Zuzenean

Miren Mujika-Amaia Zurutuza

‘Rider legeak’ langileen baldintzak are gehiago okertu dituela salatu du LABek

‘Rider legea’ langileen lan baldintzak hobetuko zituelakoan sartu berri da indarrean, baina, LAB sindikatuko Berta Garciak kontrakoa gertatu dela ohartarazi du. Legearen nondik norakoak eta dituen hutsuneak argitu ditu Naiz Irratian.

Audio_placeholder

‘Rider legeak’ langileen baldintzak are gehiago okertu dituela salatu du LABek

Loading player...
Rider edo banatzaile bat. (Jon URBE | FOKU)
Rider edo banatzaile bat. (Jon URBE | FOKU)

Ridersak etxez etxe janaria, edaria eta bestelako gauzak banatzen dituzten langileak dira. Euren lan baldintzen aldeko aldarriez bete izan dira kaleak, eta baldintza horiek hobetu nahian edo, Rider Legea pasa den astean sartu zen indarrean. LAB sindikatuko Berta Garciak NAIZ irratian azaldu duenez, hasteko, «berandu» dator legea, eta gainera, langile hauen egoerak eta euren baldintzek «txarrak» izaten jarraitzen dute.

Azaldu du Euskal Herrian hiru enpresa nagusi daudela: Deliveroo, Uber Eats eta Glovo. Garciak kontatu du, enpresa horiek, hurrenez hurren, zein formula bilatu duten lege horri ihes egiteko: «Deliverook esan du printzipioz badoala, antza, ez zaio interesatzen esplotaziorik ez egotea; Uber Eats-ek, ordea, azpikontratazioa hautatu du, eta Glovo enpresak, aldiz, aukeran eman die langileei, ea kontratatuak izan nahi duten edota autonomo gisa jardun nahi duten, hori aukera bat izango balitz bezala».

Garciak nabarmendu du baldintza kaxkarretan bizi direla ridersak, eta Glovoren kasua azaldu du: «Lehen ordutegi baten barruan egiten zutela lan. Orain, aldiz, ahalik eta ordu gehien lan egitea omen da kontua. Astelehenetik igandera, goizetik gauera, aplikaziora konektatutak egon beharko dira langileak».

Legeari begira, Garciak nabarmendu du, batez ere, lez dituela langileen lan baldintzak hobetzen, alderantziz: «Lege hau ez da nahikoa, ez ditu minimoak ere betetzen, ez dugu hainbeste zirrikitu dituen legerik nahi, langileen baldintzak are gehiago okertzen baititu». Gainera, momentuz, legea ez dela betetzen ari ohartarazi du: «enpresek legearen zirrikituak bilatzen aritu dira. Guk ez dugu kontratu bat ere ez ikusi».

Legeak egoera prekarizatuagoa izatea probokatu duela azpimarratu du Garciak, «langile asko kaleratuak izan direlako edo subkontratatuak izan direlako». «Globoren kasuan, autonomo gisa geratu diren langileak baldintza okerragoak dituzte orain», gaineratu du.

LABek ridersen lan baldintza egokiak aldarrikatzen jarraituko duela nabarmendu du Garciak. Bi borroka desberdin izango dute hemendik aurrera. Alde batetik eman diren kaleratzeak salatuko dituzte eta epaitegietan kaleratze horiek baliogabeak izan direla aldarrikatuko dute. Beste alde batetik, Glovok asmatutako formula berria epaitegietara eramango dute. Era berean langileak antolatzen eta sektoreko mobilizazioak indartzen jarraitu behar dutela aipatu du

Gainera, sektoreko hitzarmen baten aldeko apustua egiten dutela azaldu du Garciak. «Gobernuak apustu hori ere egingo balu, lortu daiteke», gehitu du.

Jaurlaritza Logoa