Zuzenean

Garazi Lasa Almandoz

Gernika, 1937ko apirilaren 26a (Testigantzak)

84 urte dira hegazkin alemaniar eta italiar faxistek Gernika bonbardatu zutenetik. Hiria ia osorik suntsitu zuten. Bertatik bertara bizi izan zuten testigantzek gaurdaino dakarte orduko sufrimendua. 

Audio_placeholder

Gernika, 1937ko apirilaren 26a (Testigantzak)

Loading player...
Gernika, bonbardaketaren ostean (Bundesarchive / Wikipedia)
Gernika, bonbardaketaren ostean (Bundesarchive / Wikipedia)

Ahotsak.eus ekimenak Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzea du xede, bere bilketa lan horretan Gernikako bonbardaketa bertatik bertara bizi izan zutenen hamaika testigantza jaso dituzte, 1937ko apirilaren 26 hartan jazotakoaren lehen eskuko bizipenak gordez. 

Arratsaldean entzun ziren lehen hegazkin eta kanpai hotsak. Siestan, lanean, pasioan... ziren herritarrak. Maria Dolores Nekane lagunarekin zegoen lehen leherketak entzun zituenean. Mateo Malaetxebarriak etxean behia erditzen ari zela ikusi zituen lehen hegazkinak, Burgo mendian zegoen Jesus Kortabitarte. 

Euren testigantzek orduan bertan jasotakoak dirudite, ondo gogoan baitute denek ere non ezkutatu ziren hiru orduko bonbardaketaz ihes egin nahiean. Udaletxe azpiko babeslekuan izan zen Serafin Ruiz, zuhaitz baten atzean ezkutatu zen Juanita Idigoras, babesleku bila egin zuen korrika Presen Alberdik. 

Suak eta txikizioak Gernika ia osorik eraman zuen. Gutxi, oso gutxi, izan ziren bonbardaketa ostean etxe baten jabe izaten jarraitu zutenak. Kruzita Etxabek eta Jesus Kortabitartek gogoan dute nola geratu ziren, «giltza poltsikoan, zerua goien eta lurra beheien». Hobe etxe gabe, barruan harrapatzea baino, Rosarito Gabiola: «etxetik irten ginen bonbak hasi zirenean, lehenengoa jausi zen gure etxera». 

Euren begiekin ikusi zuten askok heriotza, aurrez aurre, Juanita Bergarak bere lehengusinaz agurtzean ikusi zuen, «justu-justu bonba jausi zen, umea hil egin zen eta bera hankan zauritu zuen». Jesus Mari Agirre-Amalloak amona galdu zuen egun hartan, bizirik erre zen. 

Jaurlaritza Logoa