreforma edota kaleratze kolektiboekiko erantzun falta azpimarratu du Lakuntzak greba orokorraren beharra aldarrikatzeko.

Pentsioek eta Europako funtsek eskatzen dituzten erreformaz kezkati da ELA sindikatua. Espainiako gobernuak erreformekiko duen jarrera baikorra arriskutzat jo du Mitxel Lakuntzak. «Jendeak aukera bat izango du: lan gehiago egin edo pentsioan gutxiago kobratu. Hori da gure beldurra. Behin eta berriz mahi gainean jartzen ari gara arriskurik handienetakoa zein den». Denbora gutxian erabaki oso garrantzitsuak har daitezkeela ohartarazi du.

José Luis Escrivá ministroak zehaztu du aldaketa kulturala behar dela espainiar Estatuan, «55 eta 70 edo 75 urte artean gero eta lan gehiago egiteko» . ELA sindikatuak «lotsagarritzat» jo du ministroaren adierazpena, eta gazteriaren egoeraz edota 1080 euroko pentsioaz hitz egin behar dela zehaztu du. Ondorioz, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi «posizioa finkatzea» eskatu die sindikatuak. Oinarritzat, murrizketarik onartzen ez duen «emendakin argi bat» eskatu die hiru alderdiei Lakuntzak.

Elkarrizketa sozialaren mahaiaz, ELA sindikatuko idazkari nagusiak zehaztu du patronalaren nahiez hitz egiten dela bertan, eta gobernuak «propaganda» egiteko baliatzen duela. Baita ere, mahaiaren «gabezia demokratikoa» salatu du, gutxiengoa diren sindikatuei ematen zaien garrantziagatik. «Benetako gauzez» hitz egiteko beharra azpimarratu du. «Lan istripuekin gertatzen ari dena herri honetan lotsagarria da. Ez dugu inongo bultzadarik ikusten gobernu honetan ikuskari gehiago jartzeko. Eta horrela gertatzen da behin behinekotasunaz hitz egiten dugunean, edo soldata arrakalaz adibidez».

Estatu eta errepublika propio baten alde

ELA sindikatuak azaroan burutuko du kongresua. Bertako berritasun izango da sindikatuak independentziaren beharra hartuko duela gidalerrotzat. Mitxel Lakuntzaren esanetan, «irakaspen eta ondorio askoren bueltan» harturiko proposamena da.«Autogobernua guk behintzat ez dugu ulertzen EAJak ulertzen duen bezala. Autogobernua, bere osotasunean edo bere horretako kontzeptzioan, ez da lortuko Estatu propio baten bitartez ez baldin bada. Oso garbi dugu».

Jaurlaritza Logoa