Zuzenean

Iraide Ibarrondo-Amaia Zurutuza

Tubacexeko langile berronartuek euren soldata erresistentzia kutxara bideratzea proposatu dute

Laudioko piketean egindako agerraldian, Tubacexen berronartutako beharginek kobratuko duten soldata grebalarientzako erresistentzia kutxara bideratzea proposatu dute. Grebak 175 egun bete ditu jada.

Audio_placeholder

Tubacexeko langile berronartuek euren soldata erresistentzia kutxara bideratzea proposatu dute

Loading player...
Tubacexeko langileen protesta Laudioko lantonkiaren atarian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Tubacexeko langileen protesta Laudioko lantonkiaren atarian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziaren ondotik, Tubacexek kaleratutako langileak birkontratatu behar izan zituen. Langileak soldata kobratzen hasiko dira, baina, oraingoz,  enpresak ez die lantokira bueltatzen uzten. Hori horrela, soldata kobratzen hasiko diren beharginek beraien irabaziak erresistentzia kutxara bideratzeko proposamena luzatu diete gainerako lankideei.

Naiara Olabarrieta kaleratua izan zen langileetako bat da, errisistentzia kutxako kidea ere bada eta Laudioko piketeetan era aktiboan diharduen pertsonetako bat. Erresistentzia kutxaren sorrera nondik datorren azaldu du: «Zerbitzu minimoetakoek eta kanpoko jendeak diru ekarpenak ekartzen zituzten eta era batera edo bestera, diru horrekin egin nahi genuena diru beharra zuten lankideei laguntza eskaintzea zen». Izan ere, egun gutxitan sei hilabete beteko ditu lanuzteak eta Olabarrietak diru beharra badagoela aitortu du.

Langileek grebarekin jarraitzea erabaki zuten enpresak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziari helegitea jarriko ziola jakin zutenean. «Oraindik elkartasun batera heltzeko oso oso distantziatuak gaude», esan du Olabarrietak enpresaren jokaera  kritikatuz. Bestalde, jakinarazi du orain enpresak oporrak ordaindu beharko lizkiekela langileei, baina ez duela hori egiteko asmorik.

Azpimarratzekoa da nahiz eta enpresa langileak berronartzera behartuta dagoen, oraindik ez dituela gizarte segurantzan altan eman. Beraz, teknikoki langabezian jarraitzen dute oraindik kaleratuak izan ziren 129 langileek.

Nekatuta baina indartsu

Grebaren luzerak nekea eragiten die grebalariei. Izan ere «greba aktiboa» daramatela  eta «piketeetan ordu asko elkarrekin» pasatzen dituztela azaldu du Olabarrietak. Hortaz gain, sei nomina kobratu gabe egoteak kalte ekonomiko nabariak eragin ditu Aiaraldeko familia askoren aurrezkietan.

Hala ere, Olabarrietaren esanetan, lantaldeak «oso oso indartsu» jarraitzen du arrazoia dutela badakitelako. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusian lortutako garaipenak arrazoia dutela berresten die langileei eta horrek indarrez betetzen ditu.

Jaurlaritza Logoa