Zuzenean
Iñaki Palaciosen izena disko baten azalean ikusten dugun aldiro, badakigu zerbait berria aurkituko dugula. Txistulari gasteiztarrak diziplina eta korronte desberdinak uztartu ohi ditu bere lanetan: Mulixka dantza taldea lagun sortu zituen 'Lurra, ardoa, dantza' 2017an, eta 'Harria' 2019an; azken proiektu horretan, Iñaki Perurenak ere parte hartu zuen. Orain, hirugarren lana kaleratu du musikariak 2021. urtearen hasieran: Baltik'. The Gael’s bandaren laguntzaz, Irlandarekiko zor musikalak kitatu omen ditu Palaciosek.
Beste askori bezala, 2020ak trabak jarri dizkio Iñaki Palaciosen ohiko lan-prozesuari. Hala ere, bandak bera ondo ezagutzeak erraztu egin du garai pandemikoetara moldatzea, eta telelan bidez ere lan ederra plazaratu du txistulariak, The Gael’s-ekin batera. Hain zuzen, Javi Garai, Errando Lopez de Luzuriaga, Eneko Espino, Xabi Martinez Otxagabia eta Iñaki Alarcia musikariek osatu dute banda.
Post aurrizkia punk-ari lotuta entzun ohi dugun arren, folk-a egiten dutenek ere pauso bat harago eraman dute generoa. Tradizioarekin lotzen dugu folka normalean, baina Iñaki Palaciosek aldarrikatu duenez, haize berriak dakartza 'Baltik'-ek.