Zuzenean

Ion GARATE

«Finlandiarrek segurtasun distantzia eguneroko bizitzan ere mantentzen dutela diote»

Herrialdez herrialde goaz toki ezberdinetako egoerak aztertzeko asmotan eta aste honetan Europa iparraldera joan gara, Finlandiara hain zuzen ere. Naiz irratian izan da Helsinkitik Martin Larrañaga eta esan digu, barre artean, askok diotela finlandiarrek segurtasun distantzia eguneroko bizitzan ere mantentzen dutela.

Audio_placeholder

«Finlandiarrek segurtasun distantzia eguneroko bizitzan ere mantentzen dutela diote»

Loading player...
Martin Larrañaga Finlandian
Martin Larrañaga Finlandian

Finlandiaren egoera ezagutu dugu oraingoan bertan dagoen azkoitiar baten eskutik. Martin Larrañaga izan da gurean Helsinkitik, Finlandiako hiriburutik. Aurreko urtean bertan ikasten egon ondoren, ikerketa lanetan ari da orain.

Larrañagak azaldu digu egoera «oso lasaia» dela bertan. «Lana etxetik ari gara egiten, baina bestela, kalean, ia bizitza normala egin daiteke. Tabernak eta jatetxeak itxita daude, baina, kalera ateratzeko arazorik ez dago. Mugatu duten gauza bakarra: toki berean 10 pertsona baina gehiago ez elkartzea» dio azkoitiarrak.

Gaineratu du, kanpoan zer eragin izan duen ikusita, erabakiak hartzen lehenago hasi zirela han. Adibidez: «Nik Italiara joan behar izan nuen otsailean lan bidai bat egitera, hain justu Italian kasuak gora eta gora hasi zirenean. Itzuli bezain pronto, prebentzio neurri gisa, enpresak gure solairua desinfektatu eta joan ginen bi langileei bi asterako etxera bidaltzeko erabakia hartu zuen» dio Larrañagak.

Nabarmendu du herrialde bakoitzko kultura «faktore garrantzitsua» dela eta Finlandiako kasuan «onerako» izan dela hori. «Finlandarrek segurtasun distantzia eguneroko bizitzan mantentzen dutela diote batzuek txiste moduan» dio Larrañagak. 

Osasun arloari dagokionez, ospitaleetan ez dutela arazo handirik eduki  dio azkoitiarrak, eta ez dutela goia jo. Azaldu du apirilaren 6an izan zela kutsatuen gailurra eta «tendentzia beranzkoa» dela orain. Hala ere, beste herrialde batzuetan gertatu bezala, jaso dituzten maskarila edo osasun material batzuk ez dutela testa pasa ohartarazi du, beraz «horietako asko itzuli» egin behar izan zituztela.

Larrañagak kontatu digu bere beldur handiena, finlandiako datuak baino, «Euskal Herriko egoera» dela. Batez ere, zaharren egoitzetan dauden egoerak tristetzen duela gehien. «Helsinkin esaterako, 77 hildako egon dira, Finlandia osoan egon diren heriotzen erdia. Horietatik 50 zaharren egoitzetan izan dira» azaldu du azkoitiarrak.

Aurrera begira, Larrañagak kontatu digu Finlandiako gobernuak hasieratik argi utzi duela «maiatza erdira edo bukaerara arte dena itxita» egongo dela. «Hala ere, gaur bertan ministroak bilduta daude gauzak irekitze aldera neurriak hartzen hasteko» dio azkoitiarrak.

 

 

Jaurlaritza Logoa