Zuzenean

«Arbonako okupazioan ‘irabazi arte’ dago idatzita»

Arbonako okupazioak aurrera darrai. 15 lur hektarea erosi ditu emakume aberats batek, 3 milioi euroren truke. Ez du, ordea, lurrak nekazaritzara bideratzeko asmorik. Lur saila okupatuta dute Lurzaindiak eta ELB sindikatuak ekainaren 23tik. Dominique Amestoy Lurzaindia elkarteko kidearekin izan gara.

Audio_placeholder

«Arbonako okupazioan ‘irabazi arte’ dago idatzita»

Loading player...
Arbonako lur sail okupatua © Guillaume FAUVEAU
Arbonako lur sail okupatua © Guillaume FAUVEAU

Arbonako lur sailaren okupazioa bultzatzen ari diren Lurzaindiak eta ELB sindikatuak erosleari proposatu zioten 15 hektarea beharrean hiru erostea, gainerakoak nekazaritzara bideratu daitezen. Ez zuen, ordea, onartu eta horregatik ekin zioten okupazioari.

Bi helbururekin eman dute pausua, batetik 12 hektare horiek gazte nekazariei bideratzea, eta bestetik, Amestoyren esanetan, lurraren defentsan nahikoa konpromezu ez duen Herri Elkargoa mugi araztea.

Helburu bat, maila batean, kasik momentuan lortu zuten. Herri Elkargoko 90 hautetsi nekazarien alde agertu baitziren berehala, eta ondoren, Jean Rene Etchegaray Elkargoko lehendakaria bera Arbonan izan zen nekazal lurren defentsarekin bat eginez. Edonola, instituzio publikoetako ordezkariek hitzetatik haratago joan beharko dutela gaineratu du Amestoyk.

Arbonako lur sailaz harago, nekazal lurrak galtzen ari direla eta legea aldatu egin behar dela defendatu du, etxe soil bat ez dadin saldu nekazaritzara bideratuko ez diren lur hektarea mordoarekin. Hain justu, Arbonako okupazioarekin legearen inguruko eztabaida zabaltzea lortu dutela txalotu du.

Nekazal lurren defentsa irmoa egin du Lurzaindiako ordezkariak, besteak beste, elikaduran duten garrantzia azpimarratuz. Eta ohartarazi du, bide honetatik jarraituz gero, Laborantxa Ganberak egindako azterlan baten arabera, 2050. urtean Ipar Euskal Herriak ez duela elikadura autonomiarik izango. Nekazal lurrak behar dira, nekazariak, baita gazteak ere, egon badaudelako Amestoyk azaldu duen moduan.

Gazteak lurrak lantzeko eta ereintzeko prest egonik, aberatsek lurrak eurentzat erostea bortizkeria da Lurzaindiako kidearentzat. Egoera honetan, ekainaren 23tik abian da Arbonako okupazioa, eta Amestoyk baieztatu du bertan segiko dutela, eremuan idatzita dagoen mezua gogoratuz: ‘Irabazi arte’.

Batek pentsa lezake dirudunak irabazten duela beti, hala esan ohi da, diruarekin guztia dela posible. Tira, bestelakorik ere gerta daitekeela dio Lurzaindiako ordezkariak. «Beti entzun dugu diruarekin nahi dena egiten dela, guk espero dugu diruduna tronpatzen ahal dela, gu ez gaude lo, erne gaude».

Jaurlaritza Logoa