Zuzenean
Eslovakian dago Maitena Izagirre medikuntzako seigarren urtea egiten. Bertan, bai kutsatuen eta bai hildakoen zifrak oso baxuak dira, baina ahala eta guztiz ere hasieratik neurri zorrotzak hartzearen aldeko apustua egin du bertako gobernuak, positibo gutxirekin itxi zituzten mugak.
Izagirrek esan du hasieratik «oso ondo» egin dutela lehen kasuak eduki bezain laster mugak itxiz. «Hasiera batetik kontrol asko egon da. Hemengo jendea oso kontzientziatua dago eta egon da hasieratik, Italia eta Espainia bezalako herrialdeetan gertatzen ari dena ikusita» azaldu du. Gainera, nabarmendu du «herritarrak maskarilekin» ateratzen zirela kalera, gobernuak neurririk hartu aurretik.
Bestetik, bertako egoera kontuan izanda, tolosarrak esan du «konfinazio oso arin» batean daudela. «Etxetik ateratzeko arazorik ez dugu. Behartzen gaituzten gauza bakarra da goizeko 9:00etatik 12:00etara, soilik 65 urtetik gorakoak joan daitezkeela supermerkatura, gazteekin kontaktua ez izateko». Izagirrek kontatu du baita ere, «beti eskularruak» erabili behar dituztela supermerkatuetan eta «ordutegiak murriztu» egin dituztela.
Osasun arloan publikoa da Eslovakiako osasun sistema. «Ez daude kasu asko, beraz, laguntza handirik ez da behar izan» gaineratu du. Izagirrek esan du baita ere «material falta» dagoela, baina betidanik. «Eslovakia ez da herri oso aberatsa. Gainera, hemen beste gaixotasun batzuk daude oraindik ere, tuberkulosia esaterako, beraz momentuz badituzte gauza nahiko larriak» nabarmendu du. Tolosarrak gehitu nahi izan du, bere ustez, baliabide falta «herritarron ardura» ere badela. «Bakoitzak behar duen erosiko balu, denontzako egongo litzateke» nabarmendu du Izagirrek.
Ikasketei dagokionez, tolosarrak ez daki ikasturtea amaitzeko aukera izango duten. «Aprobatu orokorra ez da emango. Gure kasuan, azken urteetan klase praktiko asko egin behar ditugu, beraz guretzako zaila da etxetik fundamentuz aritzea. Behintzat, egun dugun teknologiarekin zerbait egin dezakegu» azaldu du.
Aurrera begira, Izagirrek azaldu du hasieratik jakinarazi zuela gobernuak maiatzaren 15era arte ez zutela bizitza normala egiteko aukerarik izango. «Hasieratik jakin dugu hau luzerako doala eta ez dugu uste maiatzaren 15a ere nahikoa izango denik» esan du. Kontatu digu baita ere, Espainiako gobernuak «autobus bat» antolatu zuela Eslovakian dauden ikasleak Bartzelonara joan ahal izateko, eta agian beste bat jarriko dutela.