Donostia

Amorrua, emozioa eta kritika soziala nagusi Yo Ciervo taldearen azken lanean

‘La Guerra de la Independencia vol.1’ diskoa kaleratu berri du Yo Ciervo hiruko donostiarrak. Rivas anaiek hasi eta Koldo Bellosok osatutako talde indartsu honek, trilogia bati bukaera eman dio lan honekin. MusikHaria saioan izan da Julen Rivas taldeko bateria-jotzailea diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

Amorrua, emozioa eta kritika soziala nagusi Yo Ciervo taldearen azken lanean

Loading player...
Yo Ciervo hirukote donostiarrak trilogia bati bukaera eman dio azken lanarekin.
Yo Ciervo hirukote donostiarrak trilogia bati bukaera eman dio azken lanarekin.

Atzera kontaketa bukatu du Yo Ciervo taldeak eta ostegunean kaleratu zuten ‘La Guerra de la Independencia vol.1’ diskoa. Julen eta Imanol Rivas anaien proiektua da Yo Ciervo eta urte asko daramatzate elkarrekin jotzen.  Egun 30 urte pasatxo dituzte, 7 urtetatik musika munduan dabiltza eta talde beretan joz 14 urte zituztenetik. Yo Ciervo ere biek hasi zuten eta gerora batu zen Koldo Belloso baxu-jotzailea. «Orain bai, orain ongi moldatzen gara baina, jakina, bizitzan gerra asko bizi izan ditugu elkarrekin. Eta oraindik ere izaten ditugu, horrelakoxea da bizitza eta hasieratik irakatsi digute bizitza errusiar mendi bat dela, izan emozionalki eta izan artistikoki. Talde autogestionatu batek hori baitu, gogorra eta polita da, baina gure grina hori da».

Trilogia baten itxiera da disko hau, aurretik Vol.2 eta Vol.3 kaleratu zituztelako independentziaren gerraren bueltan. «Topiko bat da baina pandemia dela eta asko atzeratu zaigu guztia eta bagenuen trilogiari amaiera emateko gogoa. Duela urtebete baino gehiago grabatutako lana da. Trilogia batean sartu ginen, hirugarrenetik hasi ginen eta hasieratik utzi genuen garbi hiru izango zirela. Bukaera da, baina hasiera berri baten zati ere bai. Estudioa muntatu berri dugu, oraindik txukuntzea falta zaigu, baina hemendik aurrera gure lanak erabat guk ekoitziko ditugu. Orain arte Eñaut Gaztañagarekin grabatzen genuen eta berak ere parte hartu du lan guzti hauetan, baina gure bidea hartzeko hautua egin dugu. Abentura berria izango da», aurreratu digu Julen Rivasek.

Hitzekin barruan gordea kanporatuz
Kantuen hitzen sortzailea, gehienetan, Julen izaten da, baina gero Imanolek aldaketak egiten dizkio kontatu digunez: «Nik abestiak hitzez bete-bete eginda uzten ditut. Hartara, gero errazago abesteko, arnas pixka bat hartzeko eta halakoetarako, Imanolek moldatu egiten ditu kantuen hitzak. Modu horretara, esanahia ere irekiago geratzen da bakoitzak bere interpretazioa egin dezan». Musika norberaren barne gatazkak kanporatzeko erabiltzen dute hein batean Yo Ciervokoek: «Hitzez esatera ausartzen ez garen hori, abestien bidez kanporatzen dugu. Barruan dugun amorruarentzat ihesbide bat dira kantuak nolabait ere». Gauzak horrela, kritika soziala duten hainbat abesti idatzi dituzte disko honetan ere.

Abestiak egiterakoan libre sentitzen dira. «Bakoitzak bere burua etiketatzeko joera dago garai hauetan eta hori horrela egiten ez baduzu, estilo propiorik ez duzula edota haizeak nondik jotzen duzun ere ez dakizula esaten dizute. Eta ez. Gu musikariak gara, musika egiten dugu eta nahi dugun diskoa egiteko libre sentitzen gara. Baita abesti baten barruan nahi duguna egiteko ere. Zergatik ez nahi duguna egin?», aldarrikatu du Julen Rivas taldeko bateria-jotzaileak.

‘Behartuak’ kantua izan zen diskoa atera aurretik ezagutu genuen bigarren abestia. Hein batean, belaunaldi berriek ametsei uko egin behar izan diela iradokitzen duen kantua, baina harago joan da Julen Rivas: «Gure belaunaldiak ez, belaunaldi guztiek egin behar izan diete uko bere ametsei. Haurrak 4 urte dituztenetik txinera, ingelesa eta halakoak ikastera behartzen ditugu, azkenaldian finantza-hezkuntza ere jasotzen dute. Txiki-txikitatik zure lanpostura orientatzen zaituzte. Ba al dakigu barruan dugun animalia hori nor den? Hainbeste aldiz sartu gaituzte kaiola txikitan, hau bai eta hau ez esanaz… Alde batetik ulertzekoa da, hezkuntza-sistema bere ere horretara jarrita dagoelako. Baina zein da gure grina, zerk motibatzen gaitu edota zer da gustatzen zaigun hori? Askotan ahaztu egiten dugu edota zuzenean ez dugu ezagutzen, bidea markatu izan digutelako. Hausnarketa bat da, zoriontsu garelako, baina batzuetan barruko amorru horrek gogoetara eramaten gaitu eta horrelako hitzak sortzen dira gure abestientzat».

Gaztañaga lagun, atzetik lan handia duen diskoa
Ekoizpen marduleko diskoa da, soinuekin asko jolastu dute geruza asko sartu dituzte diskoan. Hirukoa izanik, zuzenean defendatzeko asko eskatzen duen lana da ‘La Guerra de la Independencia vol.1’. Horren inguruan honakoa adierazi digu Julen Rivasek: «Ardura puntua sortzen du eta diskoaren altueran zuzenekoa defendatzea beti izan da oso zaila. Baina hori guretzako zein Coldplayentzat da zaila. Geroz eta talde handiagoa izan, orduan eta ekoizpen mardulagoak dituztelako eta hori oholtzan defendatu beharra dago. Guk zuzenean daukagun ryderra ez da hirukote batena. Imanol bi anplifikadore eramaten ditu, Koldok beste bi daramatza eta hirukotearena baino pisu gehiago eramaten dugu. Baina horretarako entseatzen dugu, bestela diskoa grabatu eta zuzenean kontzertuetara joango ginateke. Baina lokalean behin diskoa grabatu eta gero hori defendatzeko lan egiten dugu».

Kantuak dinamikoak dira, batzuetan arinagoak diren melodiak daude eta beste batzuetan pisu handiko notek hartzen dute tokia. «Eman eta kendu ibiltzen gara, kantuek nolabaiteko grafiko baten forma izan dezatela uhinak ikusterakoan eta ez daitezela izan planoak, horretan ahalegintzen gara, nahiz eta gero ez dakigun lortzen ote dugun», azaldu digu Rivas anaietan gazteenak.

Jolas horren parte da baita ere ‘Gorrotoa’ abestia, goxotasunetik landu baitute gorrotoaren gaia. «Askotan entzun izan dugun gorroto-delituaren inguruan dago idatzita abestia. Nork gorrotatzen du nor gehiago? Politikariak rap-abeslaria edota rap-abeslariak politikariak? Altsasuko gazteek Guardia Zibila edota Guardia Zibilak Altsasuko gazteak? Zein da gorrotoaren noranzkoa? Hori salatu nahi genuen eta nahikoa kantu emotiboa ere badela esan dezakegu. Gure ingurukoek entzun dutenean asko aipatu diguten kantua izan da eta ziur samar single moduan ere zabalduko dugula», aurreratu digu Julen Rivasek.

Taldeak eboluzio naturala izan duela esan digu Julen Rivasek: «Topiko bat da helduagoa dela esatea, baina egia ere bada. Adinean aurrera goaz eta disko bakoitzean tarte horretan entzun izan dugunaren eragina egongo da ziur. Ni, esaterako, urtero hiruzpalau diskorekin obsesionatzen den horietako naiz eta Imanol ere antzera ibiltzen dela esango nuke. Konposatzeko modua desberdina izan da oraingoan, ardurak hobeto banatu ditugulako eta zentzu batzuetan ez gara hain berde sartu estudioan. Melodiak gehiago landu ditugu eta ez hainbeste atala instrumentala. Lehen egitura oso konplikatuak egiten genituen, instrumentu bakoitzaren atala oso ongi landuz eta gero hitzak jarriz. Oraingoan ez da hitzetatik abiatu, baina oinarrizko egitura egin ostean melodietan zentratu gara».

Kontzertuei ekiteko gogoz
‘Propano’ kantuaren aitzakian ea propanoa bezain leherkorrak ote diren galdetu diogu Julen Rivasi: «Lehen bai, baina dagoeneko baretu gara, lasaitu gara. Nik 31 urte ditut, anaiak 32 eta hiru seme-alaba izango ditut hemendik gutxira, hirugarrena bidean delako. Hortaz, lasai-lasai nabil nire bizitzan eta nire musika ibilbidean ere islatu da. Hori bai, nahiago propanoa izotza baino. Sua maite dugu, zuzenean azkenean hori behar dugulako. Trilogia honetan abesti zuzenak egin ditugu, lelo itsaskorrekin eta zuzenekoetan bata bestearen atzetik ia geldialdirik gabe aurkeztea gustatzen zaigu, intentsitate handiko emanaldiak osatzeko».

Kontzertu batzuk badituzte bidean, baina diskoa kaleratzearekin data gehiago espero dituzte: «Azpeitian eta Donostian badugu kontzerturen bat, dozena-erdi edo guztira, denak Gipuzkoan. Baina diskoaren irteerarekin ikusi beharko dugu ea gehiago zabaltzen den, ordutegi eta mugikortasun mugen arabera. Dena dela, ni nahikoa desastrea naiz gai hauetarako eta gure sareetan argituko dugu berandu baino lehen hau guztia». Diskoa eskuratzeko modua beren webgunean jarriko dute, baina berritze lanetan ari dira eta denda sortzen ari dira horretarako: «Saltzeko aurreikuspen askorik ez daukagu hala ere, egun doan dagoelako mundu guztiaren eskura. Nik diskoak erosten ditut, baina gero autoan ere ez daukat diskoa sartzeko tokirik eta Tidalen entzuten dut, Spotifyk baino kalitate hobean eskaintzen duelako musika kantu originaletik. Kontzertuetan saltzen ditugu disko gehien, jendeak pare bat garagardo edan eta emozioarekin erosten duelako. Baina tira, hala ere distribuzio kontratua sinatzen duten horiek baino errazago daukagu diskoak moduz saltzeko eta jendearen eskurago jartzeko. Azkenean hemendik ez dugu dirurik egingo, zuzenekoak dira gure gozamenerako bidea eta horietan ere ordaintzen badigute, primeran. Badakizu, musikaria da kontzertu batean kobratzen azkena».

‘Salba nazazu’ izan zen lehen aurrerapen kantua eta horrek ixten du diskoa, eta guk ere horrela eman genion bukaera hitz-aspertuari. Beste batzuk esan zuten moduan, musikak salbatuko gaitu.