PlayStation-en berrienak: Metal Gear, Spider-Man eta Assassin’s Creed Mirage
Ordubeteko iraupena izan zuen aurkezpen batean PlayStation bideojoko etxeak. Aurkezpen hau, Sonyk egindako urteko ekitaldirik handiena da, eta konpainiaren ibilbide-orria aurkezten du jaurtiketei eta kontsolen edukiari dagokienez. Bestetik, analisiaren tartean ‘Tears of the Kingdom’ aztertu dugu.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Agindu bezala, Sony Interactive Entertainment-eko arduradunek PlayStation markaren etorkizunera begira jarri dira Showcase aurkezpen handiarekin. Ordubeteko iraupenarekin PlayStation Studios taldeko bideojokoak, kanpoko garatzaileen titulua zein sortzaile independenteen lanak elkartu dituzte zuzeneko berezian: horien artean egon dira Metal Gear Solid Δ: Snake Eater, Marvel’s Spider-Man 2 nahiz Alan Wake 2.
Dozenaka bideojoko erakutsi dituzte, eta asko benetan interesgarriak izan dira; zehazki, gure begirada indie obretan jarri dugu. Egia esan, The Plucky Squire, Sword of the Sea edo The Talos Principle 2 bezalako jokoek ikaragarri erakarri gaituzte.
Hala eta guztiz ere, PlayStationekoen 2023ko aurkezpen handia izateko pixkat hotz geratu garela ere esan behar dugu. Bideojoko handiak bai, baita PS Studiosen presentzia ere, baina ez nahi genuen modura: online zerbitzu jokoetan ardaztuta, aniztasuna eta mamia falta zela iruditu zaigu. Horri buruz ibili gara eztaibaidan, ohi bezala.
Bestelako albisteentzako tartea ere egon da Game Erauntsia irratsaioaren hirugarren denboraldiko 32. atalean. Total War estrategia frankizia ezagunak obra berria jasoko du laster: Pharaoh izenarekin, mekanika berri interesgarriak dakartza, baina ez da agian zaleek espero zutena.
Klikazank txapelketaren finalari buruz ere aritu gara, gainera. Bilboko Rocket League jokalaririk onena bilatzea helburu zuen lehiaketa bukatu da hirugarrenez, eta partaideek ikaragarrizko maila erakutsi dute Euskararen Etxean jokatutako norgehiagoketan.
Analisia baino, oraingo saioan aurreanalisia egitea erabaki dugu. The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom gure artean da jadanik; nahiz eta ordu luzez jokatu dugun, oraindik eskaintzeko duena osotasunean ikusteko asko geratzen zaigu.
Dena dela, Link heroiaren abentura berriko lehen pausoak deskribatzeari ekin diogu, bidean gure iritziak emanez. Esku magikoak eskaintzen dizkigun botere zoragarriak —denetarik sortzeko aukera daukagu jokoan: ibilgailuak zein arma hilgarriak barne— nahiz Hyrule erresuma eraberritua aztertu ditugu, besteak beste.