Zuzenean

Ainara Rodriguez - Miren Mujika

Lazkao Txiki, bere galeratik 30 urtera, inoiz baino presenteago Ordiziako horma-irudiari esker

30 urte beteko dira aurki Jose Miguel Iztueta Kortajarena `Lazkao Txiki’ hil zela. Baina bertsolariak presente jarraitzen du Euskal Herriaren oroimenean. Egunotan, gainera, metro luzeko horma-irudi batean islatu dute Nextor eta Aitor Otaño aita-semeek.

Audio_placeholder

Lazkao Txiki, bere galeratik 30 urtera, inoiz baino presenteago Ordiziako horma-irudiari esker

Loading player...
Ordiziako etxebizitza batean egin dute murala Aitor eta Nextor aita-semeek. (Raul BOGAJO / FOKU)
Ordiziako etxebizitza batean egin dute murala Aitor eta Nextor aita-semeek. (Raul BOGAJO / FOKU)

Bere galeratik hiru hamarkada pasa diren arren, presente jarraitzen dute bere esamoldeek. Horietako batek are eta sona handiagoa hartu du azken egunotan, bere erretratua Ordiziako etxebizitza eraikin bateko metro luzeko horma-irudi batean eta kolore biziz margotuta ikusi dugunean. Nextor semea eta Aitor Otaño aita dira muralaren egileak eta Aitor Otaño izan da NAIZ Irratian, muralaren ingurukoak azaltzeko.

Otañok azaldu du ez dela erretratu bat, bertsio bat baizik; Lazkao Txikiren izaera islatzen duena: «Berari jartzen zizkioten gaiak komikoak izaten ziren askotan, baina sentimenduzko gaiak ere kontatzen zituen eta hori islatu nahi izan dugu horma-irudian. Horregatik uztartu ditugu errealismoa eta umorea», nabarmendu du.

Enkargua Emaneurre Taldearen eskutik jaso zuten otañotarrek. Taldeko Arkaitz Iztuetak kontatu duenez, sare sozialetan ezagutu zituzten aita-seme artistak eta eurekin harremanetan jarri ziren zuten ideia azalduz. Euskararekin lotutako ekintzak antolatzen ditu taldeak eta duten kezka ederki islatzen duen Lazkao Txikiren esaldi bat agertzea nahi zuten horma-irudian. Hala dio: «Martxa honetan aurki erderaz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan».

Aitor Otañok azaldu duenez, hasieran esaldi hori islatzeko asmoa bazuten ere, aukera polita ikusi zuten gero bertsolari maitatua omentzeko.

Gazteak ibiltzen diren kale batean kokatua

Margolariak gaineratu du hainbat diseinu aurkeztu zizkietela Emaneurrekoei: batzuk besteak baino serioagoak. Baina bere esanetan, horma hori, gehienbat, gazteak ibiltzen diren kale batean dagoenez, seriotasuna kendu nahi izan zioten irudiari. «Emaneurretik deitu ziguten enkargua eskatuz. Guk diseinu batzuk erakutsi genizkien, baina kontuan izanda gazteak ibiltzen diren kalea dela hori, umorea ere sartu nahi izan genion marrazkiari».

Hainbesteko dimentsioa hartzen duen horma-irudi bat egiteko modu desberdinak daudela jakinarazi du Otañok, baina azaldu du haiek nahiago izaten dutela horman margotu, bertan akatsak egin eta akats horietatik ikasteko. «Photoshop-a erabiltzen dugu lehenik, eta gero irudi hori horman islatzen dugu zuzenean. Hala, akatsak egingo ditugu eta horietatik ikasi; gure burua entrenatzeko modu bat da».

Otañok nabarmendu nahi izan du Nextor semeak margotu duela muralaren gehiengoa. Bera laguntza lanetan ibili dela, alegia. Eta bien artean jositako horma-irudia bada ere, Ordiziako herriarena dela azpimarratu nahi izan du.

Goierri aldean «idolo bat» izan zen

Gainera, bertako bizilagunen harrera nabarmendu du Otañok. Izan ere, harrituta geratu dira 30 urte pasa badira ere, nola gogoratzen duen Goierrik Lazkao Txiki: «Konturatu gara Goierri aldean idolo bat izan zela Lazkao Txiki».

Horma-irudiak margotzea izugarri gustatzen zaiela dio Otañok. Are gehiago, munduan zehar dauden hormetan ahalik eta irudi handienak margotzea dute helburu: «Gure kultura munduan zehar zabaltzea da gure helburua».  

Bandalismoarekin lotu izan da sarri graffitien mundua. Baina Otañok dioenez, graffitiak egiteko mila modu daude, eta gaineratu du graffitien bitartez pentsaerak eta sentimenduak islatu daitezkeela hormetan.

 

Jaurlaritza Logoa